Independentzia, utopikoa ala praktikoa?

Eneko Olasagasti zuzendariak, aurten zinemarentzako laguntzak banatzeko batzordeko kide izan dela-eta, bere esperientzia kontatu eta, Donostiako Zinemaldiaren atarian gaudela profitatuta, gurean ikus-entzunezkoak arautuko dituen lege bat eskatu du; Argia aldizkarian idatzitako artikulu honetan:

 .

Independentzia, utopikoa ala praktikoa?Aurtengo Zinemaldian aurkeztuko diren filmen artean badira espainiar edo euskal zinearen izendapenpean aurkeztuko zaizkigunak, baina praktikoki denek dute espainiar naziotasuna. Eta hori Espainiako Kultura Ministerioak ematen du ekoizpenean egiten den inbertsioaren nazionalitatea begiratuz. Eta horretaz aparte, eta besteak beste, espainiarrago egiten dituzten diru laguntzak ere banatzen ditu. Aurten, laguntza horiek banatzeko aitzakiarekin antolatutako batzordeko partaide izan naiz. Euskal Herria ordezkatuz edo.
.
330 film aurkeztu ziren. Hiruko taldeetan banatuta aztertu genituen. Beraz niri 65 egokitu zitzaizkidan. Hilabete eskasean irakurri, aztertu eta puntuatuta birbidali genituen. Puntuaketa objektiboa 50 puntura iritsi zitekeen, subjektiboa beste horrenbeste. Zer esanik ez, nire eskuetatik pasa ziren Euskal Herrikoak puntuaketa altuarekin joan ziren. Baina ziren guztiak ez ziren niretik pasa. Bueltan, galbahea pasatutako 33 jaso nituen lau egunean aztertzeko. Euskal Herriko besteren bat ere tarteko. Batzordea bildu eta 23k jaso zuten laguntza. 6 euskal zinea deitzen zaion sailekoak. Portzentaje altua hala ere prozesua den bezalakoa izateko. Egun horretan ere jakin nituen euskal zuzendari eta ekoiztetxe esanguratsuen egitasmo batzuk, nire ordenatatik pasa gabeak, bidean geratu zirela. Baina dagoeneko ezin nuen ezertxo ere egin. Zaila da lerro gutxi batzuetan prozedura laburbiltzea baina hitzen bat aukeratzekotan “loteria” aukeratuko nuke.
 .
Zer ikusia du horrek artikuluaren goiburuarekin? Sinplea. Euskal zineak Espainiarekiko duen menpekotasunaren beste adierazle bat besterik ez. Zeren, gogoratuko dut berriro, finantziazioak ematen baitio naziotasuna filmari. Eta pelikula asko ez lirateke egingo Madriletik datorren dirurik gabe, dela Ministerioa dela telebistaren bat. Eta ia beti zozketa batean parte hartzen ari garela sentituz.
.
Eta zer egin dezakegu hori aldatzeko? Independenteak izateari itxaron, utopiaren menpeko, gure naziotasuna aldarrikatuko duen sistema propioa sortzeko. Ala, praktikoak izanik gure sistema propioa sortzen joan. Aukeran nik ez dut dudarik. Garbi dago zine mota batek beti beharko dituela koprodukzioak, bai Espainiarekin bai beste herriren batekin. Baina badira ere behar hori izango ez duten ekoizpenak. Eta neurtzeko herri honek duen ahalmena, batzuk edo besteak ekoizteko, lege bat behar da, ikus-entzunezkoak gure herrian arautuko dituen lege bat. Eta erakunde bat ere, Euskal Industria Kulturalen Erakundea, EIKE, araua betearazteko. Edo ipini nahi duzuen akronimoa, baina erakunde bat erabakitzeko Zinemaldian aurkezten diren filmek Euskal abizena eraman dezaketen edo ez. Beste nazioetan bezala, ze kristo! Zeren zain daude, bada, batzuk eta besteak?
(Argazkia: NightRStar)

Independentzia, utopikoa ala praktikoa?

ARGIA, Eneko Olasagasti, ikus-entzunezkoen legea, laguntzak, zinema, Zinemaldia
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude