Independentzia dela eta

Independentzia dela eta

Bi ideiatxo azken egun hauetan eskuartean darabildan bi libururen haritik.

  1. Let’s Split – [Munduko] Mugimendu separatista eta nazio-gaien gida osoa: Abkhaziatik Zanzibarra

Independentzia dela etaLehen liburu honek balio liezaguke errealismo pixka batez begiratzeko, munduko argitan, euskal mugimendu independentistari. Let’s Split da (Banatu gaitezen, Hautsi dezagun, Goazen, Zatitu gaitezen itzulpen guztiak onartuko lituzkeena -nork interpretatzen duen-), 634 orrialdeko liburukotea, Christopher F. Roth-ek 2015ean argitaratua eta azpititulu duena [Munduko] Mugimendu separatisten eta nazio-gaien gida osoa: Abkhaziatik Zanzibarra. Liburuan munduko mugimendu eta delako nazio-gai guztion(-edo) berri ematen da zabal, serio eta bortitzenetatik, anekdotiko, lotsagabe eta irudimentsuenetara ere umore handiz. Liburuaren asmoa da erakustea herriok / jendeok oraindik 2015ean ere agertzen dugun pasio eta grina geure nortasun eta sustraien alde are gaur egungo mundu globalizatuan. Autorea hizkuntzalari eta antropologo soziokulturala da AEBetan, interes berezia duena nazionalismo eta etnizitateen politika sinbolikoetan, eta aurretik ere lan zabala egin duena Kanada mendebaldeko British Columbia-ren iparraldean eta Alaska hegoaldean bizi diren talde ‘indigenen’ inguruan, eta liburu berezia du argitaratua bertako Tsimshian nazioaren etnografiaz (Becoming Tsimshian: The Social Life of Names).

Let’s Split liburuan munduko 554 nazio-gai eta mugimendu separatista bandera propiodunen berri ematen da. Anabasa horretan, non kokatzen da Euskal Herriko independentziaren aldeko mugimendua? Bagara nor? Badugu aukerarik NBEko estatu bihurtzeko? Azkena Hego Sudan onartu zuten 2011n estatu berri. Aurretik, Montenegro 2006an, Ekialdeko Timor 2002an, Serbia eta Tuvalu 2000n. Liburuan euskal kontuek dozena-erdi orrialde betetzen dute. Tamaina hori kontuan, 100.-edo gindoazke zerrendan…

Roth-ek kontu hauez guztiez elikatzen du (zuen, du baino gehiago) Springtime of Nations izeneko bloga, berak informatibo eta irreberente (ere) jotzen duena (esaterako 2012an, beste guztiak beste, ematen da The World’s 21 Sexiest Separatists (the hottest separatists, living or dead) sarrera, gizon eta emakume -eta morbo bila gabiltzanondako, bada ere bertan katalan eta euskal herritarrik ere). Blogean Euskal Herriari egiten zaion azken erreferentzia A. Otegiren askatasunarena da. Baina honen aurrekoa 2012koa. Tartean ez dugu nonbait zer aipatu handirik eragin.

Nolanahi, are oraindik hobeto kokatu gura duenarentzat, ez da Roth-ena hala moduzko liburu bakarra. 2011koa da Brian Beary-ren Separatist Movements: A Global Reference. Eta 2000. urtekoa Christopher Hewitt eta Tom Cheetham,-en Encyclopedia of modern separatist movements.

.

  1. Nire bigarren liburua The Triple Package daBenetan zerk eragiten duen arrakasta

Independentzia dela eta2014koa da eta autolaguntzako liburua irudi lezakeen arren, niri erakargarriagoa egin zait benetan komunitate osoen autolaguntza kontuak haizatzen direlako. The Triple Package (Sorta edo kasuan are Errezeta hirukoitza), AEBetako Amy Chua (jatorri txinatarrekoa) eta Jed Rubenfeld (judua) senar-emazteek idatzia da, eta bete-betean dihardu zenbait talde etniko edo kultural minoritariok eta hauetako norbanakoek aurrera egiteko eta irabazteko erakutsi lezaketen indarrez. (Amy Chua da ere 2011ko Ama tigrearen gudu himnoa liburu-munduan-arrakastatsu-eta-irakurketa-ondo-merezi-duenaren egile (-ik. esaterako, Wall Street Journal-ek eskaintzen zion izenburu iradokitzaileko artikulua: Zergatik dira bikainen ama txinatarrak).

Gure arazo handietako bat gaur egun euskaldunon komunitatearen harrotasuna mantentzea eta indartzea den egunotan, seguru asko eman liezaguke liburu honek (ere) zer pentsatua eta laguntza eskaini. Ideia bat egiteko, hemen liburuaren sustapenerako darabilten hiru galde:

  • Zergatik irabazten dituzte Juduek horrenbeste Nobel sari, horrenbeste Pulitzer sari?
  • Zergatik gidatzen dituzte gaur egun Mormoiek negozio eta finantzen sektoreak?
  • Zergatik gailentzen dira horren nabarmen bikain txinatar immigrante-are-txiro-eta-eskas-hezien seme-alabak [AEBetan]?

Eta jarraitzen: Tabua izan liteke esatea, baina talde kultural batzuek nabarmen hobeto dihardute gizartean beste batzuek baino. Eta autoreek liburuan horren zergatia argitu guran dihardute, eta bereziki hiru ezaugarriren inguruan:

  1. Nagusitasun konplexua;
  2. Ziurtasun eza; eta
  3. Bulkaden, bihozkaden kontrola.

Ba ote dagokigu euskaldunon komunitateari halako ezer?

Liburua arrazista izan barik (halako kritika hainbat jaso ditu), egiatan da zirikatzaile, eta ziur izan liteke / izan beharko luke guretzat akuilatzaile (besterik ez bada ere, ‘garun ekaitzetarako’ ideia eragile), euskaldunon komunitatea bezalako komunitate minorizatu baten jarduna gidatzeko Euskal Herriko gizarte osoa irabazi artio irabazteko gaudenez gero. Irabazten ez dugun neurrian galduko dugulako, independente izan edo artean independentzia guran.

ooooooooooooooooooooooooo

Gora Euskal Herri Euskalduna (independentea izanda ere).

Gora Euskal Herri Independentea, Euskal Herriko zazpi lurralde historikoak euskaldun izaten lagunduko digulakoan.

Independentzia dela eta / Independentzia dela eta

independentzia

Zer duzu buruan “Independentzia dela eta”-ri buruz

  • euskaldun bat 2016-03-22 21:19

    Gustatu zait artikulua. Bai, zer egiten dutena gustatu ez arren onartu beharra dago juduek oso ondo egiten dutela egiten dutena. Baina horrek bat egitea eskatzen du eta hori ez da euskaldunon ezaugarrietako bat tamalez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude