Iparra-Hegoa 25 urtez euskal kontzientzia pizten

Iparra-Hegoa 25 urtez euskal kontzientzia pizten –

Baztandarren Biltzarrean, euskal kantuaren inguruan, Lapurdiko Segura herritik joandako batzuek eta Lapurdiko Urruñatik joandako beste batzuek elkar ezagutu zuten, eta hortik aitzina adiskidetasuna handia loratu zen denen artean. Adiskidetasun hori beste maila batera eraman nahi izan zuten, eta horrela 1995ean, lehen aldiz, segurarrek eta urruñarrek elkarrekin, lehen Iparra Hegoa izeneko euskal astea programatu eta burutu zuten arrakasta handiz. Lehen urratsa egina zutenez, urtero antolatzen jarraitzea erabaki zuten. Bidasoaren alde bateko eta besteko euskaldunen batasun bide hori nolabait sinbolizatu nahian, Itsasutik eramandako gereziondo ttipia landatu zuten Seguran, elizatik gertu den zabalditxo batean.

Iparra-Hegoa 25 urtez euskal kontzientzia pizten

… Orduz geroztik, urtero-urtero antolatu dute, hasieran, Urruñako Berttoli eta Segurako Elorri elkarteek bere gain hartu zuten antolakuntza, baina hainbat urteren buruan, erroak ongi finkatu ondoren, eta gereziondoa koskortzen zen neurrian, adar berriak sortu ziren, eta Euskal Herriko beste herrialdeetako jendeak ere bertara joaten eta baita parte hartzen ere hasi ziren.

Arrotzek Euskal Herria banatu zuten, sasi muga bat inposatu ziguten, eta gure nortasuna eta mintzaira itotzen eta ezabatzen saiatu diren arren, oraindino euskaldunok Bidasoaren bi aldeetan jarraitzen dugu bizirik, eta aberria batzeko eta askatzeko dugun nahia, ez da amets hutsa, borondate irmoa baizik, eta Iparra Hegoak horren aldeko lana egin du hogeita bost urte hauetan. Sekulako lana, bide joria, jadanik fruitu ederrak ematen ari dena.

2020an, hogeita bosgarren urtea ospatu nahi izan zuten, baina covida zela eta, bi urteko etenaldia hartu behar izan zuten, penaz eta tamalez. Baina ez da hamaika urte irauten duen gaitzik, eta azkenean, aurten, 2022ko martxoaren 28tik apirilaren 3ra ospatu ahal izan dute, eta nola gainera! Poztasunez eta kemenaz. Geroari begira. Euskal Herriaren egun handia, gero eta hurbilagoa dugula jakinik, eta horretarako era guztietako bide-txigorrak  zabalduz.

Aurtengo egitarauan, Ainhoa Garaikoetxeak egindako kantu zoragarri baten zati batzuk jasoz eta azalduz, Iparra Hegoaren izpirituaren eta norabidearen berri eman digute. Horratx: “Iparra eta Hegoa, haritza eta pagoa, egunez egun sentitzen zaitut nigandik gertuagoa” / “Gero eta helduago, gero eta azkarrago, esperientziak ez du zahartzen, jakintsu egiten baino.” / Iparra Hegoa, haritza eta pagoa, astindu eta bizi dezagun oraina eta geroa”.

Apirilaren 3an, igandearekin, loraturik zen gereziondoaren itzalpean bildu ginen, urtero bezala, ekitaldiaren mezua zabaltzeko. Ekitaldi zinez ederra, bihotzak liluratzen eta sorgintzen dituen horietakoa. Hortxe irakurri zuten Ione Gorostarzu berastegiarrak egindako olerki ederra, nik orain lerro hauetara ekarri dudana:

Bagara

bat gara

eta euskaraz

gara.

 

Hogeita bosgarrenez bildu gara

elkarrekin eta elkarrengana:

nahiz izan lerro bat,

hau eta hura banatzen omen dituena,

marra bat paperean elkarrengandik bereizi,

ezberdindu nahi gaituena,

pasaporte, polizia, lege, oztopo eta burokrazia,

ezabatu muga, eta izan dadila helmuga

urratsez urrats egiten ari garena.

 

Ipar eta Hego

Elorri, Berttoli

gu eta zuek, zu eta ni,

herri bera da elkartzen gaituena

edo elkartzea ote,

herri egiten gaituena?

 

Hemen bada jolas, dantza, otordu eta festa,

baina bada jakintza eta kultura,

hezkuntza, hizkuntza, ekintza,

ikusi eta ikasi, gereziondoak baietz irakatsi:

sustraiak sendotuz hazten dira adarrak,

hostoak sortu, loretan lehertu, fruituaz gozatu.

Indar dezagun garena, mundura zabaltzeko!

 

Izan ere, gaur eta hemen,

bagara

bat gara

euskaraz gara

eta euskaraz izango gara.

Olerki sentikorra, iradokigarria, gaurko ekintza eta biharko garaipena iragartzen dituena. Mezu oso-osoa, esperantza eta geroa biziki ongi uztartzen dituena. Gero Libe Goñi Iparraldeko lehen andereñoa mintzatu zen, ikastolaren  lehen urte haiek, lehen urrats haiek denon gogora ekarriz. Eta ondoren izan ziren joaldunak gereziondoaren inguruan joareak astintzen, eta izpiritu gaiztoak gugandik uxatzen, dultzainariak, albokariak, irrintzilari bikaina, erraldoiak dantzan, eta Segurako eta Urruñako alkateen mezua, herriak egin duena, udaletxeetan ofizial eginen dela iragarriz, hau da, Segura eta Urruñaren arteko birazkatze bide ofiziala jadanik abian dela agertuz. Bi alkateek gereziondoa hartu zuten beraien hitzen lekuko eta jakile gisa.

Buka dezadan, Libe Goñi andereñoak eman zuen mintzaldi laburraren azken zatiak lerro hauetara ekarriz, nire hitzak baino egokiagoak direlakoan gogoeta moduko artikulu honi amaiera emateko orduan. Horra hor:

Iparra-Hegoa 25 urtez euskal kontzientzia piztenIkastoletako lehen urrats haiek ekarri dute herriko etxeak jokoan sartzea eta zubiak eraikitzea haien artean. Garai hartan nork pentsatuko zukeen horrelako zubiak zabalduko zirenik Lapurdirekin, Baxenabarrarekin eta Xiberoarekin. Horra hor Urruña / Segura, Tolosa / Uztaritze, Baiona/ Iruñea, Baigorri / Lizarra, Aiherra / Altzola…, eta beste batzuk ere ziur naiz ba direla gehiago eta izanen direla ere.

Benetako zubiak zimentuzkoak ez direnak, maitasunez eta gogoz eraikitako zubiak dira, herriak lotzen dituztenak, gure begiekin ikusten ez baina bai azkarrak eta sendoak, bere egin beharra betetzen dutenak, zubi guztiek egin beharko luketena: lotu, elkartu. Ez dezagun utzi zubiak, muga madarikatuak bilakatzen!

Hemen, egun, 2022ko apirilaren 3an, Urruñako hautetsiak Segurakoekin elkarrekin loturak sendotzeko, azkartzeko gogoarekin bilduak dira. Aupa zuek! Egiten duzuen la guztiarengatik, horrela gure Herria bat izanen da, euskalduna eta elkartasunaren herria bilakatuko dena.

Bai, Urruñako haurrak etortzen ahalko dira Segurara, Goierrira, egunak pasatzera herri euskaldun jator hauetara eta hemengoak Urruñara, Lapurdira, beren neba-arrebak ezagutzera.

Hogeita bost urtez bildu gara gereziondoaren aitzinean, eta Iparra Hegoa herri ekimenean bada kemena eta indarra beste hogeita bost urtetan biltzeko eta batasunerantz eta askatasunerantz garamatzan bidean eragiteko. Belaunaldi berriek, aurreko belaunaldietan erein diren soro ederretatik abiaturik atzemanen dute Euskal Herriaren egun handia. Ziur naiz. Eta geroan, gure historiaz eta kulturaz mintzatuko direlarik, Iparra Hegoa izanen da maitasunez oroituko eta aipatuko duten ekimenetako bat. Geroak erranen! 

Iparra-Hegoa 25 urtez euskal kontzientzia pizten  Iparra-Hegoa 25 urtez euskal kontzientzia pizten  Iparra-Hegoa 25 urtez euskal kontzientzia pizten
Iparra-Hegoa 25 urtez euskal kontzientzia pizten  Iparra-Hegoa 25 urtez euskal kontzientzia pizten 

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Iparra-Hegoa 25 urtez euskal kontzientzia pizten”-ri buruz

  • josu naberan 2022-04-14 10:44

    Egintza potentea duk biltzea bera ere!

    Gogoeta, pentsaera eta estrategia “potentea”, etorkizunari dei egin eta etorkizuna erakatzek gai dena bere hartan.

    Zorionak Ipartar nahiz Segurar Hegoaldekooi.

    Hortaz landako elkar-ekintzatxoren bat helburutzat jarriko bazenute, urtero egiten duzuen gerezi azpi loratsu horretan?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude