Interdependentzia

Interdependentzia –

Gure lurraldeak, hiru dimentsiotan, konduan hartzeko gomita da ondoko gogoeta. Gure lurraldean lortutakoak, hemendik haratagoko eremuak sustatzen baititu, eta han piztutakoak, hemengoa indartzen.

Interdependentzia
Martxoan, Erresuma Batuko Johnson lehen ministroak erran zuen: “prest egon, maite dituzuen batzuk beren tenorea baino lehen hilko direla eta”. Aldi berean, Zelanda Berriko Ardern lehen ministroak erran zuen “ez dut birusa zabaltzen utzi nahi, horrek suposatuko lukeelako hamar milaka pertsona hiltzea, hori onartezina da eta kitto”.

Maite ditudan gure bazter horiek, noiz arte iraunen ote dute, hain zalu aldatzen ari den klima horren azpian? Nere haurtzaroko udazkeneko goizeko lanbroaren ordez, ur tantarik gabeko asteak, eta bapatean ur gehiegi, lurrak irentsi ezinik. Aralartik Irati, haritza eta pagoa, noiz arte biziraunen uda beteko beroan? Hain zalu aldatzen ari den klima horren azpian, zein zuhaitz oraindik ehun urtez hazteko gai, sortu eta zahartu bitarteko baldintza aldakor guziak jasateko gai?

Gure bazterrak, gure aintzinekoek moldatu zituztenak, berezko ekosistemak laborantza eta zuhaitzen erabiltzearen bidez aldatuz, oreka aski iraunkor bat aurkitu arte. Gure bazterrak, gure bizi baldintzak dira ere, haiekin dugun lotura intimoaren bitartez gure baitako mundua elikatzen baitute, garen pertsona bakoitzean beren tokia badute. Elikatzen gaituzten ekosistema eta bazter horiekiko oreka hauskorra da, etengabe zaindu beharrekoa.

Goitik heldu zaigun mehatxua

Gure lurraldea, arbasoen etxea bezala, defendatzeko prest gare, lau haizeetatik etortzen ahal diren mehatxuen aurka. Iparraldetik AHT bat, ekialdetik urre meategi proiektu bat, hegoaldetik gasa bilatzeko arbelen haustura, mendebaldetik eukalipto plantazioak, gure lurraldea kaltetu dezakeen edozein mehatxuren aintzinean, nolazbait gure gorputzaren aurka balitz bezala iduritzen zaigu eta beha egon gabe antolatzen gare. Baina goitik heldu zaigun mehatxua, iduri du oraino ez dugula hain argi ikusten. Edo beharbada ulertzen dugu arrazionalki, baina gure baitatik sumatu gabe.

Halere, gure lurraldeak, edozein lurralde bezala, hiru dimentsio ditu, ez da bakarrik ipar-hego eta ekialde-mendebalde dimentsioetan neurtzen, baizik eta dimentsio bertikalean ere. Guregainean dugu zazpi kilometro eta erdiko aire zutabe bat. Zutabe horrek ez du deus berezi bere nortasunean, ez da inguruko bertze aire zutabeetatik ezberdintzen gure bazterrak ezberdintzen diren bezainbertze. Aldiz, aire zutabe hori ere gure lurraldea da, etengabe gure biriketan sartzen eta ateratzen da. Atmosfera zati honen tenperatura, haizea eta euriaren arabera bizi dire gure oihanak eta laborantza. Atmosfera zati hori ere gure lurraldea da, eta gure lurralde gisan defendatu behar dugu.

Klima globala gure lurraldea da

Baina noski, atmosferak ez du zinez zatirik, ez du bere baitan mugarik, ezin dugu zati bat bertze zatietatik bereizi. Gure zeruan gertatzen denak, planetako zeru guzietan gertatzen denarekin bat egiten du. Horregatik atmosferaren oreka globala defendatu behar da. Klima globala gure lurraldea da, eta mehatxupean dagoen Euskal Herriko edozein mendi edo oihan edo baserri defendatzen dugun bezala, klima ere berdin defendatu behar dugu. Ez bakarrik hemendik laurogoi urtetara kalkulatu dituzten beroketa aurreikuspenengatik, ez bakarrik neurtzen dituzten CO2 ppm-engatik, baina ere atmosfera gure baitatik axola zaigulako, atmosfera gure lurraldea delako.

Denek tokia, denekin kondatu

Maite ditudan gure bazter horiek, noiz arte iraunen ote dute, atomizatzen ari den gizarte global hontan? Biziak erdian ezartzeko parada izan behar zen une historiko honetan, ekonomia berriz erdian ezartzeko une bat izan da nagusiki, beti bezala kanpokotasun negatiboak tapiza azpian estaliz, bizien eta ekonomiaren kaltetan.

Halere, adibide kontrastagarriak ikusteko parada izan dugu ere. Martxoan, Erresuma Batuko Johnson lehen ministroak erran zuen: “prest egon, maite dituzuen batzuk beren tenorea baino lehen hilko direla eta”. Aldi berean, Zelanda Berriko Ardern lehen ministroak erran zuenez dut birusa zabaltzen utzi nahi, horrek suposatuko lukeelako hamar milaka pertsona hiltzea, hori onartezina da ta kitto”. Erran zuen ere 5 milioiko talde bat direla Zelandar Berriak, hots denek tokia badutela eta denekin kontatzen zuela borroka hontan. Badira historian gelditzen diren esaldiak, batzuk bakarrik eta balorerik gabe sentiarazten gaituztenak, eta bertze batzuk bihotza animaturik herri baten parte sentiarazten gaituztenak. Gauden bidegurutzean, azken horietarik gehiago behar ditugu.

Auzolanak eta behetik abiaturiko ekintzak

Bakoitza bere burbuilan bizirauten saiatzen diren norbanako metaketa bat, elgarren aurka nork norengandik probesten saiatzen, edo interdependentzia ulertzen duen eta elgar laguntza garatzen duen tinko elgarturiko gizarte bat. Gure Euskal Herria, bere auzolan eta behetik abiaturiko ekintzailetasun ohitura zaharrekin, hobe prestatua da bigarren motakoa izateko. Eneko Bidegainek argi zion bezala, gure herrian oraino badago auzolanerako ohitura. Mehatxatuta dago, hau ere, bereziki erabateko instituzionalizazioaren ondorioz eta kontsumo gizartearen nagusitzearengatik. Hala ere, ehunka ekimen daude, batzuk lokalak, beste batzuk zabalagoak, ingurumenaren aldekoak, ekonomia alternatiboa sustatzen dutenak, baztertuen sostengu mugimenduak… Herri ekintzailea da gurea, sortzailea ere bai. Gaitasuna dauka herriz herri antolatzeko, eta denen arteko loturak eta sareak osatzeko. Hor dago indargunea.

Globalizazioan aberatsenek sezesio egiten dutelarik, gure indargune horrek inoiz baino garrantzi gehiago du gaur 2020an. Ez bakarrik hemen, betiko auzolanez, gure lurraldearen dimentsio guziak defendatu eta herria eraikitzeko, baita grina ekintzaile horiek bertze lurraldeetan sortzeko adibide bat izan gaitezen ere.

Hemen lortutakoak hangoa sustatzen baitu, han piztutakoak hemengoa indartzen baitu. Interdependentzia ulertzen duten herriak izan gaitezen, interdependentzia ulertzen duten herriak eraiki ditzagun.

Nikolas Goñi

Interdependentzia
Interdependentzia
Interdependentzia
Interdependentzia
Interdependentzia

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria