Injustiziak eta Euskara Jendea

Injustiziak eta Euskara Jendea –

Injustiziak eta Euskara Jendea

Egia estaliko nuke Paperezko Hegoak ikusi izanak barruak mugitu dizkidala aitortuko ez banu. Dokumentalak Euskaldunon Egunkariaren sortze eta suntsitze prozesua du mintzagai, garaiko testigantza zenbaitetan oinarrituz. Hauen artean, duela hilabete eskas batzuk zendu berria den Joan Mari Torrealdairen lekukotasuna bera, gehitutako xarma berezi bat ematen diolarik.

Bistakoa da gure herriari etsaiek eragindako enegarren injustizia honek eragin berezia izan zuela euskara jendearengan. Eragin hau, Martxelo Otamendik definitzen duen moduan, euskalgintzaren begietako niniaren aurka Espainiak erabili zuen bortizkeria eta krudelkeriatik eratorri zen, herri oso baten aurkako eraso bezala ikusi zelako. Krudelkeria eta gezur zaparrada guztiaren aurrean, herri gisa, etsaiak ere espero ez zuen erantzun eredugarria eman genuen.

Nire ezinegona aipatu erantzun horren eta gaur egungo egoeraren inguruan sortzen da. Badago injustiziak salatzeko inertzia bat, baina hauek herriarekiko eraso bezala ikustea atzean geratu da, herriaren (nazioaren) ideia bera atzean geratzen ari den bezala. Gurean, bi estatuk bortxaz okupatutako herrian (demokrazia posiblerik ez dagoen heinean), injustiziak egunero pairatzen ditugu eta ez gara herri gisa inongo erantzunik ematen ari.

Terrorismoaren izenean egunkariak ixtea bidezko ez den bezala, osasunaren izenean gure kaleak kolore guztietako zipaio eta indar okupatzailez betetzea, inposatutako mugetan hesiak altxatzea edo eta euskararen presentzia hutsaren hurrengora izan arte zokoratzea ere injustua da, beste askoren artean.

Gaur egungo jazarpen eta injustizia hauei erantzuteko gaitasuna galtzen ari gara, gure herria, ipar poloko izotz pusketa bat bailitzan, noraezean eta urtzen ari delako. Klima aldaketa murrizteko neurriak etengabe hartzen ari garen honetan, gure izotz pusketak urtzeari utz diezaion neurriak hartzea ere behar-beharrezkoa dugu.

Hori guztia esanda, eguneroko injustizia eta egoera antidemokratikoez jabetzeko nazio-kontzientzia berreskuratzea hil ala bizikoa zaigu.  Ildo beretik, behingoan behin gure agintariei herriaren duintasun linguistikoa eta hortaz, identitarioa, bermatu dezaten aho batez exigitu behar diegu baldin eta gure herriak, Euskaldunon Egunkaria -k ez bezala, etorkizunean hurbilean bizirautea nahi badugu.

Injustiziak eta Euskara Jendea

Zer duzu buruan “Injustiziak eta Euskara Jendea”-ri buruz

  • “Bistakoa da gure herriari etsaiek eragindako enegarren injustizia honek eragin berezia izan zuela euskara jendearengan”

    Bai, baina…

    Suposatzen dut dokumental bera ikusi dugula. Eta niri beste gauza batek ere mugitu dizkit barruak.

    Gobernu autonomikoko agintari jeltzaleek ez zuten bitartekorik aurreztu operazio errepresiboaren efektua Arantzazura iritsi ez zedin. Eta espainiar gobernuaren zirkulutik bideratutako filtrazioren bat baliatuz, lortu ere egin zuten euskaldun guztion gune sakratuaren inbasioa geldiaraztea.

    Horren protagonista nagusia izandako aparatu jeltzalearen ordezkariak, ordea, garbi aitortzen du dokumentalean beste gauza bat iruditzen zitzaiela Egunkariari zegokion arazoa. Azken finean, orduko erakunde armatua klandestinoa zen eta, klaro, klandestinoa izatea zer zen ez genekienok ezin genezakeen jakin Egunkaria klandestinitatetik infiltratutako jendez betea ote zegoen, eta, klaro, susmoen aurrean…

    Antza denez, Arantzazuko abade nagusia, ekonomoa eta fraide porteroa izendatu ahal izateko infiltratzea logikatik kanpo zegoen, baina Egunkariaren zuzendaritza izendatzeko kontua logikaren harian egon zitekeen JELtzaleentzat. Protagonistak Torrealdai, Otamendi, Auzmendi eta beste baziren ere.

    Total, hartan ezertxo ere ez zen egin Egunkariaren kontrako makinaria poliziala geldiarazi zezaketen politikari jeltzaleen aldetik. Keinurik ere ez, alegia.

    Alabaina gehiago mugiarazten ditu hesteak eta barruak dokumentaleko emakume jeltzaleak garatzen duen beste diskurtso-hari batek. Hau da,
    orduko aparatu eta agintari jeltzaleek Egunkaria kasuarekiko azaldu zuten jarrera apatiko interesatu hura justifikatzeko, ejekutiboaren burua inpotentzia-mozorroarekin estali ohi zuela erakusten duen diskurtsoak. “Zer egin genezakeen, ba?” esan, “nos centran a martillazos” esaldi errukigarria bota, eta akabo, horrela jarraian egiten zuten eta egiten ez zuten guztia justifikatuta balego bezala geratzen da.

    Susmoa da ez ote duten berdintsu jokatzen hizkuntz politikaren esparruan “horrelakorik ezin dugu egin” esaten dutenean.