Ipurdixa bistan

Ez du atertu handik hona, baina ez zait sekula kenduko burutik, Concha García Campoy eta Angeles Caso aurkezle zitueneko Telediario hura. Espainiako telebistaren kate publikoan, prefosta.

Bi emakume hauek halako berritasun bat ekarri zioten informazioa kontatzeko moduari, nolabaiteko progresismo baten itxura bai, behintzat. Eta itxura diot, orduan ireki baitzitzaizkidan begiak informazioa era maltzurrean erabiltzeari dagokionean. Lehenagotik ere ohartua egongo nintzen, seguru, baina halako progresistek ez zutela gaiztakeriarik egiten ahal pentsatzeko moduko inozoa nintzen garai hartan.

Ipurdixa bistan

Txomin Iturbe milagarrenez zigortu zuten Frantzian , egon behar zuen desterrua utzi eta beste norabait mugitu zelako,  eta Angeles Casok egin zuen kontakizuna audientzia handieneko Telediarioan: Chomin Iturbe Abasolo ha sido condenado a “sólo” tres meses de cárcel

Komatxoak neureak dira, “sólo” hori izan baitzen ene arreta nagusiki bereganatu zuena. Pentsatu nuen, “sólo” norentzat izango da, Angeles Casorentzat? Txomin Iturbe eta haren hurbilekoentzat ere “sólo” izango ote da?

Bai, badakit gertaera arin bat baino ez dela, harrez gero ehunka ikusi izan ditugula halakoak eta handiagoak informazioa maltzurki manipulatzeari dagokionean, baina, zer nahi duzu esatea, irakurle, niretzat kazetal-birjintansuna galtzearen antzeko zerbait izan zen hura eta harrez gero begiak erne eta belarriak xut izan ditut beti informazioak jasotzerakoan.

Besteak beste, pentsatu nuen, zein desberdina den Angeles Caso hau, nolakoa ote da, zein ote da bere pentsatzeko era, etc. etc.

Orain , ostera, Sarrionandiari buruz Radio Euskadin esan ditudan kontu batzuetan oinarrituta, El Mundo egunkariko Leyre Iglesias kazetari gazte batek jarri ditu komatxoak egokien iruditu zaion lekuetan, ETB entrevista al etarra fugado Sarrionandia izeneko ertikuluan. Egia esanda, neska honen pentsamendua eta obsesioak ezagutzeko uzta ederra dago hemen bilduta, baina nik neuk nahiago dut haren komatxoei erreparatzea.

Neuk Sarriri buruz esandako batzuk hautatzeko erabili ditu, hain zuzen ere. Hara hemen hautaketa bat:

  • La televisión pública vasca anunció ayer una «emocionante» conversación grabada con Sarrionandia
  • Al tratarse de él, la cadena pública no sólo le ha preguntado por cuestiones estrictamente literarias, sino que ha añadido un quinto bloque «sociopolítico» para que el célebre fugado de ETA reflexione sobre «cómo ve el futuro» del País Vasco y «cuándo va a regresar».
  • Se comprobará que el escritor, «una persona alegre y divertida» y posee «una lógica aplastante» para el análisis, según EiTB…

EiTBk baino, neuk esnadakoak izan ziren kontu horiek guztiak, eta Sarri ezagutzen dudanez, edonoren aurrean defendatuko dut neure iritzia.

Alabaina,  gaurko sarrera ez da Sarriri buruzkoa, baizik eta Leyre Iglesiasen ezpaleko kazetariei buruz nahi nuen idatzi, batere pudorerik gabe, komatxoen bidez euren betiereko zilborkeria agerian uzten duten horiei buruz.

Eta ohartu naizenerako, esan gabetan ere, esanda geratu da.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)