Intolerantzia (nirea, nirea eta nirea)

Intolerantzia (nirea, nirea eta nirea) –

Gaurkoan aurrekoan aipaturiko gai baten inguruan hausnarketatxo bat luzatuko dut. Intolerantzia deitu diot, baina norberekeria ere esaten ahal nioke. Hausnarketaren atzealdean, kontraesan nagusia eta bigarren mailako kontraesanen kontu hori dago.

Intolerantzia (nirea, nirea eta nirea)

Eta laburki adierazita, gauza da harrigarria eta kezkagarria deritzodala hainbat herri mugimendutan, hainbat mugimendu sozialetan, hainbat borroka sektorialetan (esaiozue nahi duzuen moduan) bere protagonistek erakusten duten jarrerari: “nirea, nirea eta nirea”. Susmoa dut lehen (lehen, ez dakit ote den espetxeratu baino lehenago, edota Ezker Abertzalearen estrategiaren egokitzapena baino lehenago, edo sinpleki aspaldian, baina niri sentsazioa orain sortu zait) gauza hauek beste modu batez lantzen genituela. Hots, bakoitzak bere eremuan lan egingo zuen, bai, baina estrategia orokor baten beharra aski barneraturik zegoen, barneratuago.

Era berean, beste mugimendu/eremu/sektore batzuen garrantziaz jabeago ginen, horrelako zerbait. Eta azterketa edo jarrera agian hausnartugabe horrek gauzak egiteko modu batera eramaten gintuen (gintuen, “gu” horrek gaurko sistema edo jendartea aldatu nahi dugun guztiok barnebiltzen gaitu), guretariko bakoitzak borrokari denbora eta militantzia emanez baina beste eremu edo alor batzuekin denbora eta terrenoa partekatu behar genituela ulertuz.

Bakoitza bere eremuan baina, finean, denok norabide bakarrean. Estrategia orokor baten baitan sentitzen ginen. Gaur, aldiz, norberak bere eremuaren erreibindikazio erabatekoa, gehiegizkoa egiten duelako sentsazioa dut. Eta guretariko bakoitzak gure eremuko ildoarekiko/erabakiekiko erabateko koherentzia eskatzen diogu beste eremuko lagunari, bidaideari.

Denok nahi dugu zentralitate maila bat, uneoro. Eta, jakina, hori ezinezkoa da. Ondorioa? Lehentasuntzat ez gaituztela hartzen sentitzen dugu, gureari behar den besteko garrantzirik ematen ez zaiola iruditzen zaigu, eta horrek mina ematen digu. Eta endrokatzeko tentaldia handia izaten da. Egutegia deialdiez betetzen dugu, eta euskal jendartea sustraietatik aldatu nahi dugunok hain tropa handia  ez garenez (ai!, gehiengoak, hegemonia, …), agortzen gara.

Zentzumen pixka bat ezarriko nuke nik. Aldamenekoaren garrantzia kontuan hartu, eta unearen arabera borroka nagusiak edo lehentasunak beste eremu batekoak izan daitezkeela ulertu, eta pazientzia handiagoaz jo norberak bere eremuan.

Alor batean lanean dabiltzanek beti dute ikuspegi borobilagoa alor horretako kontuez eta, beraz, onartu behar da hortxe buru-belarri ez dabiltzanek euren kontraesan teoriko eta praktikoak dituztela. Zezenketen etsai irmoa izan naiz ni beti, baina nire 5 urteko ilobek sokamuturrean korrikarik egingo ez dutela pentsatzeak ez nau preseski alaitzen. Are, makur deritzot kalea horrela ez bizitzeari. Eta noizbehinka borroka sektorialek estrategia zentral edo inklusiboari tartea eman diezaiokete, estrategia orokor horrek, finean, estrategia sektorialei lekua eman nahi baitie (edo horrela izan beharko luke).

Esate baterako, hauteskundeak datozenean. Baina horrek, argi dago, aldez aurretiko hausnarketa eskatzen du: erakundeen baliagarritasunaz-eta. Eta hori beste egun baterako utzi beharko dugu.

