Desazkundea? Bai zera! (IV) [Ingurugiroa]

Desazkundea? Bai zera! (IV) Ingurugiroa –

Lehenengo aldia bada post honetara hurbiltzen zarena Desazkundea hitza irakurrita jakin ezazu beste hiru ere idatzi ditudala aurretik:

=========================================

Rajoyren lehengusua. Nire lehengusuak zera esan dit: “Mundu mailako hamar zientzialaririk ospetsuenetakoak etorraraztea lortu dudanez, haiekin solasean aritzeko aukera izan dut gaur. Hala ere, bakar batek ere ez zidan ziurtatu ahal izan bihar zer eguraldi egingo duen Sevillan. Eta maila horretako zientzialariek ezin badute egun batetik besterako eguraldia aurresan, nola jakingo dugu, ba, hirurehun urte barru zer gertatuko den klimarekin?”. Bat nator nire lehengusuarekin: klima-aldaketaren kontu hori ezin dugu inola ere mundu mailako arazo nagusitzat hartu.

Hala zion gure aitona Marianok 2007an, gu mariatzeko, mariaren ondorioak izango balitu bezala. ”Aizu, nik ez dakit nola egongo naizen datorren astean, baina garbi daukat nola egongo naizen ehun urte barru” erantzuten dio Joserra Gartziak Jendeaurrean Hizlari liburutik eta bide batez, aitonaren amarru maltzurra azaleratuz: nahi zituen premisak erabili eta beharrezkoa zena ezkutatu. Entimema (115. orria) deitzen omen da, Gartzia maisuaren arabera, premisetako bat isildutako silogismo mota hori.

Eta orain galdetuko duzu, zenbat aldatu da buruargi brigada hori 2007tik? Ez asko kamarada:

Hala ere ez daude lotan, jakin badakite, trantsizioaren atarian gaudela klima (aldaketa) aldatzen dagoela eta asko dagoela jokoan. Bero bero (laster 2 gradu) daude eta energiaz (berriztagarriz) gainezka badakite negazionismotik negozionismora (greenwashinga aplikatuta, zuriketa berdea) doazela ur berriztagarriak.

Ezezagunerako bidaia. Nire aurreko postak irakurri badituzu ezkortzat eta katastrofistatzat naukazu agian, beraz, zaindu dezagun erreputazioa. Beste liburu ezkor eta katastrofista batekin natorkizu oraingoan ere: Ezezagunerako bidaia. Iñaki Petxarroman. 2020. Aldaketa klimatikoaren eta bioaniztasunaren galeraren inguruan eduki ondo dokumentatua eta sintetizatua irakurri nahi baduzu hor duzu liburua zain zure liburu-dendako apalategian zurekin etxera joateko. Benetan diotsut, ez zara damutuko.

Baina gaur ez diguzu ezer kontatu behar edo zer? Ezer gutxi irakurle, gaur etxeko lanekin natorkizu badakit eta, aste santuko oporretatik indartsu eta gogotsu zatozela. Eta etxeko lanekin jarraituz hona hemen beste perlatxo bat: El otoño de la civilización. Juan Bordera eta Antonio Turiel. 2022. Bo, bo!!, beste bi malthusiar katastrofista kontzientziak arrotzen!!

Atera kontuak, bi liburu horiek bakarrik irakurrita, gure politikoen %80a baino informatuago egongo zara eta legitimatuta kontuak eskatzeko datozen urteetan. Hortaz, denbora inbertsio egokia egingo duzuna.

Beraz, has gaitezen gaurko gaiarekin. Ez zenuen pentsatuko baina ikastordua etxeko lanekin bakarrik beteko nuela!!!

Egia aitortu behar dizut irakurle, egunak daramatzat aztertzen nola heldu gaiari zu ez aspertzeko eta kontatu nahi dudana nola azaldu ezer ezkutuan utzi gabe, eta ondorio batera heldu naiz, bi helburu horiek ez direla bateragarriak. Hain da asko kontatu behar dena ia webgune oso bat eraiki beharko nuke gaia taxuz azaltzeko. Beraz ahalegintxo gisa har ezazu ondoren datorrena, sarreratxoa motibatzeko gehiago sakontzera gaia. Berriz diotsut, hau baino hurbilpen eta azterketa serioagoa egin nahi badiozu gaiari, irakur ezazu Iñaki Petxarromanen liburua ez zara damutuko eta.

Sistema konplexuen ezaugarrietako bat beraien portaera ez lineala da. Portaera hori erraz erraz azaltzeko gure gorputzaren tenperaturak balio dezake adibide gisa. Goiti-beheiti, tenperatura hori 37 gradu inguruan dagoenean gure gorputza osasuntsu dago eta bizitza normala egin dezakegu baina gradu bat gehiago igotzen denean, bai gradu ziztrin bat gehiago igotzen denean guztiz aldatzen da panorama. Hori da hain zuzen portaera ez lineal bat: gradu bakarraren hazkunde txatxar horrek kriston eragina du gure gorputzean. Eta gure Marianoek eta Casadoek ez dute ulertzen hori (edo bai!) ez dira gauza (edo bai!) egoera analogo hori Amalurrarera lekualdatzeko. Nik ez dakit zuk baina nik ez diet sinisten eta ez naiz bakarra, zientifikoak ere aspertzen hasiak dira hitzaldietan behin eta berriz gauza bera errepikatzen; kokoteraino daude txosten ikusezinak idatzi eta idatzi (IPCCren azken hiru txosten nagusiak 4.000, 3.500 eta 3.000 orri ingurukoak dira). Eta hain da larria egoera mugitzea (scientist rebellion) erabaki dutela.

Izan ere, Nature aldizkariak IPCCko 233 zientzialariri inkesta anonimo bat bidali zien 2021ean eta 92ren erantzunak jaso zituen, talde osoaren %40 inguru (horrek asko esan nahi du zientziaren ekosistemak nola funtzionatzen duen: kontuz zientzialari!!, gogoratu zure proiektuak eta bekadunak norbaitek finantzatu behar dituela!!).

Desazkundea? Bai zera! (IV) [Ingurugiroa]

Industria Iraultza baino lehenagoko baldintzekin alderatuta, inkestatuen hamarretik seik zioten mende amaierarako planetaren batez besteko tenperatura gutxienez 3 gradu igoko dela!! Lekutan gelditzen dira Parisko Hitzarmenaren (2015) muga haiek: 1,5 – 2 gradu.

Beraz, ez da informaziorik ez dagoela; beraz, ez da agintariak eta politikariak ez daudela informatuta arazoa sinpleagoa da: dugun egitura tekno-industriala ez da bateragarria Amalurrarekin epe luzera.

Amalurrak ez digu zigortzen urakanak bidalita okerrak izan garelako, ez ditu ziklogenesiak maite politak direlako, ez da tsunami zalea estetikoki erakargarriak direlako, oreka homeostatikoaren bila dabil etengabe eta nekatzen hasia da. Gu bitartean, Holozenoa arbuiatu eta utzi nahian gabiltza Antropozenoa gurtzeko. Bidean, urtaroak pikutara bidaltzen ditugula klima aldaketa dela eta, don´t worry!! Horrekin, agian, epe ertain edo luzean, nekazaritzak behar duen egonkortasun klimatikoa kakatzara botatzen dugula, be happy!! Elon Muskek Martetik ekarriko dizkigu eta azenario galaktikoak. Bitartean, permafrosta urtu eta karbono dioxidoz, metanoz eta oxido nitrosoz betetzen dugula atmosfera, don´t look up!! Elon Musken kohetea hartu eta Marte kolonizatuko dugu. Elonek ez du sekula ulertuko ez dela ibaia ibai-arroa baizik, ondo dion bezala Iñaki Antiguedadek, kontuan hartu behar dena betaurreko holistikoak ipinita.

Berote handienean eta kontrolik gabe, suak (aldaketa klimatikoarekin, bioaniztasunaren galerarekin, erregai fosilekin) pizten ari gara oihanean han eta hemen, eta Amalurra jakina, autodefentsa estrategiak inplementatzen hasi da: zirkulazio termohalina mantsotu egiten du eta hala, atmosferaren zirkulazio patroi berriak sortzen ditu beroa eta hezetasuna banatzeko eta hemen hasten dira istiluak, ezagutu izan ditugun urtaroak amaitzear egon daitezke eta nekazaritzak nahitaez, urtaro ziklikoak behar ditu era organikoan funtzionatzeko.

Beste hainbeste ozeanoekin. Jakin badakigu, ozeanoek -gure gordailu termikoak!- poliki erantzuten dutela inertzia handikoak direlako. Atmosferaren beroa xurgatu eta xurgatu egon dira azken urteetan eta akitzen hasiak dira. Ozeanoetan mantso gertatzen dira aldaketak baina gertatzen direnean erne!, sendoak eta iraunkorrak izaten dira eta, ondorioz, agur Holozenoak eman digun egonkortasun klimatikoari.

Amaitze aldera ariketatxo bat proposatzen dizut irakurle. Demagun, goian azaldu dudan guztia gezurra dela, bazterrak nahastu eta bere sobieta muntatzeko, katastrofista talde (txiki) batek antolatutako konspirazioa dela. Hala ere, jakin badakigu, aurreko postak irakurri dituzulako, erregai fosilak amaitzen ari zaizkigula baina teknoptimista sutsuak garenez energia berriztagarrietan ipini dugu itxaropena Arkadia berria eraikitzeko. Izan ere, Victor Hugo parafraseatuz, ez dago ezer boteretsuagorik bere garaia iritsi zaion ideia bat baino. Arkadia horretan, artzain txakurraren ordez dronak izango ditugu eta artzain zibernetikoek Aritz Ganboa guztiak ordezkatuko dituzte.

Desazkundea? Bai zera! (IV) [Ingurugiroa]

Trantsizioa gauzatzeko, panel fotovoltaikoak eta aerosorgailuak beharko ditugu ibaika eta Casado buruargiak dion bezala, gauez ez baitago eguzki izpirik, bateriak ere, energia metatzeko. Horietara heltzeko, goiko irudi horretan duzu sintetizatua gizakiak gauzatu duen ibilbidea haize- eta ur-errotetatik hasita. Ehun bat urte geroago lurrun-makina asmatu zen eta beste ehun urte barru barne-errekuntzako motorra. Bidean, biztanleria esponentzialki hazi da eta materialen premia eta dibertsifikazioa asko ugaldu da. Adibide gisa hona hemen poltsikoan daramazun zure telefono adimenduaren despiezea geruzaz geruza:

Desazkundea? Bai zera! (IV) [Ingurugiroa]

Eta hemen hasten dira koplak eta buruhausteak, sortu dugun zibilizazio tekno-industrial honek ia taula periodiko osoko materialak behar ditu martxan jarraitzeko eta datozen urteetan material batzuen (Litioa, Nikela, Kobaltoa, Manganesoa,..) beharra larria eta handia izango da Energiaren Nazioarteko Erakundeak (ENE) dion bezala:

Desazkundea? Bai zera! (IV) [Ingurugiroa]

Eta Alicia Valerok eta bere aitak Antonio Valerok aspaldi zioten bezala:

Desazkundea? Bai zera! (IV) [Ingurugiroa]

Eta zein estrategia aholkatzen du ENEk material kritiko horiek eskuratzeko: eman daitekeen darwiniarrena!!, hasi akaparatzen ahal duzuna ahal duzun azkarren ez da egongo eta denontzat!!

Hiru hausnarketa azkar goian esandakoaren harira:

1.- Material kopuru erraldoi hori kudeatzeko (erauzteko, garraiatzeko eta prozesatzeko) energia behar da eta proportzio handi batean, energia ez berriztagarria, ez dugunean sobera.

2.- Trantsizioa gauzatzen ari den bitartean sistema ezin da gelditu. Jakina, hori ondo gauzatzeko, ez duzu energia arazorik eduki behar prozesuan. Eta hasi baino lehen arazoekin gaude.

Desazkundea? Bai zera! (IV) [Ingurugiroa]

3.- Liebig-en minimoen legea. Liebig-en legea populazio biologikoetara hedatu da (eta ekosistemen ereduetan erabili ohi da). Organismo baten hazkuntza (landare bat adibidez) hainbat faktoreren araberakoa izan daiteke: eguzki-argia edo mantenugai mineralak (nitratoa edo fosfatoa). Hauen erabilgarritasuna alda daiteke, halako moldez non momentu jakin batean batzuk beste batzuk baino mugatzaileagoak baitira. Liebig-en legeak dio, baliabide denetatik, baliabide mugatzaileenak baldintzatzen duela hazkundearen erritmoa. Upelaren adibidean ikus daiteke nola upal-ohol txikienak mugatzen duela upelaren ur kopurua.

Kontu egin zenbat eta konplexuagoa den zure artefaktua (ibilgailu elektrikoa, ordenagailua, telefono adimendua,..) orduan eta zorrotzago aplikatzen dela Liebig-en legea ekonomia neoklasikoaren ordezkagarritasunaren estrategia zailagoa baita aplikatzen.

Beno irakurle honaino heldu bazara sekretutxo bat kontatu behar dizut, ni ez naiz Groucho Marx, Groucho Marx hilda dago. Asteotan konturatu naiz GrouchoMarx2022 horrekin jarraitzen banuen Bernardo Atxagari gertatu zitzaiona gertatuko zitzaidala, azkenean, beste Bernardo Atxaga bat izango nintzela -izen kontuetan diot ez eskribitzen- Jose Irazu Garmendiaren gorputzean!! Jose Irazu Garmendia, Bernardo Atxaga da eta bizirik dago!!!

Gainera, nire benetako izena eman banizu arrapaladan joango zinen Orakuloarengana eta idatzi Jose Ramon Zubizarreta.

Laguntza txikia bilaketarako: – Ez, ez, ez naiz PNVko hori, izena ematen/afiliatzen saiatu nintzen –badakizu, inoiz ez da jakiten noiz– baina oraingoz nahiko dutela batekin!! Ez naiz ezta, Deustun ikasi zuena ere. Bai, beste hori naiz.

Ingurugiroa  Ingurugiroa  Ingurugiroa  Ingurugiroa  Ingurugiroa Ingurugiroa  Ingurugiroa  Ingurugiroa  Ingurugiroa  Ingurugiroa  Ingurugiroa  Ingurugiroa 

Ingurugiroa 

2 pentsamendu “Desazkundea? Bai zera! (IV) [Ingurugiroa]”-ri buruz

  • Eskerrik asko, tetralogia horretan ederki azaldu duzu geure etorkizuna, beno, oraina, nolakoa den. Bide batez, endodonzia behar dudanerako, badakit norengana jo. 😛

  • Groucho Marx Harporen anaia 2022-05-01 09:32

    Harpo!!, esana dizugu familiako kontuak larunbateko bazkarietan argitzen ditugula!!
    Endodontzia dela eta: bai hala da, doktorea naiz baina informatikan. Sentitzen dut baina zure endodontzia hori tratatzeko Zubizarreta Arranz nire tokaioari deitu beharko diozu, nik Bitak eta Bytak kudeatzen lagun zaitzaket bakarrik Zubizarreta Aizpuru baitnaiz.
    Eskerrik asko iruzkinagatik!!
    endodontziarenarekin irrifartxoa atera didazu!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude