Irakasle kontratatuen zerrendak kudeatzeko formularik onena

Irakasle kontratatuen zerrendak kudeatzeko formularik onena –

Irakasle kontratatuen zerrendak kudeatzeko formularik onenaGaur egun indarrean dugun irakasleak kontratatzeko araudia, azken urteetan Hezkuntza Departamentuan hartu diren erabaki politiko anitzen ondoriozkoa da. Irakasle interinoen lan baldintzak hobetzean, aurten aurrera egin bada ere (bost hilabete eta erdi lan eginda udako hilabeteetara kontratua luzatzea eta antzinatasun gradua onartzea) ezin dugu ahaztu, 2008tik Nafarroan pairatzen dugun irakasle kontratatuen zerrenden kudeaketarako araudien bidegabekeria. Garai hartan sindikatu guztiok greba egin genuen STEILASen deitzen dugun gestio toxikoaren aurka. Hamar urte pasa dira eta STEILASek helburu bera lortzeko borrokan jarraitzen du: araudi eraginkorra, Nafarroako Hezkuntza Sistemak behar duena, eta bidezkoa irakasleendako.

Gaur egungo zerrenda zaharkituak gainditze aldera gure ekimen-ardatzak bi abiapuntu ditu: zerrenda bateratua eta oposizioa eta kontratazio zerrendak bereiztea.

Zerrenda bateratuak pertsona guztiak urtean behin ordenatzen ditu, hizkuntza, profila eta espezialitate guztiak kontuan hartuz eta ez du iruzurrezko zerrendarik sortzen kontrataziorako izangaien kopurua biderkatuz beren hizkuntza eta espezialitateen arabera. Sistema argiagoa da irakasleentzat eta kudeatzeko errazagoa Departamenduarendako.

Zerrendak oposizioari lotuta egoteak irakasleak azterketetan aurkeztera derrigortzen ditu estres maila handiz titulu ofizialek akreditatu dizkieten hizkuntza eta espezialitate guztietan; oposaketen notak kontratazio zerrendetako lekua lehenesten duenez, oposizioa dagoen urtean, lana uztera bultzatzen du kontratua duen jendea eta lan hori ez hartzera lanik gabe dagoena, ikastetxeak irakaslerik gabe geldituz ikasturtea aurrera doan heinean; egoera honen momentu larriena ekaina aldera gertatzen da hainbat irakasle funtzionariok ere ikastetxea utzi behar dutenean oposaketetako epai-mahaiak osatzeko (mahai ugari dira derrigorrezkoa baita parte hartzea, zerrendetan lan egiteko aukeran egoteko). Honenbestez, STEILASen oposizioa lanpostu finkoa ateratzeko tresna ikusten dugu, eta inolaz ere ezinbesteko eskakizuna lan egiteko kontratu baten bidez.

Gainera, zerrenda kudeaketa eraginkorra izateko beste bi pausu eman behar dira: zerrenda irekia urte osoan (pertsona berriak sartu ahal izateko modu arinean) eta urteroko berbaremazioa (irakasleen formakuntza balioetsiz).

Ezinbestekoa da lehenbailehen irakasle kontratatuei presioa eta prekarietatea eragiten dien zerrenda kudeaketa hau bertan behera uztea eta pertsonak aurrean jartzea behingoz. Modu honetan, beraiek aukeratu ahalko dute zein profil, hizkuntza, espezialitate edota jardunaldi erabili eta eskatu nahi duten ikasturte berrirako, eta oposiziora aurkeztu nahi eta ahal duten ala ez. Aldaketa hauekin soilik lortuko dugu kontziliazioa erraztea eta langileen aukerak errespetatzea. Bizitza erdigunean jartzea, alegia.

Irakasle kontratatuen zerrendak kudeatzeko formularik onena