Intolerantzia (nirea, nirea eta nirea)
Intolerantzia (nirea, nirea eta nirea)
Batasuna, estrategia, estrategia independentista, Herri Mugimendua, Indar metaketa, intolerantzia, Intolerantzia (nirea, militantzia, nirea eta nirea)

6 pentsamendu “Intolerantzia (nirea, nirea eta nirea)”-ri buruz

  • Behinola batzuk pentsatu zuten abertzaletasunari indar handiagoa emateko baliagarria izan zitekeela beste ideologiekin nahas-mahas bat egitea. Baina egitan herri honen aldeko borrokaren aterkia aprobetxatu duten “-ismo”etako batek ere ez dio mesederik egin Euskararen Herriari. Batek ere ez.

    Alderantziz, euskaltasuna desitxuratu eta zabartu dute, bere nortasuna osatzen duten zatiei zuzenean eta oinarritik erasotu ez dutenean, Kontzientzia nazionala lurraren pare dagoen honetan azaleratu da taktika honen miseria, antolakunde ustez abertzaleak beren militanteak borroka sektorial deiturikoetara bideratzera iritsiz hondamendi nazional betean. Penagarria.

    Borroka orok, euskalduntasunari on egingo badio, bere izaera aspektu nazionalera subordinatu beharko du, bestela etxekalte

  • Artikulo honen gakoa “kontraesan nagusia” eta “bigarren mailako kontraesanen” arteko loturan dago.
    Zer esan nahi du planteamendu horrek?

    Alde batetik, bigarren mailako kontraesanak kontraesan nagusiaren zerbitzupean jarri behar direla adierazten digu.

    Bestetik, argitu egiten du zein da kontraesan nagusi hori esaten denean “gu horrek gaurko sistema edo jendartea aldatu nahi dugun guztiok barnebiltzen gaitu”.

    Garbi geratzen dena, borroka guztiak klase borroka (kontraesan nagusia) ebazpenaren alde erabili behar direla

  • Artikulo honekin, aurreko beste bati ematen zaio erantzuna.

    ¿nola uztartzen dira nazio borroka eta klase borroka?

    Klase borroka kontraesan nasusia denez… nazio borroka bitarteko besterik ez da… eta kontraesan nagusiaren mezedetarako erabili behar da.

  • Guztiz absurdoa da nazio eta klase borrokaren uztarketa aberri ikuspegi batetik.
    Espainolek edo frantsesek badezakete beren herria bitan banatu ikuspegi horren arabera eta ez da ezer gertatzen.
    Euskaldunentzat euskaldunen arteko gatazka suizidio nazional bat da. Ezker abertzaleak eragin du horrelako zatiketa bat Euskal Herriaren baitan gure lantegi eta herrietan. Eta euskaltzale asko ikuspegi horren espejismoaren azpian dabiltza, pentsatuz euskara eta Euskal Herria salbatu daitezkeela haren ondorioz.
    Klase borroka eta aberri borroka lotzen dituen marxismoak ez du herri bat ere askatu. Ez nazionalki eta ez sozialki. Hori da egitate klarua. Hemen Europan herriak askatu dira sozialismoaren kontra.
    Zoritxarrez euskaldun asko engainatua dago unibertsalismo zeken horrengatik. Hori da, nire ustez, nazionalki dugun okerrik handiena. Gure indarra anaien arteko gerra batean xahutu egiten duelako.

  • Behin eta berriro: gure lehen arazo soziala gure arazo nazionala da. Hori ulertu ez gero “dejar de marear la perdiz” delakoa lortuko genuke.

  • Ez dakit zer inportantzia duen “klase borrokak” hain justu “azpiko” klaseetakoek oro har “goiko” klaseetakoak izan nahi dutenean hemen eta edonon.

    Ez dut ezagutzen obrako peoi bakar bat ere lanbide hori bera nahi duena bere seme-alabentzako. “Langile klasearen” mitologia horrekin bukatu behar da.

    Arazoa hemen nazionala da eta Estatuaren izena eta izana Nafarroa da. Bestelakorekin aritzea noraezean ibltzea da, orain arte bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude