Iparraldearen orena?

Manuel Valls, Frantziako Barne ministroaEAEn hauteskunde giroan murgilduta geundelarik, eta Nafarroan gobernuaren usteltze prozesuak aurrera jarraitzen zuen bitartean, azken asteotan Ipar Euskal Herrian izandako gertakari politikoei ez zaie behar bezain besteko garrantzirik eman.

Bai, badakit. Jabetzen naiz esandako inozokeriaren tamainaz. Zazpi herrialdeen mapa gure identitatearen puzletzat hartzen dugu askok eta askok, baina errealitate idiliko horretara heldu bidean, kulunka dabiltzan piezak ahazten ditugu sistematikoki.

Euskal Herriaren mendebaldeko heren honetan izandako hauteskundeak historikotzat jotzen orduak eman ditugu azkenaldian. Ados. Alderdi abertzaleek legebiltzarraren bi herenak betetzen dituzte, eta, Gipuzkoan pairatutako atzerakada salbu, ezker subiranistak emaitza onak lortu ditu, Araban eta Gasteizen inoiz baino sendoago errotuz.

Epe ertainera begira, baina, ez du ematen horrek herri eraikuntzan aurrera egiteko gehiegi balioko duenik: EAJrena da giltza, eta kudeaketa serioaren mantra baliatu du hauteskunde kanpainian, estatus politiko berri baten eskaera abstrakzio kontzeptualaren esparruan utziz. Beste behin, Euskal Herria ezin ukituzko amets gisa, bazkalosteko kantuentzako baliabide folkloriko gisa. Esan beharrik ez dago, Urkullu ez da Ibarretxe, eta jeltzaleek argi utzi zuten haren plan famatuarekin zeintzuk diren estatuarekin konfrontatzeko orduan gaindituko ez dituen mugak.

Nafarroari buruz, zer esan? Bada, Barcinaren gobernuak PSNren totel politikoa baliatzen jarraituko duela, eta ez dituela hauteskundeak deituko gutxiengo egoera horrek bere balizko hauteslegoa guztiz mobilizatu arte. Jakina, hilaren 17an egingo duten Lurralde Batzordean erabaki dezakete nafar sozialistek 2013ko aurrekontuei babesik ez ematea, baina ez du ematen hori gertatzea oso posible denik. Iragarpen horretan erratzea espero dut. Bitartean, xelebrea izango da Nafarroako presidentearen moduko animalia politikoa bere burua biktimizatzen ikustea. Bestalde, bozak deituta ere, gaur gaurkoz abertzaleek navarrismoari sorpasso egitea ameskeria izaten jarraitzen du.

Hala, Espainia aldeko lau herrialdeetan pisuzko estatus aldaketarik emango ez dela aditzera ematen dute seinale guztiek. Bitartean, Ipar Euskal Herrian gizartearen gehiengo zabal batek berezko eskumenak edukiko lituzkeen Lurralde Elkargo berezi baten aldeko aldarrikapen kanpainia abiarazi du. Jarraian ikusiko dugunez, Pariseko agintariek emandako erantzunaren neurrian islatzen da ekimen horren garrantzia

La Republique prozesu politikoaren aurka

Joan den irailaren 29an Baionako Merkataritza Ganberan Ipar Euskal Herrian Lurralde Elkargo berezia sortzearen aldeko adierazpena sinatu zuten hainbat gizarte eragilek eta sindikatuk, prozesua hezurmamitu duen Batera plataformaren gidaritzapean. Horren aurretik, Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoako hautesti gehienek egitura administratibo berriaren aldarriarekin bat egin zuten.

Nabarmentzekoa da diputatu eta senatari guztiek eskaerarekin bat egin izana, eta arku politiko osoa betetzen duten auzapez zein hautetsiek ere aurrerapausoa egiteko prest agertu izana: UMPtik abertzaleetaraino, Parisen ahots batez mintzatzeko hautua egina zegoen. Bi urteren buruan herritarrek egitura berriari onarpena emateko kontsulta egitea eta 2015erako hiru lurraldeen ordezkaritza izango zuen ganbera osatzeko hauteskundeak deitzea finkatu zuten helburu gisa.

Horren ostean, urriaren 11n, Frantziako deszentralizazio ministro Marylise Lebranchurekin bildu ziren Ipar Euskal Herriko ordezkariak, Parisen. Bilera positibotzat jo zuten bertaratutako parlamentari, hautetsi eta Garapen Kontseiluko ordezkariek: 2013an Frantziako asanblada nazionalean bozkatuko den Deszentralizazio Legean Ipar Euskal Herriko elkargoa sortzeko bermerik ez zien eman ministroak, baina, aldi berean, Euskal Herriak ezagutza behar zuela onartu zien Lebranchuk.

Bilera egin eta aste gutxira, Frantziako Barne ministro Manuel Vallsek agerpen oldarkorra egin zuen Ipar Euskal Herriko eszenatoki politikoan. Izan ere, Espainiako El País egunkariari egindako adierazpenetan, ETA desegin arte Lurralde Elkargorik ez dela eratuko irmoki baieztatu zuen, egitura berriaren alde agertutako alderdikideak ere mespretxatuz. Haren hitzetan, Euskal Herrian “batzuek” baino ez dute elkargoa galdegin, eta eztabaida horretan sartzeko “gogorik ez” izatea baieztatu zuen, harro eta arranditsu.

Ez genuen larregi itxaron behar izan Vallsen euskal alderdikide aipagarrienek ministroaren hitzen inguruko gogoeta plazaratzeko: Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatuek, Frederique Espagnac senatariak, Mathieu Berge eta Frantxua Maitia eskualdeko kontseilariek eta Marie Christine Aragon, Christophe Martin eta Kotte Ezenarro kontseilari nagusiek (denak PSko kideak) gaitzespen gutuna bidali zioten Vallsi, non ordezkarien eta ETAren arteko lotura egin izana deitoratzen zuten. Horrez gain, Euskal Herrira etortzeko eta “bere hitzen eragina” neurtzeko eskatu zioten. Azkenik, adierazpenak espainiar egunkari batean egitea leporatu zioten, eta Lurralde Elkargoaren aldeko jarrera berretsi.

Beste behin ere, joera guztietako ordezkari politikoek bat egin zuten Valls kritikatzeko orduan, UMPko kide eta kontseilari nagusi Max Brisson edo ABko kide Peio Etxeberri-Aintzartek une horretan egindako adierazpenek argitara ematen dutenez.

Argi dago Bateraren inguruan Ipar Euskal Herriko gizartearen gehiengo zabalaren nahiak egituratu direla, eta horrek Vallsen ildoko politikari frantsesak urduri jarri dituela. Eta ez frantsesak soilik. Lehen esan dudanez, Bidasoaren bestaldean eratu da Euskal Herrian epe motzera estatus aldaketa nabarmengarria ekar dezakeen bategite soziala. Haatik, ukaezina da horrek Hegoaldeko politikagintzak bizi duen ziklo berriarekin lotura argia duela. Bai, hala da: egun, herri eraikuntzan aurrerapausoak egiteko baldintza objektibo egokienak Iparralden lortu dira, baina EAEko eta Nafarroako egoerak erabat baldintzatzen du helburu horiek lortzeko aukera.

Bitartean, Espainia eta Frantziako Barne ministerioen jarrerek aditzera ematen dute Euskal Herriko egoera politikoa euren interesentzako kaltegarria dela. Kontraesan handia bada ere, bi estatuen egitura errepresiboen jokabidea da Euskal Herria errealitate bakar gisa hartzen duena: EAEko hauteskudeen eta Lurralde Elkargoaren aldarrikapena Parisera heldu ostean, ustezko bi etakide atxilotu zituzten Lyonen, Vallsek egitura politiko-administratibo berriaren kontrako adierazpen iraingarriak egin zituen, eta, bukatzeko, Aurore Martin atzeman zuten Mauletik gertu, Espainiaren eskuetan utziz. Ekintza-ondorioa estrategia iraunarazten duenik badagoela esango nuke.

Martinen atxiloketa salatzeko joan den astelehenean Baionan manifestazioa egin zen, Bakebideak deituta, eta, berriz ere, Ipar Euskal Herriko alderdi guztietako ordezkariek babestu zuten. Bidearen amaieran, Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoako biztanleek Lurralde Elkargoa izango duten ala ez erabakitzea Parisen esku egongo da, baina behintzat estatuaren aurrean eskakizun bakar eta argia osatzea lortu du Bidasoaz bestaldeko gizarteak

. Egunero independentziaren bezperan jaikitzen dela ematen duen Hegoalde honetan, ostera, abertzaleen arteko batasuna lortzeak ere urrutiko ameskeria izaten jarraitzen du. Zer ikasi daukagula uste dut. Jakina, horretarako noizbait begiradaren norabidea aldatzen saiatu beharko gara.

8 pentsamendu “Iparraldearen orena?”-ri buruz

  • Azken egunotako gertakariak ezin obeto laburbiltzen ditu artikuluak. Hala ere, iparraldekoa izanik, kezka batzuk partekatu nahiko nituzke. Lurralde Elkargo

    • Lurralde Elkargoa, alderdi guziek babesteari bi ondorio ateratzen dizkiot nik: lehena, ez duela burujabetza handirik suposatzen eta beraz ez dela kezkagarria; eta bigarrena, hasieratik bazekitela Pariseko ezetza jasoko zutela. Gixa horretara, aldarrikapena tresna elektoral gixa ikus daiteke, Aurore-i erakutsi sustengua bezala. Izan ere, frantzian balore demokratikoek Espainian baino pisu gehiago dute. Era berean ez da ahantzi behar, gai honen inguruan lehenagotik ere adostasun zabalak bazirela eta hegoaldetik EHBilduk, akordioen beharra aipatzeko erabili duela adibide gixa, Iparraldean harrigarria ez den kontu bat. Zentzu horretan, joko mediatikoak segitu bai baina gure bidetik segi beharko dugu zerbait lortzekotan, iparraldean eta hegoaldean. Eskertzen da gai hau aipatzea, borondate onenez ere sarri ahanzten baita bidasoaz haratago begiratzea.

  • “Bai, hala da: egun, herri eraikuntzan aurrerapausoak egiteko baldintza objektibo egokienak Iparralden lortu dira.”
    “Bidearen amaieran, Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoako biztanleek Lurralde Elkargoa izango duten ala ez erabakitzea Parisen esku egongo da,”

    “Zer ikasi daukagula uste dut.”

    Aldapa behera, balaztarik gabe.
    1- Frantziako egitura administratiboaren eztabaida ez dagokigu guri. Euskal Herriaren independentziatik urruntzen gaitu.
    2- Auroren “hiritartasun frantsesak” bultzatzen ditu frantziar errepublikaren baloreak aldarrikatzera.
    3- AHTren aurka manifestazio batean parte hartu nahi baduzu frantses xingolak onartu behar dituzu manifestazio buruan…
    Ez dago borroka abertzalerik , ez dago estrategiarik ,… nos amis les gaulois.

  • Gorka Salces 2012-11-07 18:06

    Iruzkinei erantzun nahian, hemen hainbat puntu:

    1-Ortzi, Elkargoaren aldarrikapena hauteskunde-tresna izanda ere, eta Auroreri emandako sostengua balio demokratikoen defentsan kokatu arren, ez dut imajinatzen Hegoalden PSE, PSN, PP edo UPNko kiderik (salbuespen gutxi batzuekin) horrelako gauzarik egiten. Horregatik diot zer ikasi badugula. Hala ere, bistan da Elkargoa ez litzatekeela “arriskutsua” izango, ez lukeela burujabetasun handirik suposatuko. Dena den, Elkargoa martxan jartzea aurrerapausoa litzatekeela eta Valls lako jakobinoentzat ideia onartezina dela ezin da ukatu. Argi dago Iparraldean, berezko egitura politiko-administratiboa hutsetik eraikiko zenuketela, EAEko autonomia mailarekin ezingo litzatekeela parekatu…baina aurrerapausoa litzake. Hegoaldean, berriz, ez dut gure egiturak sendotu eta burujabetzaren bidean sakontzeko aukera handirik ikusten, gaur gaurkoz. Nolabait esatearren, errazago ikusten dut Iparralden “zero” mailatik “bat” edo “bi” mailara igarotzea, Hegoalden “hiru” (bi?, bat?) mailatik “laura” pasatzea baino.
    Asko eskertzen dut iruzkin konstruktiboa egin izana; espero dut etorkizunean Bidasoaren bi aldeen arteko hartu-emana sendotzea.

    2- Iñakiri. Zuk diozunez, ez dugu frantses estatuaren egitura administratiboaren eztabaidan sartu behar…Ez, ala? Demagun etzi Hegoaldeko lau herrialdeen autonomia sortzeko aukera dagoela; hori, esaterako, euskara Tuteran ofizial izateko baliagarria dela… Zure iritziaren arabera, horretan ere ez ginateke sartu beharko, nahiz eta, objektiboki, horrek independentziatik askoz gertuago jarriko gintukeen, “Espainiako egitura administrazioaren eztabaida” baino ez litzatekeelako izango. Bada, barkaidazu, baina ez dut ulertzen dena-edo-ezer-ere-ez moduko argudioen erabilgarritasuna.
    3- Beharbada bidetik zeozer galdu dut, baina…PSE edo PSNko zinegotzi edo alkateren batek AHTaren aurkako manifestazioren batean parte hartu al du? Argi geratu dadila galdera benetan egiten dudala, ez dela ironikoa. Jakina, zentzu ironikoa hartuko luke erantzuna ezezkoa balitz. Haatik, zurekin bat nator xingolen ikuskizun fetitxista horren harira.

  • Ni ez naiz dena-edo-ezer-ere-ez horren batere zalea. Baina pentsatu beharko genuke “Lurralde Elkargo” baten aldarrikapenak independentziara urbilduko bagintu, PSF edo UMPko hautetsiek ez luketela inolaz ere sustengatuko. Beraz, badakite gezurra dela gu Frantsesen arteko eztabaidetan partehartzeak indartsuago egiten gaituela. Horrekin lortzen dute gu asimilatzea, eta beraien muisikarekin gu dantzan hastea, nazio zapaldu bat garela ezkutatuz.
    Jarri dizkizudan hiru adibide horietan garbi ikusten da ,abertzaleok ez dugula bide propiorik lantzen iparraldean. Frantsesen konpartsa izatera mugatzen dugu gure jarduna. Pixka bat lortzea beharrezkoa izan daiteke dena lortzeko bidean, baina nik zalantzan jartzen dut
    independentzia, autonomia aldarrikatuz lortuko dugunik. hegoaldeko adibidea eta eskarmentua zuk zeuk ongi azaldu duzu ,”ez dut burujabetzaren bidean sakontzeko aukera handirik ikusten” idatzi duzunean autonomiaren 30 urte baino gehigao pasa direnean.
    Etsaia ez da hain inozoa.

    • Lurralde Elkargoa babesteak, beharra erakusten du alderdi estatalen aldetik. Hala ez balute egin indar “separatisten” igoera gerta zatekeen. Interesgarria da, Valls ministroari igorri gutunean, lekuko ordezkari sozialistek boto abertzalea lortu izana eta horrekiko konpromezua iradokitzea beste hitz batzuen bidez. Abertzaleak konformatzeko nahia agerikoa da beraz. Bistan da lurralde elkargoa tresna bikaina dela Parisi begira zuzenean jartzeko. Indar estatalek edozer eginik ere abertzaleen postura azkartzeko modua izango litzateke eta nola ez euskararen eta antolaketaren ikuspuntutik. Paraleloki, hegoaldea autonomia erkidego batean batzeak, aurrerapauso estrategiko izugarria dakar, bai nafarroan (Euskal Herriari eginiko zentsura, historia bahitua) eta baita beste hiru lurraldeetan ere (euskadi/euskal herria PNVren joko zaharkituaren bukaera).
      Borroka abertzaleak xurgatu izan ditu Frantziak azeri jokatuaz baina hor daude. Ikastolak zabaltzen ari dira eta herri horietan ikus daiteke denborak aurrera egin hala, gaztetxeak sortu eta bozka abertzaleak gora egiten dutela ( Saran adibidez). Barnekaldean, laborari jendea ere mugitua da, Laborantza Ganbara eta alkate abertzaleekin. Beraz ez dut uste hain ezkor egon behar denik. Frantzian ezer garbirik esan gabe hitz egiten da sarri (Lebranchu ministroaren adierazkenak izan ziren adibide garbia) eta horrek aurkako posizioa zailtzen du. Errezagoa da zerbaiten aurka elkartzea zerbaiten alde baino eta hori da momentu honetan dagoen erronka.

  • “Lurralde Elkargoa, alderdi guziek babesteari bi ondorio ateratzen dizkiot nik: lehena, ez duela burujabetza handirik suposatzen eta beraz ez dela kezkagarria; eta bigarrena, hasieratik bazekitela Pariseko ezetza jasoko zutela. Gixa horretara, aldarrikapena tresna elektoral gixa ikus daiteke”
    .”Bistan da lurralde elkargoa tresna bikaina dela Parisi begira zuzenean jartzeko. Indar estatalek edozer eginik ere abertzaleen postura azkartzeko modua izango litzateke eta nola ez euskararen eta antolaketaren ikuspuntutik”
    Ez duzu uste kontraesanean daudela zuk idatzitako bi puska hauek ?
    Alde batetik esaten duzu tresna bikaina dela eta abertzaleen postura indartzeko modua izango litzatekela eta bestetik frantsesentzat ez litzatekela kezkagarria. Barka baina biak batera ezin da. Abertzaleak indartzeko balitz, frantsesentzat kezkagarria litzateke. Bide batez, psf eta ump ez dira ez sozialista ez estatal, soilik inperialista dira bere hautetsiak bezala. Independentziaren alde (hori baldin bada helburua) laguntzarik ez bilatu etsaiaren aldetik.
    “Zentzu horretan, joko mediatikoak segitu bai baina gure bidetik segi beharko dugu zerbait lortzekotan, iparraldean eta hegoaldean” ere idatzi duzu. Ni erabat ados esaldi horrekin.

    • Kontraesanak onartu eta aurre egin behar zaie. Kakotsen artean esaldi zatiak emanaz ez dituzu ñabardurak kontuan hartzen eta iruzkinak berak ez gehiegi luzatze aldera ez dira asko sakonduak. Lurralde Elkargoak bere horretan ez die beldurrik ematen baina alde agertu beharrak erakusten du abertzaleek indarra hartzeaz duten kezka. Abertzaleen gorakada mantsotu dezake elkargoa lortzeak baina nik ez dut hala uste: tresna mugatua izanik ere, abertzaleen pisua handituko litzatekeelako, gure hitza ez bailukete biarnoko emaitzetan disolbatzen ahalko. Egun dagoen euroeskualdea Akitaniarekin egin beharrean lurralde elkargoarekin eginez Euskal Herria egituratzen hasi liteke. Urrats ttiki eta eskasak dira beharbada, bakarka erabakiorrak ez izan arren gehiengoak egituratzera eta EH egingarria dela frogatzera eramango gaituztenak.
      Hala ere bat nator kontraesanak egon badaudela esaterakoan, batez ere pausoak erraz aipatuagatik ia denak Parisetik pasa behar dutelako eta ez dagoelako ia ezer gure esku.