Ingurunea birpentsatzeko abagunea

 

Ia 50 egun etxean itxita egon ostean, azkenik kaleak berreskuratu genituen, baina jada ezer ez zen berdin. Ondo gogoratzen ditut deseskaladako lehen egunak, mugikortasuna bizitokitik kilometro bateko eremura mugatuta genuenean: Gaindegiko webgunera jo behar izan nuen kilometroaren muga hori norainokoa zen jakiteko.

Ingurunea birpentsatzeko abagunea

Nire lehen kezka, ea paseatzeko espazio atsegin batera joateko aukera izango nuen izan zen. Zorionekoa ni, Txurdinagako parkearen zati bat nire mugikortasun esparruan zegoelako. Izan ere, lagun askok ez zuten aukerarik izan ordubeteko ibilaldi hori espazio atsegin eta osasuntsu baten igarotzeko, eta horrek zer pentsatu eman beharko liguke guztioi:

Gure auzoan bertan, ba al dugu aukerarik bizitza duin eta osasuntsuak ahalbidetuko dizkiguten beharrizan guztiak asetzeko? “auzoan lan eta bizi” esamoldeaz harago, gure bizitokitik gertu, ba al dugu aukerarik tokiko saltokietan elikagai osasuntsuez hornitzeko? edo lehen arretako osasun zentro batean zainduak izateko? edo haurreskola publiko batean plaza bat lortzeko? edota aisialdi osasungarrirako espazioez gozatzeko? Eta aipatutako guzti horiek egotekotan ere, nahikoak al dira?

Dakigunez, konfinamenduaren osteko deseskalada faseek aurrera egin ahala, hiriguneko parke eta berdeguneetan jendetza biltzen hasi da, askotan gainezka egin arte. Eta hasi berri dugun ezohiko uda honetan, ez dirudi egoerak onera egingo duenik: Distantzia fisikoa mantendu behar izateari, gehitu behar diogu, alde batetik, Bilbon eskura dugun uda garaiko kale aisialdi alternatiba nagusia, alegia, udal igerilekuak, mugatuta egongo direla, ohiko aforoaren heren batera. Gainera, bilbotarrek gehien bisitatzen dituzten gertuko hondartzetarako sarbidea ere murriztuta egongo da eta, azkenik, ezin dugu ahaztu, pandemiaren ondorio ekonomikoak direla eta, pertsona eta familia askok ez dutela hiritik kanpo oporrak ordaintzeko diru sarrera nahikorik izango. Horrek eragingo du uda honetan inoiz baino bilbotar gehiago egongo garela botxoan, beroaldiari aurre eginez.

Egoera honen aurrean, tokiko administraziotik emandako erantzuna ere aztertzekoa da: Deigarria izan da, espazio publikoari dagokionez, zenbait udalek hartutako lehen neurrietako bat terrazei espazio handiagoa eman izana. Gerora etorri ziren bestelako neurriak, esaterako, asteburuetan errepideak oinezkoentzako egokitzea; guztiz egokia, baina lehentasunak non dauden argi ikusi dugu. Txin-txin, diruaren hotsa.

Pandemiak ezer onik ekarri badu, gure lehentasunak berrantolatu izana da, eta era berean, gure ingurunea beste begi batzuekin ikusteko aukera eskaini digula (etxetik hasita, horra etxebizitza publiko berrietan terrazak bermatzeko proposamena): Hirian bizi garenok kalitatezko espazio publikoa nahi dugu, espazio zabalak, osasuntsuak eta etxetik gertu. Udako beroari aurre egiteko aukera onena ezin da izan merkatal guneko aire egokituaren bila joatea.

Aldiz, egoera honek hirigunean espazio berriak antolatzeko aukera zabaltzen digu, eredu kapitalistak inposatzen digun kontsumo aisialdi eredu bakarretik at. Hau da momentua kolektiboki dena birpentsatu eta, zergatik ez, alternatiba berriekin esperimentatzen hasteko. Horregatik, EH Bildutik Bilbon hondartza berdeak deritzon espazioak zabaltzeko proposatu dugu, dagoeneko zabalik dauden zenbait eremuetara itzala, dutxak edota ur iturriak bezalakoak eramateko. Gure hiria bizigarriagoa izateko ideia xume bat, urrats txiki bat; eta halako beste hamaika beharko ditugu hilabeteotan bizi izan dugun egoeraren ondorioak kudeatu eta, etorkizunean halakorik berriz gertatuz gero, baldintza askoz hobeagoetan aurre egiteko.

Ingurunea birpentsatzeko abagunea

Ingurunea birpentsatzeko abagunea

Irundar Bilbotartua. Mundu eta Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko erronkan @EHBilduBilbo-ko zinegotzi eta @Alternatiba-ko kide.