Irakaskuntza eta pandemia

Irakaskuntza eta pandemia –

Juanjo Olasagarrek Deia egunkarian.

Irakaskuntza eta pandemiaEusko Jaurlaritza gidatzen duen partiduari asko gustatzen zaio publiko-pribatu binomioa, beste izenez, zerbitzuen kanporatzea deitzen den hori. Eredu hori pandemiarekin nabarmen gaizki gelditu da, zahar etxeen kudeaketari dagokionean, esaterako, eta ez dezagun ahaztu, zabortegienean. Gipuzkoako zahar etxeen grebaren harira Markel Olanoren hitzak gogoratzea egokia dela uste dut: “langileen eskariak onartuz gero, sistema ito egingo litzateke”. To, zortzietako txaloak!

Hezkuntzan, aldiz, binomioa oharkabeagoan pasatzen da. Ulertezina suertatzen zait gobernu publiko batek (duela gutxi arte erredundantea zen gobernuak publikoak zirela gogoraraztea, ez orain, ordea) irakaskuntza ez-presentziala kudeatzeko Google eta bere tresnak aukeratu izana; (gogoratzearren: erabiliaren erabiliz ia transparente bihurtu baina etengabe gu denon datuak jaso eta jaso ari den enpresa pribatua da Google, eta Eusko Jaurlaritza gidatzen duen partiduak ideologiarik ez duela uste du).

Meet, Classroom, Hangouts dira Bigarren Hezkuntzako irakasleek bere ikasleekin elkartzeko eta klasea emateko erabiltzen ari diren plataformak, Googlerenak denak. Ez zegoen software librerik? Ez da gauza izan Eusko Jaurlaritza lidergoa eta berrikuntza hitz potoloak akuilu irakaskuntzarako software librerik bultzatzeko? Irakaskuntza prozesuaren informazioa jasoa gelditzen da, klaseak, hartu-emanak, emailak eta abar, eta Hezkuntza Departamendua lasai dago irakasleak beren lana betetzen dutela ikusirik bere mesfidantza kontrolatua duelako.

Plataforma hori erabiltzen ez den tokietan, Hizkuntza Eskola eta Helduen Irakaskuntza, egiten den ororen kontrol zehatza eskatzen du departamenduak, klasean egiten diren ariketa guztien inventariuma bidali behar da inspektoreengana. Eta horrek, jakina, astolana handitu egiten du, klaseak prestatu eta emateaz gainera, administrazioari egindakoaren berri ematen iragan behar ditu orduak irakasleak.

Zein konfiantza gutxi duten beren langileengan, alegia, gugan. Eta zein gutxi entzuten dituzten irakaskuntzaren prozesuan parte hartzen dutenak! Orain elkarlana da Iñigo Urkulluren Pedro Sanchezekiko hitz mantra. Ba horixe elkarlana!

Irakaskuntza eta pandemia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.