Inoiz ez da berandu barkamena eskatzeko

Inoiz ez da berandu barkamena eskatzeko –

Inoiz ez da berandu barkamena eskatzeko
Gerra Zibilean fusilatutako apaizei barkamena eskatzeko elizkizuna

Ricardo Blazquez Bilboko gotzaina, Joan Maria Uriarte Donostiakoa, Miguel Asurmendi Gasteizkoa, 200 apaiz inguru, 36ko gerran hildako apaizen senitartekoak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, EAJko agintariak, herritar ugari. Gasteizko katedrala jendez gainezka egon zen larunbatean. Arrazoia: Bilbo, Donostia eta Gasteizko gotzainek barkamena eskatu dute Gerra Zibilean fusilatuak izan ziren euskal apaizen hilketen ostean eliza isilik egon delako. Larunbateko elizkizunarekin bukatu zen isiltasun hori. Oroimena garbitu, egia zerbitzatu, barkamena eskatu, hori zen elizkizunaren helburua.

Hamalau izan ziren Gerra Zibileko irabazleek fusilatutako euskal apaizak: Martin Lecuona Echabeguren, Gervasio Albizu Vidaur, Jose Adarraga Larburu, Jose Ariztimuño Olaso, Jose Sagarna Uriarte, Alejandro Mendicute Liceaga, Jose Otano Miguelez (klaretarra), Jose Joaquin Arin Oyarzabal, Leonardo Guridi Arrazola, Jose Marquiegui Olazabal, Jose Ignacio Peñagaricano Solozabal, Celestino Onaindia Zuloaga, Jorge Iturricastillo Aranzabal eta Roman de San Jose Urtiaga Elezburu (karmeldarra).

Elizkizuna bera sinbolismoz beterikoa izan zen arren, unerik hunkigarriena Martin Lekuona zenaren ilobaren eskutik etorri zen. Andoni Lekuonak ondoko bertsoa abestu zuen:

Gidariak izan ziran;
egin zuten hamaika lan.
Gure senide bihotzekoak
gerrak zituen eraman;
bizia ziguten eman.
Gogoan dezagun izan
Hildakoak oroitzean
sentipenak bihotzean.
Behin betirako bildu gaitezen
azken arnasa galtzean,
bizitzaren arratsean,
Goiko Aitaren Etxean.

Gogoratu behar da, 2007. urtean, Espainian Memoria Historikoaren Legea onartu zen urte berean, errepublikanoen esku hildako 498 erlijioso dohatsu egin zituztela Erroman. Horien artean, jakina, ez zeuden euskal apaizak. Argi utzi zuen horren zergatia Espainiako gotzainen-batzarreko ahotseramaileak: “Hilketa guztiak dira kondenagarriak, baina eraildako guztiak ez dira martiriak”.

Txaloak eta kritikak

Espero zen bezala, Espainiako gotzainen-batzarrak atsekabez hartu du euskal gotzainen jarrera. Izan ere, keinu hau, Rouco Varela-ren aurkako desafioa dela uste dute batzuek. Erreakzio gogorragoak ere irakurri ditzakegu: atzoko ekitaldia gorotz santua izan zela edota ekitaldi hori euskal gotzainek ETAren aurrean erakutsi duten jarrerarekin konparatzen dituzten artikuluak ere aurkitu ditzakegu, besteak beste.

Kontrako aldean, Ahotsak 1936-1997 taldeak begi onez hartu du ekimena, beraien esanetan, gotzainen jokabidea “esperantza iturri” delako. Hala ere, elizkizuna Gasteizko katedralean ospatu izana kritikatu dute, eraikin horrek oraindik ere sinbolo frankistak dituelako.

Jarrera honi jarraituz, seguru euskal gizartean gehiengoa direla larunbateko ekitaldia begi onez ikusi dutenak. Izan ere, adiskidetzea lortzeko ezinbestekoa da barkamena eskatzea eta barkatzea. Nahitaezko lehen urratsa da hori edozein gatazka konpontzeko.

2009-07-13

Inoiz ez da berandu barkamena eskatzeko

Zer duzu buruan “Inoiz ez da berandu barkamena eskatzeko”-ri buruz