Ipuinik ederrenak

Aitzineko ohar hau gogortxo egingo zaizu seguruenera, baina hobea ei da hastapenetik gauzak argi esatea: literatura zaqlea ez bazara, eta preseski ipuin-irakurlea, zoaz beste leku batean betileak kiskaltzera, hemen ez duzu eta aurkituko inolako bazkarik zuretzat.

Hara, lagun batek eta biok lan bat jarri diogu elkarri: zein euskarazko ipuin gogoratzen ditugu? Zein dira, geure ustez, irakurri ditugun ipuinik ederrenak, honegatik edo hargatik oroimenean gordeta ditugunak?

Ipuinik ederrenakGaldera inozoak dirudite, baina ez dira batere halako, batez ere egiten badira bakar-bakarrik irakurlearen begietatik eta  araugile izan daitezkeen akademia edo erakundeen lagunarte eta interesen antipodetatik. Izan ere, Saizarbitoriak esana duen moduan, gu bezain txiki izateak baditu bere onurak, tartean, esaterako, inork ez digula Porsche gorri bat oparituko antologia moduko horretan ipuin hau sartu edota  beste hura kanpo uzteagatik.

Jakina, Porschearen aipamena ez da Saizarrena, zabarregia da adibidea berarentzat. Berak Bentley bat aipatuko zukeen, seguru asko, auto marka bat aipatzera, baina edonola ere, ez dut esan gabe laga nahi oraindik  ere geure neurri miserableak damaitzan bertuteen gozamenak eta zorionak bizi gaituela. Nolabait.

Izanak izan, bi lagunok egina dugu elkarrekin lehen zerrendatxo badaezpadakoa. Paper mutur horretako lerroak ditu oraingoz abiapuntu eta oinarri gure egitekoak, baina auskalo zer geratuko den amaieran egileak alfabetikoki jarritako hurrenkera horretatik.

Bera eta ni,  poetak erakutsitako fede batean izan ginen heziak irakurketari dagokionean:  nabigatzearen alderik onena, portura iristea baino, nabigatzea bera da.  Horixe sinetsi genuen zozolo-mozolo. Fede miragarri hark esplikatzen zigun dena: bidaia bera da funtsezkoa. Horregatik futitzen gara inora iritsi gabetan ere, orain arte irakurri ditugun ipuinen oroitzapena berritzen badugu, zer hoberik gu lako letrazaurituentzat. Saria horretan berean dukegu beste ezertan baino gehiago.

Eta hala otu zait, blog hau profita dezakedala zeu ere saltsa berean sartu eta jolasa geurekin partekatzeko: Euskaraz sortutako zein ipuin geratu zaizkizu buruan iltzatuta bere edertasun edo bikaintasunagatik?

Hemengo iruzkinetan bertan, eman ditzakezu ipuinen eta egileen izenak. Aski da horrekin. Baina, gainera, liburuen izenburuak aipatu edota ipuinak zergatik hautatu dituzun kontatzen baduzu, Parnasoan irabazita ukango duzu lekutxo bat betiko. 

Hala ere, kasu!, horrek ez baitu esan nahi zuk ekarritakoa geureari gehituko diogunik derrigor, edota inolako krisirik eragiteko baimenik ematen dizugunik.

Esan bezala, gutxi edo asko, harilduta baititugu egitasmoaren azpildurak. Baina, zergatik ez, agian ahaztutako ipuinen baten akordua berrituko diguzu, edo iritziz aldarazi zerbaitetan, nork jakin.

Finean nahiko genuke geure ariketatxoan zeu ere izatea zati. Baldin eta gustu baduzu, prefosta.

Ipuinik ederrenak

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)