Iñigo Urkulluk ba al du lehiakiderik?

EAJk lehendakarigaia behar du. Behin alderdiko karguak banatuta, erkidegoko buru izateko hautagaia aukeratu behar dute. Informazio guztien arabera, Iñigo Urkullu izango da jeltzaleen apustua. Erabakia hartuta dago ala ba al du lehiakiderik? 

Hauteskundeetarako, programa bat ez ezik, hautagai bat ere prestatu egin behar da. Hautagaiak profil ezaguna behar du izan, nor den jakin behar dute herritarrek, haren aurpegia eta esanak behin eta berriz errepikatuz bada ere. Horrela lantzen dituzte alderdiek, gehiago ala gutxiago, hauteskunde kanpainak. PSEk eta PPk, hurrenez hurren, Patxi Lopez eta Antonio Basagoiti aurkeztuko dituzte. Ezker subiranista, ostera, faktore ezberdinen zain dago.

EAJk Ajuria Eneara itzultzeko aukera handiak dituela aurreikusten da, hala, jeltzaleek hurrengo hilabeteetan aukeratu beharreko hautagaia lehendakaria izan daiteke. Orain arte hautagaia aukeratzeko eztabaida nahikoa ezkutuan izan da, eta horrek aukeretako bat indartu du.

Iñigo Urkullu: EBBko burua 2008 urtetik. Lehendakari abertzalerik gabeko tartean EAJ gidatzeko ardura izan du. Alderdiaren oreka mantentzen asmatu du lidergoari eutsiz. Zuhurtzia nahiz trebezia aldarrikatzen ditu politika egiterako orduan. Ez da hizlari trebea eta emozioak pizteko zailtasunak izaten ditu haren aitzindariekin alderatuz gero.

Idatzi gabeko araua da EAJko burua ezin dela lehendakari izan. Baina bestalde, lehenbiziko aldia izango da oposizioan dagoen EAJ aurkeztuko dela erkidegoko bozetara. Horregatik, arazoen artean txikiena izan daiteke EBB eta Ajuria Enea tarte batez pertsona beraren esku izatea. “Lehendakariagaia aukeratzea eztabaida garrantzitsuena” dela diote Sabin Etxean. Modu ofizialean gaur hasiko da eztabaida alderdian.

Lehiakideak izango ditu? Baliteke ezetz. Halere, gertaerei aurreratu nahian, jarraian Urkulluren balizko lehiakideak:

Josu Erkoreka: Hamabi urte daramatza Madrilgo Kongresuan. Negoziatzaile onaren ospea irabazi du. Balizko lehiakideen artean karisma gehien duenetarikoa da. Urkullu “hautagai bikaina” zatekeela esan du.

Izaskun Bilbao: Europako Parlamentuan egiten du lan. Esperientzia zabal du, eta, besteak beste, legebiltzarreko mahaiko buru izan den lehen emakumea da. Bere izena tartean tartean agertu da lehendakarigai bezala.

Jose Luis Bilbao: Bizkaiko Ahaldun Nagusia, hirugarrenekoz. Hauteskunde emaitza bikainak lortu ditu beti bere lurraldean. Bizkaitik kanpo dago EAJ ahul, eta Bilbaoren hautagaitzak ez dirudi gipuzkoarrak eta arabarrak limurtzeko erakargarriena.

Andoni Ortuzar: Bizkaiko EAJko burua eta Jose Luis Bilbaorekin bat jeltzaleen Bizkaiko gotorlekuaren sinboloa. Oihartzun mediatikoa izaten jarraitzen du bederatzi urtean EITBko buruzagi izandakoak.

Jokin Bildarratz: Tolosako alkate eta EUDELeko buru izan da. Balizko lehiakideen artean ezezagunena da GBBko kidea.

Idoia Zenarruzabeitia: 1999tik 2009ra lehendakariordea izan da, Juan Jose Ibarretxeren makulua. Gaur egun, Espainiako Energia Batzordeko aholkularia da. Eusko Jaurlaritzan izan zuen pisua esanguratsua bada ere, 2009 urtea geroztik alderdiko politikatik urrundu da.

Juan Jose Ibarretxe: Hamar urtez lehendakaria. “Politika utzi” egin zuela iragarri zuen, eta hitzari eutsi dio. Agintaldietan zehar subiranotasunaren bidean ekimenak jorratu izanak arrastoa utzi du. Sinpatia zabala duen pertsona da, baita alderditik kanpo ere, eta emaitza bikainak izan zituen 2009an. Itzulera gezurtatu badu ere, prentsan idatzitako artikulu mamitsuek eta Iñaki Gerenabarrenaren babes hitzek bere irudia berpiztu dute.

Bada besterik?



10 pentsamendu “Iñigo Urkulluk ba al du lehiakiderik?”-ri buruz

  • Egibarren sektorekorik ez? Olano, Jauregi, Goia, Egibar bera?

  • Amonamantangorri 2012-03-26 12:39

    “Idatzi gabeko araua da EAJko burua ezin dela lehendakari izan”…
    Lehendakarigai izan daiteke, baina lehendakari ez, ulertu dudanez. Alegia, arautegiaren arabera, lehendakari hautatua izanez gero, EAJk EBBko buruzagitza berritu beharko luke.

    Esan behar dut web batean irakurri dudala, ez zuzenean arautegitik:

    “Los estatutos del PNV permiten esta opción, así que en el caso de que Iñigo Urkullu fuera nombrado candidato a lehendakari por la bases no sería necesario abrir un nuevo proceso de elección de presidente del EBB, al menos hasta que se procediera a la elección del lehendakari, y el candidato del PNV así fuera elegido”.

  • Urkullutarrek eskatzen badiote, Ibarretxe itzul litekeela uste dut. Gaur Xabier Agirrek berak dio ‘ojala’ hemen.

  • Ibarretxek orain arte ezezko borobila eman du, baita publikoki ere. Garbi dago tiradizo handiko hautagaia litzatekeela. Bere orain arteko emaitzak pixkat erlatibizatuko nituzke, halare: 98an emaitza baleko-onak atera zituen, eta hurrengoetan bikainak. Baina tartean Mayor-Redondo mehatxua eta EAren babesa izan zituen; azkenekoetan ezker abertzelarik ez eta Lopez-Basagoiti mehatxua. Kontestu berri honetan, ez dakit ez ote lukeen bere figura politikoa “erretzeko” arriskurik. Zer dauka irabazteko berak? Eta beste galdera bat: bat dator Urkullismoarekin? Alde ideolojikoak antzematen ditut nik. Halare, hemen esan den bezala, Urkulluk eska liezaioke bera aurkezteko. Horra nire apustua: Urkulluk bere burua aurkeztu nahi du, eta EAJ familia osoaren babesa bilatzen ari da horretarako. Bestela, Erkoreka ikusten dut maila oneneko politikari bezala, ez dakit lehendakari figura izateko, baina…

  • Bildarratz behintzat ez dut imajinatzen nik hor. Bere garaian zurrumurruak izan ziren, bai, baina Tolosan lortu zuen porrotaren ondoren (Bilduk gehiengo absolutua) ez dakit.

  • Bizkaitar bizkaitarra ala gipuzkoako, arabako edo nafarroako bizkaitarra? Hor dago koxka. Bizkaia gotorleku izanik, beste herrialdetan arrantza egitea, edota gotorlekuari beste harresi bat ipini eta kanpoko gehigarriei ongi etorria eta kitto.
    Inkesta egileek eta estrategek burua nahikoa berotu dute honezkero. Nere irudipena da, segurura joko dutela, eliza katolikoa lez, Euko Alderdi Jeltzaileak lider egokirik ezean eustera joango da.

    Aipamentxo bat EAJko Gipuzkoako gipuzkoarrei: Egibarrek irabazi du eta Bizkaiko aparatuaren azpijokotik libratu dela ematen du, oraingoz (gerenabarrena ez bezela).
    Aizkorritik “Dama”bat erratz gainean-edo datorrelakoan nago. Nafarroan Patxiren altzotik sortu eta gaur egun nortasun eta protagonismoa bereganatu duen hura bezelaxe. Argi ibili Egibar trepa-jendea usnan dabilkizu.

  • Nik gustuko nuen Ibarretxe, baina, bigarren bueltak ez lioke mesederik egingo nire iritziz. Zergatik ez emakume bat? oraingoan?

  • >>Zergatik ez emakume bat? oraingoan?

    Eta zergatik bai? Faktore hori, onerako edo txarrerako, kontuan hartzeari uzten diogunean etorriko da benetako berdintasuna.

  • Zenazurrabeitia edota Erkoreka aukera onak izango lirateke Ibarretxek lehendakarigai izan ez nahiko balu. Aukera ona izango litzateke bi hauen artean aukeratuko balute. Gobernu egokia iritsiko nioke lehendakari eta lehendakari orde. Egoki irudituko litzaidake Bildurekin gobernua osatzea ere; adibidez: lehendakari eta orde.

  • Erkoreka oso gustura ikusiko nuke EAJko lehendakarigai Iñigo Urkullu dagoen lekuan utzita, baina jakina, horrelakorik erabakitzea ez dagokit niri baizik eta EAJko militantziari.
    Espekulatzea libre denez, iruditzen zait Erkoreka oso azkarra dela, dialektikarako erreflexu handiduna. Bestalde gizon irakurria ere bada, huntaz eta hartaz dakiena, bereziki aktualitateaz, geure historiaz eta legeez eta, aldi berean, ez dauka damurik Bermeoko jaietan alkandora urdina jantzi eta marmitako baten inguruan lagunekin biltzeko… Administrazioaren maratilak bikainki ezagutzen ditu. Gainera, esan dezagun behingoz, EAJren barruan idazten dakien apurretakoa da, nola eukaraz, ala gaztelaniaz ere. Bere bloga ez da ahuntzaren gaurdiko eztula. Erakutsi duen jarduera parlamentarioa bikaina iruditu zait ia beti eta bere pragmatismo betierekoari esker, jakin izan du EAErentzat onuragarriak diren lorpenak Madrildik erdiesten…
    Okerrerakoen artean, ez nago segur behar beste ezagutzen ote duen jendeak haren irudia, etxeko egiten den ala ez haren fisikoa, baina nago jeltzaleen artean inork ezin dezakeela kolokan jarri alderdiarekiko duen fideltasuna: nire irudimenak ez du ematen Erkoreka EAJtik kanpora edo EAJren kontra ikusteko adina.
    Alabaina ene beldurra ez da hainbeste Erkoreka, Urkullu, Zenarruzabeitia ala besteren bat izango ote den lehendakarigai. Hurrengo hauteskundeetarako nire beldurrik handiena da inkestek aukera abertzaleei ematen dieten gehiengoa antolatzeko gai izango den gizon edo emakumerik ba ote den gurean ala, beti bezala, geure artean hasiko garen aizkoraka. Nolabait esateko, genetikoa dirudien etxekalte izateko abildade izugarri hori gainditua dugunentz ETAren meniaz geroztik.