Iparraldearen orena

Ekainaren 1ean Bidasoaren beste aldean egun garrantzitsua dute: Lurralde Elkargoaren alde egiteko manifestazioa antolatu baita. Baina Hegoaldetik askok galdetuko dute: zer da “Lurralde Elkargoa”? Zer lortuko dute? Zergatik orain? Zer pasatu behar da onartu dadin? Galdera hauei erantzunak emateko saiakera egingo dut artikulu xume honetan.

Prozesua ulertzeko, kontutan izan behar da 2003an Frantziako konstituzioa aldatu zela eta honek deszentralizazio prozesuei ateak ireki zizkiela. Honek Frantziako eremu ezberdinetan deszentralizazio ekimenak abian jartzea ahalbidetu du (Korsika eta Alsazia adibidez, naiz eta azken hau honetan ez den aurrera atera erreferendumean ezezkoaren alde egin baitzuten) . Ingurumari honetan euskal departamentuaren aldarrikapen tradizionalak egokitzea bilatu du eta horren emaitza da “Lurralde Elkargoa”: legedira hobeto moldatzen den autonomia legala (Collectivité  Territoriale á statut particulier litzateke izen zehatza). Praktikan, departamentu propio eta lurralde elkargoaren arteko diferentzia txikia da: testuinguru legala aldatzearekin batera, konponbide egokiena bilatzen saiatu dira.

Ondorengo eskumenak izango lituzke Lurralde Elkargoak, onartuko balitz:

  1. Garraioak.
  2. Garapen ekonomikoa.
  3. Nekazaritza.
  4. Euskara.
  5. Kultura.
  6. Etxebizitza politika.
  7. Turismoa.
  8. Muga arteko harremanak.

Iparraldearen orenaPolitika hauek gauzatuko lituzkeen gobernua eta biltzarra sortuko litzakete. Hitz gutxitan, lehen aldiz Iparraldeari egitura politiko bat egokituko litzaioke: errealitate politiko bilakatuko litzateke. Naiz eta pausu xumea izan Hegoaldean dugun autonomiarekin alderatuz, Iparraldearentzat izugarrizko diferentzia da, esparru propioa sortuko duelako. Aurreikusten den aurrekontua 350 milioi euro ingurukoa da, ez da ez gauza gutxi!

Hala ere, giltza ez dago Iparraldean gaur egun. Nahiz eta Iparraldean adostasun ia osoa lortu (alderdi politiko ia denak UMP eta PS barne*) Pariseko parlamentuan onartu beharra dago. Borondate politikoa da behar dena, legeak zehaztasun osoz betetzen baititu. Udarako oporren bueltan erabakiko dela uste da eta horregatik egin dute manifestazio honen deialdia: alderdi politikoak ez ezik, gizarte zibila ere alde dagoela argi gelditu behar da!

Hegoaldetik asko izango gara joango garenak gure elkartasuna adieraztera, hori bai, beti ere  errespetu osoz eta protagonistak Iparraldeko anaiarrebak direla jakinda: laguntza eskasa litzateke Parisek ulertuko balu Lurralde Elkargoa Euskal Herriaren independentziaren aldeko lehen pausua dela!

*ikusi eragile guztiek sinatutako dokumentua.

Iparraldearen orena

2 pentsamendu “Iparraldearen orena”-ri buruz

  • Aupa lagunak, goazen independentzia lortzera Parisen enteratu gabe. Ze azkarrak garen..gero eta azkarragoak.

  • Hego Euskal Herriko ezjakin baten galdera: balizko lurralde elkargoan euskara “koofiziala” (EAEn bezala, gutxi gorabehera) izango al litzateke? Edo Frantziak ez luke inola ere hori baimenduko?