Inkesta galdua

Inkesta galdua –

Irati Iciarrek Arabako Alean.

Inkesta galduaOhikoa da inkesten emaitzak ikustea komunikabideetan, hauteskundeak direla, gertaera katastrofikoak direla… herriari galdetu egiten zaio. Eta seguru inoiz zeure artean pentsatu duzula, irakurle, baina nori egiten dizkiote inkesta horiek?

Ba niri. Bai, antza populazioko intereseko segmentu target batean sartuta gaude eta nahiko sarri deitzen digute halakoak egiten dituen enpresaren batetik.

Eta, egia esan, nahiko gustura egiten ditut. Alde batetik, ulertzen dudalako telefonoaren beste aldean dagoen pertsona (ia %100 emakumeak dira) lanean dagoela, eta batek daki ze nolako erantzunak jasoko dituen, beraz, ea ba, goazen ahizpari lana erraztera. Bestetik, ze galdera egiten dituzten ikustea ere interesgarria egiten zaidalako.

Inkestaren hasieran esango dizute “aktualitateko gai batzuen inguruan” galdetzeko dela, espezifikatu gabe, baina gehienetan gobernuaren jarduera edota hauteskundeei buruz galdetzen amaituko dute, seguru.

Orain egun gutxi, halako enpresa batetik deitu zuten.

-Bai?

-Egun on, xxx naiz eta xxxx-tik deitzen dut “aktualitateko gai batzuen inguruan” inkesta bat egiteko. Inkestan parte hartu nahi duzu?

Automatikoki baietz erantzun behar nuen, baina Etxealditik Euskaraldira ekimeneko koloreko tantoa ikusi eta erreakzionatu nuen:

-Bai noski, baina inkesta euskaraz egitea posible izango litzateke?-erantzun nion.

Inkestatzaileak ez zuen sustorik hartu (ufa!) ezta diskurtso menperatzailerik erabili (iuju!), eta zuzenean esan zidan arazorik ez zegoela, bere kide batek beranduago deituko zidala inkesta egiteko.

Poz-pozik utzi nuen telefonoa bere tokian, inkesta egiteaz gain eta euskarak inkesten munduan tokitxo bat zuela ikusi nuelako.

Ba, oraindik zain nago. Egunak igaro dira. Ez didate berriz deitu. Oraingoan ez da deiak etxetik kanpo harrapatu gaituela. Target taldetik ezabatu ote gaituzte? Pena, ze nik inkesta egin, egin nahi nuen.

Inkesta galdua

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude