Iritsi da Hego Euskal Herriko elitearen lehen argazki bat

Iritsi da Hego Euskal Herriko elitearen lehen argazki bat –

Atzo aurkeztu genuen Donostian “Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa” liburua. Hego Euskal Herriko eliteen eta unibertsitateen arteko harremana aztertzen du Jon Diaz Egurbide EHUko irakasleak zuzendu eta Ipar Hegoa eta Manu Robles-Arangiz fundazioek elkarlanean argitaratu dugun liburuak. Ikerketa egiteko ‘Elitist Britain 2019‘ ikerketaren metodologian oinarritu da EHUko ikerlari taldea eta, administrazio publikoek jarri dituzten zailtasunak zailtasun, elitearen goi mailako 5.500 lanpostuak betetzen dituzten 3.953 pertsonetatik, 2.806ren curriculumak lortu dituzte. Bereziki zaila izan zaie Osakidetzako goi karguen datuak biltzea: soilik karguen %49,5arena eskuratu dituzte.

Iritsi da Hego Euskal Herriko elitearen lehen argazki bat

Izenik ez jartzea erabaki den arren, nahi adina datu mamitsu aurkituko dituzue liburuan Hego Euskal Herriko eliteari buruz. Esaterako, EAEn 100.000 euro baino gehiagoko errenta jasotzen duen biztanleria ez da %1era iristen eta 60.000 euro baino gehiago jasotzen duena %4koa da. Asko? Gutxi?

Niri azpimarragarriena hau iruditu zait: Deuston ikasten duen unibertsitate-ikasle kopurua %13ra iristen ez den arren, Eusko Jaurlaritzaren goi kargu eta enpresa publikoetako buruen %43 inguruk ikasi duela bertan. Enpresa pribatuetako buruetan datu hori mantentzen da.

Deigarria egin zait ere Nafarroako unibertsitateko ikasleen %54ak Universidad de Navarran ikastea. Nafarroako parlamentuan eta Foru Gobernuko goi karguetan ehuneko hori bera errepikatzen da, baina Osasunbidean kopuru hori %70ra igotzen da.

Argi ikusten da goi mailako lanpostuetan unibertsitate pribatuan ikasi duten pertsonen kopurua unibertsitate publikoan ikasi dutenena baino handiagoa dela. Hego Euskal Herriko eliteak unibertsitate pribatua erabiltzen du bere boterea erreproduzitzeko. Demokraziaren ikuspegitik oso kezkagarria da hori, Jule Goikoetxeak maiz aipatzen duen demokraziaren pribatizazioaren erakusgarri baita, eta azterketak erakusten duen azken urteotako joerak ez gaitu, ere, asko lasaituko: azken zortzi urteotan, EAEn, unibertsitate publikoak ikasleen %7a galdu baitu unibertsitate pribatuaren mesedetan.

Datu ugariez gain, liburuak badu bigarren zati “literarioago” bat: EHUko irakasle doktore eta katedradun desberdinek (Paulo Iztueta, Ane Larrinaga, Iñaki Antiguedad, Joseba Agirreazkuenaga, Josu Amezaga, Iñaki Zabaleta, Gurutze Ezkurdia, Angel Bidaurrazaga…) Euskal Herriko Unibertsitatea, Osakidetza, Osasunbidea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Foru Gobernua, Foru Aldundiak, lau hiriburuetako udalak, enpresa publiko guztiak, Euskal Kulturgintza, goi mailako kirola eta arte mundua aztertu dituzte.

Liburua hemen duzue eskuragarri. Goza ezazue!

Iritsi da Hego Euskal Herriko elitearen lehen argazki bat

9 pentsamendu “Iritsi da Hego Euskal Herriko elitearen lehen argazki bat”-ri buruz

  • maiatzeko euria baino hobeto dator, jakin ahal izateko,
    Unibertsatearen partetik zeintzuk osatzen duten, zehaZki, Euskal Herriaren gaineko KOLONIZAZIOA (barne kolonizazioa) gidatzen dutenen ELITEA.

    ZORIONAK!!!

  • Amonamantangorri 2021-11-05 14:32

    Oso interesgarria. Bejondeizuela.

    “Hego Euskal Herriko elitearen LEHEN argazki bat” dela diozue, pentsatzen dut Hego Euskal Herri OSOKO eliteez diharduen lehen lana delako.

    Ricardo Feliu soziologoak, zehazki, Nafarroa Garaiko eliteei buruz egin zuen bere doktorego-tesia. Paperetan dezente atera zen argitaratu zuenean.

    Elkarrizketa:
    https://www.pamplonaactual.com/articulo/entrevistas/ricardo-feliu-la-diputacion-foral-es-como-el-vaticano-agora-de-las-elites-del-poder-navarro/20131117070029148586.html

    • Halaxe da, bai. Ricardo Feliuk lan bikaina egin zuen; Iván Giménezek ere “Corralito foral” antologikoa. Lan honek mendebaldea gehitu du ikerketara. Abiapuntua baizik ez da. Ea segida duen.
      Ongi izan!

  • Ba al da jakiterik % zenbat elite-kide den PNV eta zenbat PSOE? Hobe oraindik sailez-sail: Antropologia/Historia/Filologia/Arkeologia (azken biak, behintzat, Iruña-Veleia suntsitu dutenak, alegia)

    Datu hori ere ageri da Liburuan? Beno, irakurrieren dut, dena dela.

  • Amonamantangorri 2021-11-05 16:32

    Badaezpada, inork sinesten badu ere:

    Iruña-Veleia ez du inork “suntsitu”. Aztarnategi arkeologiko oparoa izaten segitzen du, milaka urtetako estratoekin.

    Ale ba, Josu, orain hartzazu arratsaldeko pastilla eta La2eko dokumentalarekin kuluxka egin.

  • Barka, baina ez daukat telebistarik,
    eta pilularik ere ez arratsaldean

  • josu naberan 2021-11-05 18:54

    amona itxoiten nago,
    arratsean zer egingo?
    manta gorrian bilduta geratu?
    pro-Iruña-Veleia panfletoak
    airera haizatzera kaleratu?

  • Eta unibertsitaterako ibilbidea non egiten duten axola al du? Edo unibertsitatez azpiko mailetan dagoen banaketa sozial eta estratifikazioaren aurrena ez ikusiarena egiten jarraituko dugu?

    • Britainia Handian “The Sutton Trust” erakundeak egin zituen “Elitist Britain 2014″ eta Elitits Britain 2019” ikerketetan erabilitako metodologia erabili da Hego Euskal Herriko ikerketa egiteko. Han unibertsitate aurreko ikasketak non egin zituzten ere ikertu zen. Hemen ere hala egiten saiatu dira, baina ez dituzte bigarren hezkuntzako daturik aurkitu, goi-lanpostuetako curriculum-etan ez baitira azaltzen. Jakina, unibertsitate ibilbidea desberdintasun sozialen sintoma da, ez arrazoia. Desberdintasun hori jaiotzatik ematen da. Hain zuzen ere, The Sutton Trust-ek hori salatzen du, Britainia Handian ez dagoela mugikortasun sozialik. Gaur egun jaiotzen den ume batek hezkuntzan eta bizitzan izango dituen aukerak oso lotuak daude bere gurasoen jatorri sozioekonomikoari, eta horrekin amaitzeko borrokatzen du ikerketa honetarako eredutzat hartu den erakunde britainiarrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude