Indignautak

La cuadrillaEz dira ekintzaileak, egonzaleak baizik. Indignatuta, haserre daude, egon. Ezer egin barik, inon ekin barik, inogaz batu barik, ezer mugiarazi barik.
Zero grabitatean hegaz egiten daben astronauten antzera. Goitik edo bazterretik, gutxi-asko busti egiten diren lau tematiei so, ikaraz, geldo eta nagi. Indignautak dira. Egoeraz kezkatuta dagoz, egon.

Egoera ekonomikoaz, langabeziaren hazkundeaz, lankideak be lanpostua galdu izanaz, politikarien gaitasunik ezaz, ustelkeriaz, iruzur-izurriteaz, edo euskararen bilakaera kezkagarriaz eta kolonizazio gupidagabeaz, oso kezkatuta dagoz, egon.
Kafea hartzen dagozala bizi-bizi edierazten dabe euren haserrea, egonezina… egonean.

Lagunartean, garagardoa eskuan, haserreak eta zaratak gora egiten dabe, gero eta ozenago, hirugarrena edo laugarrena hartuta, bustiaren bustiaz haserrearen sua urtu egiten den arte.

Bada manifestazioren batean parte hartu duenik ere. Eta kitto.

Ez eskatu hortik aurrerakoĀ  jardun eraginkorrik, edo elkartasunik, berbazkoa ez bada. Izan be, ez da protesta egiten dabena. Indignautek egoeraren kontakizuna egiten dabe, testigantza hutsa, antzua, errepikakorra eta ondoriobakoa. Edo ondorio onik gabea behinik behin.

Haserre dagoz egonean. Eskura daukatenari ere erantzuteko ezgauza, animoak emateko ere, motzak dira indignautak.

Nahikoa lan, tabernan edo, ordenagailuan edo telebistaren aurrean, udala edo gobernua, Kapitanamerika edo Xabinaitor, guztiok salbatzera noiz etorriko zain.

10 pentsamendu “Indignautak”-ri buruz

  • kontenedorearen aldekoak dira hauek, seguruenik… birziklatu nahi ez dutenak, edo gutxi.

  • Peru Dulantz 2013-06-03 11:00

    Bada, manifaren batean parte hartzen badute, horrekin bakarrik, ekintzaileen elitean kokatzen dira,
    gizarte honetako % 90a baino gehiago egiten baitute.

  • Badira “mundu-salbatzaile”-tzat bere burua duten asko Euskal Herrian, manifestazioetarako joan, haragirik jan ez, zezenketen kontrako manifestazio eta kamisetak jantzi, esplotazio infantila kritikatu, multinazionalak kritikatu, produktu ekologikoen alde egin, atez atezkoaren aldeko apustua etab. baina hau guztia egin ondoren kontraesanez betetako bizitza bat egiten dutenak ere.

    Guztiak zaku berdinean gaudela konturatzen ez direnak ere asko daude. Oporretarako joateko bost milioiko furgoneta kutsakorrarekin, Pariserako joateko AHT-a erabiltzen dutenak, larunbatetan kokakolaz egindako kalimotxoak edaten duena. etab.etab.

    Manifestazioetarako joatea lan-alferra dela uste duten asko daude.

    • Peru Dulantz 2013-06-03 13:25

      Nik atez atekoaren aurkako plataformako bat birziklatzen ikusi nuen… Hori bai hori kontraesana!! šŸ˜‰

    • Bada “koherente”-tzat bere burua duen asko Euskal Herrian, bere bizitzako arazo guztien aurrean erosokerian erortzeaz gain aldatzeko inongo interesik ez duena eta, norbait zerbait hobetzeko proposamen batekin datorren orduko, haren inkoherentzien kartila irakurtzeko prest egongo dena.

  • Manifestazioetara joatea alferlana denik ez dut nik esan. Uste dut garrantzitsua dela manifestazioetara joatea.
    “Bada manifestazioren batean parte hartu duenik ere. Eta kitto.” idatzi dut.
    Iruzkina kexa eta kexa ibili bai, baina EZER egiteko prest ez daudenei dedikatua zen. Beste barik.

  • Ez dut ulertzen nori egina den artikuluaren kritika. Jendearen 99,5% baita horrelakoa.

  • Nire ustetan kontraesanean erortzen den norbait inoiz ezin da adibide izan, beraz inor ez da adibide.
    nahiz eta jakin hoebetzeko mila gauza daudela, eszeptisismoa da nagusi gizartean, eta ulertzekoa da. “Arrazoizko” argumentuak erabiltzen dituen norbaiti kasu egin eta denborarekin esandako berak ere egiten ez duela konturatzean pertsona eszeptiko izateko aukera asko ditu. Beraz, gauza oker doazenean dauden kritika guztiekin eszeptikoa izatea normala iruditzen zait, jakinda gauza askotan arrazoi dutela.

    Arrazoia izatea ez da nahikoa jendea elkartzeko.

    • Peru Dulantz 2013-06-03 15:19

      Lege horren arabera, inor ezingo litzateke inoiz mugitu zerbaiten alde edo kontra. Denok ditugu kontraesanak, eta izango ditugu, beti. Nor da koherentea bere bizitza osoan? “Gizena bazaude ezin zara ezkertiarra izan” edo “Erretzailea bazara ezin zara erraustegiaren aura egon”. Dedio! Hori da hori enbutu estua!!

    • Peru Dulantz 2013-06-03 15:23

      Asko gara adibideak, gutxi batzuk, ordea, ereduak.