Infrasoinuak

Infrasoinuak –

Olatz Salvadorrek, Klitto! agerkarian.

Egungo musika jaialdi masiboetan, ezkertiak %10 inguru dira. Bai, zoriz espero litekeena da. Altuak, bajuak, burusoilak, iletsuak eta berde koloreko begiak dituzten pertsona kopuruaren estatistika zoriz espero litekeena da, populazioaren proportzioetara estrapola litekeen lagina, alegia. Taula gainera igotzen garen emakumeok, ordea, ez gara %10era iristen. Ez da zoriz espero litekeena. Bertsolariak gu baino lehenago ohartu ziren: ez da kasualitatea.

InfrasoinuakEszenatokia eskaparate bat da. Podium bat da. Hierarkikoki gu baino altuago jarri eta akustikoki guk baino ozenago oihukatzeko ahalmena duen espazioa. Gaueko iluntasunetik irteten den oasia da fokuek argiztatzen dutena, begirada guztiak bertara zuzentzeko. Mikrofonoak agintzen du; berari ematen diogu boterea. Eta hau betetzen dutenak eredu bilakatzen ditugu, ezer zalantzan jarri gabe. Txalotu eta desiragarri bilakatzen ditugu. Jaurtitzen dituzten mezuak ereserki gisa oihukatzen ditugu. Musikak botere hori ematen die.

Badira normaltzat hartu dutenen korronteen kontra hasi direnak ere. Batzuk askotan gogorarazten dizute emakumeak behar zituztelako otu zaiela zuri deitzea, zure bertute gorena hori izango balitz bezala. Ikusgarritasuna oso beharrezko dugun honetan, ezinbestekoa zaigu erreferenteak zabaldu eta dauzkagunen zama arintzea. Astintzea.

Kuotez harago, eremu bat maskulinizatuta dagoenean, ez da erraza emakume bezala legitimatua sentitzea arrotz sentitzen bazara. Nik konpartitutako kamerinoetan, eta esperientzia pertsonalaz ari naiz, %90 gizonezkoak izan dira. Bere burua zilegi ikusi dute bertara sartu eta espazio hori okupatzeko. Bertan egon diren emakumeen portzentai eskasa, bikotekideak izan ohi dira, bertako hierarkian bigarren maila batean geratuko direnak, erdigunea eta protagonistak, berriro ere, gizonezkoak direlarik. Batzuk agian ez dira ez taldekideak, ez senideak, ez lagunak izango, baina eroso sentitu dira agian gonbidapenik ere jaso ez duten espazio pribilegiatu horretan. Oso lagun dudan musikari batek esan ohi du hobe dela barkamena eskatzea baimena eskatzea baino. Eta iruditzen zait horrek azal dezakeela argazki horretatik asko. Emakume kategoria ezarri zigutenean bertan erabaki zutelako beraiek barkamena eskatuko zutela, eta guk baimena.

Instrumentu bat jotzeari dagokionez, guk gitarra akustikoa, kajoi bat akaso. Beraiek elektrikoak, bajoak, bateriak eta mugarik gabeko dezibelioen eztanda. Guk bazkalosteko kafeko doinuak. Ez oso altu, badaezpada. Distorsioa lehen aldiz probatzen ikusi ditudan emakumeak, bere burua entzun orduko, susto aurpegia jarri eta bolumena jeisten ikusi ditut, eta oso eszena esanguratsua iruditzen zait bizi gaituen errealitate honetarako.

Ez gara protagonista izateko hezi. Ez gaituzte egin gure gorputzek erdigunera eramanda jasaten duten epaia jasateko, eta ezkutatu egiten gara nahi gabe. Diskrezioz jokatzen dugu, badaezpada.

Gizon asko ikusi ditut eszenatoki gainean kamisetarik gabe. Beste batzuk sare sozialetan publiko egiten dute azken musika jaialdian frontman bezala atera zirenean zeramaten mozkorra, kontzertu osoaz ez gogoratzea lasai asko onartuz. Batzuk arropa kendu eta dekadentziaren zirkua montatzen dute. Masturbazioaren edota felazioen performanceak irudikatzen ikusi ditut, baita ere. Irainak mikrofonoaren ozenean esaten, bolumenak ematen dion botere guztia bere eginez. Desafinatuz, premeditazio eta alebosiaz, belarri eta enpatia gutxiz. Batzuk, sarri, oholtzari errespetu asko agertu gabe.

Beste aldean, emakume asko ikusi ditut, kontzertu aurreko egunean loak hartu ezinik. Kontu handiz erabaki dutenak zeintzuk izango diren jantziko dituzten arropak. Jakin badakitelako begi bistan daudenean jasango duten epaia sexuala ere izango dela. Agian, bere burua kritikari kulturalez duen horrek beren orrazkerari buruz idatziko duelako, haien gitarraren soinuaren aurretik. Ikusi ditut beren buruari mila aldiz galdetuz ea nahikoa ote diren bertan egoteko, urduritasunak mamu eta damu guztiak atera arte. Batzuk deseroso; besteak, kontzertu osteko diruari ezezkoa esanez. Merezi ez duten zerbait onartzen egongo balira bezala. Txaloak, lehen planoak, miresmenak eta oihuak, kasu onenetan behintzat. Hasieran, ez da aske sentiaraziko zaituen espazio segurua, ez badiozu zure buruari hor egoteko onespena ematen.

Edozein herriko jaixetan, guztiei buruz astakeriak zezeldu eta, kontzertuaren showaren barruan, eszenatokitik ondoko belardira salto egin, pixa egin, igo eta abesten jarraitu duten gizon kuadrilekin goizeko ordu txikietan oholtza konpartitzea tokatu izan zaigu, beste batzuk komuneko txanda amaigabeetan itotzen garen bitartean. Komunik ez zegoen jai batzuetan, belardi batean pixa egiten ari nintzela, barre batzuk nabaritu nituen eta, buelta ematean, mugikor bat ikusi nuen grabatzen. Eta hau da batzuk atzera eta besteak aurrera pausoa ematearen funtsaren adierazgarri.

Oholtzara igo nintzen lehen aldian deseroso sentitu nintzen. Gaitasun guztiak kolokan jarri zitzaizkidan eta behera begira pasa nuen emanaldia. Nire buruari esan behar izan nion bertara igotzen nintzen aldi bakoitzak ausart egiten ninduela, eta eroso sentitu arte egin dut ahalegin emankor hori. Apologia egingo diodan hori sentitu arte. Benetan delako edozeini gomendatzen diodan esperientzia. Erraiak harrotzen dizkizuna.

Andrea eta Jonek zioten ez aldentzeko dantzaren erditik. Mireni eta Gorkari entzun diot ez garela infrasoinuei arreta jartzeko gai. Ea arruntetik irteten ikasten dugun, arreta jartzen hasteko. Behingoz aintzat hartzeko.

Infrasoinuak Infrasoinuak Infrasoinuak Infrasoinuak Infrasoinuak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.