Iraun, baina ez jasan

 

http://alteretaego.wordpress.com

 

Alter dixit.


Horregatik, bizitza berri batek hasiera on bat merezi duelako, Casablanca atera dut pelikula dorrearen azpialdetik eta DVD-an sartu. Dozena erdi Keler ditut, atzorik, hozkailuan eta Marlboro pakete bi mahai gainean. Telepizza iristear egongo denez, ostiraletako deskontuarekin, jaka eta atorra sofa gainean utzi eta etxeko jantzi naiz.

Neure buruari mota honetako plazera zor nion, jatorrizko bertsioan gainera. Benetan izan da gogorra astea. Hiru eguneko auditoria bat ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Gainera, aurretiaz buruan zerbait bueltaka darabilzunean, egunerokotasuneko erabakirik deusezenak hartzeak ere halako astuntasun bat uzten dizu.

Ez naizelako ni erabakiak beroan hartzen dituen horietakoa. Behin entzun nion Jean Haritschelhar handiari lainoki behar dela borrokatu: jasan, baina iraun. Iraultzak nola egin behar diren azaldu nahian hasiko banintz, ezingo nuke hobeto azaldu.

Astakeria asko egin izan dira iraultzen aitzakian. Baina batzuetan ez da iraultza bilatzen duguna, katarsia baizik, purifikazioa. Eta holakoetan bai, helburuak bitartekoak zuritzen ditu. Edo, are gehiago, ezinbesteko egiten ditu.

Gaur eguneko soldatekin kotxea, alokairua, ordainagiriak, grina txarrak… bizitza, oro har, larrutik ordaintzen dugu. Ez da erraza, ez da duina. Arratsaldeko azkenengo mezua bidali ostean, niretzako unea iritsi dela begitandu zait. Asteburuan txostena prestatu behar dut baina, jada, horrek ez dit loa kentzen. Lanik gabe geratu naiz baina bihar, aspaldiko partez, burua tente dudala jaikiko naiz.

Argitu da eguna. Gosaldu, sofa gainetik ordenagailua eta jaka hartu eta, aurretik dudan ordu t´erdiko bidea leuntzeko, Leonard Cohen hartu dut kotxerako bidelagun. Bake izugarria ematen dit tipo honek. Chelsea Hotel kantuko lehen akordeak entzute hutsarekin, Janis Joplin bera daukadala nire aurrean belaunikatuta iruditzen zait. Gaurtik aurrera ezer ez da berdin izango.

Aurkezpen xume batzuen ondoren, auditoriaren hirugarren eguneko agenda errepasatze hutsak nekatu egin nau. Egun osoa batetik bestera erabiliko nautela badakit, baina ez dio ardurarik. Inoiz baino gusturago egingo dut. Egitear zaudena bihotzetik egiten duzunean, zinez, bost axola du gainontzekoak. Eta hartzen dituzun erabakiak barruak hala eskatuta hartzen dituzunean ere, gehienetan, etortzear dauden ondorioak gustura hartzekoak dira.

Lanak bukatutakoan, ordenagailuaren tapa itzali baino lehenago bidalitako e-mailak, azkenean, tarte baterako ase utzi nau arrats bero honetan. Asteburu osoa dut aurretik, eta bizitza berri bat gero.

Ego dixi.