Inork ez zuen esan erraza izango zenik

Ikurriña“Eta orain zer?”, galdetu didate. ETAren amaierak bide loriatsu berria ekarriko zuela uste izan genuen, eta, orain, sekulako ibilia egiteke dugula ohartu gara. Independentzia helmugan, indartsu gaude, baina luzerako norgehiagoka borrokatua izango da. Inork ez zuen esan erraza izango zenik.

2006, Loiola

“El acuerdo resultante garantizará que todos los proyectos políticos  (…) puedan ser materializados si ese es el deseo mayoritario de la sociedad vasca”. (Loiolako Hegiak; Imanol Murua)

Bost urte eskas igaro dira ordutik, PSEk, Batasunak eta EAJk Loiolan akordio zirriborroa hitzartu zutenetik. ETAren su-etenak eragin zuen Euskal Herriaren egitura instituzional berriari buruzko eztabaida-mahaia osatzea. 2006an, biolentziari betiko uko egiteak Euskal Herrian aldaketa politiko sakona ekar zezakeen. Horregatik, denbora luzez ETAren amaierarekin bat independentziaren bidean mugarri bat jar zitzatekeela uste izan genuen. Ez geunden oker, aukera hori erreala baitzen.

Armen bidearen aldeko nahiz kontrakoak sinetsita zeuden borroka armatuaren akaberarekin aurrerapen nabarmena izango zela auzi politikoan. Ez ba, ez da hala izan. Armak uztearren Espainiaren konpromiso politikoa lortzea lasterbide zapuztua izan da. Honen edo haren erruz, baina konponbiderako bidezidor horien amaiera sastrakaz beterik aurkitu genuen beti. Bide laburrena zirudienak atzera egin beharra eta abiapuntura nekatuago itzultzea zekarren; gaur arte.

2011, Euskal Herria

“Eta orain zer?” Funtsezko arazo bera dugu mahai gainean: estatuek ez dute euskal herritarren erabakitze eskubidea onartzen. Kortse juridikoa, Espainiako konstituzioa. Baina, aurrekotan ez bezala, bidezidorrei uko egin eta maldan gorako ibilbide luzeari elkarrekin ekiteko konpromisoa hartu dute alderdi eta eragile independentistek. Mendi garaienaren puntan dago helmuga, eta bidea hesiz josita. Erronka latza da, batzuentzat agian ameskeria hutsa, baina ameslarientzat zorionez, gailurra estaltzen zuen lanbroa desagertuz doa, haizea alde den seinale.

ETAren erabakia sukaldatzen zihoan bitartean independentistek indarra hartu dute. Inoiz egon ez bezala elkarlanean ari dira, batuta hauteskundeetan eta bide orriak mahai gainean. Gainera, beraien arteko lazturak berdintzen joan dira behin biolentziaren zama alboratuta. Horren guztiaren eraginez independentziaren bidean behar dena lortzeko inoiz baino kokapen hobeagoan daude. Zer behar da ba bidaia horretan ez bada herritarren atxikipena?

Independentzia bide demokratikoetatik lortu beharko da, baina ez hori bakarrik, autodeterminazio eskubidea bera ere bide horietatik landu beharko da, alegia, gehiengo-gutxiengo jolasean aurrea hartzetik. Inork ez du Madrildik ezer oparituko; edo konbentzitzen ditugu edo behartzen ditugu.  Bietakoren bat gertatzeko gizartean gehiengo abertzalea izatea eskatuko du. Hortxe ikuspegi baikorra izateko lehen talaia: inoiz independentistek izan duten ordezkaritzarik zabalena izango dute laster, oso laster. Kale mobilizazioen aldean oihartzun zabalagoa eta presio gune erabakiorragoetan presentzia. Ezetzaren politikatik eraikuntzara jauzi egiteko parada bikaina. Haizea alde dabil.

Independentziaren aldeko jarrera nagusitzea, horixe egungo eta etorkizuneko erronka. Behin borondate hori agerian denean gatazka politikoa, dialektikoa eta demokratikoa indartu beharko da ; “erdia+1” formula zilegia gainditzen saiatzea. Independentzia zergatik den hobea azaldu beharko zaie gizarte aldakor honetako kideei, baita osagai berriak erantsi ere aldarrikapenari, ekonomia kasu, Eskoziak eta Kataluniak egin bezala.

Ez da nahikoa arrazoia izatea, horretan sinestu eta sinestarazi egin beharko da aurrerantzean. Konplizitateak aurkitu, nonahi, limurketa ariketa egin. Ez da nahikoa gure jarreran gotortzea, hura ahal bezain beste hedatzea baizik. Erasoaren ordez pertsuasioa.

Hori guztia eta gehiago aurrerantzean egin beharrekoa. Arnaldo Otegik esandakoaren haritik, ETArik gabeko aro berrian, erresistentziatik irabaztera igaro beharko dira abertzaleak. Miraririk eta erraztasunik gabe, oztopoz eta erasoz lepo, sarritan etsipenak urraturik baina aldapan gora irmo. Jakina den bezala, amets bat lortzea hura txikitzea baino askoz zailagoa da eta. Ez gaitezen tronpatu, inork ez zuen esan erraza izango zenik.

 

 

 

 

Euskal Herria, independentzia, politika
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude