Independentismoa ahitzeko haurrak espainolizatu

La_letra_con_sangre_entra Francisco Goya

Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza eta Kultura ministroak bere nahia “Kataluniako haurrak espainolizatzea” dela aitortu du Espainiako Kongresuan.  Noiz eta independentistek inoiz baino babes zabalagoa dutenean, eta hauteskundeen atarian. Werten estrategia anti-independentista espainiar doktrina politikoa eskoletan hedatzea da.  Lehen Jose Antonio Primo de Rivera, orain 1978ko Konstituzioa. “La letra con sangre entra” estilizatua Wertena. Independentismoa hezkuntza sistemaren errua dela (irakasleena barne) iradoki du Wertek, malformazio bati buruz ari balitz bezala eta ez Kataluniako gobernu demokratikoaren curriculum akademiko zilegia. Independentismoa gaitz bat da, eta txikitatik sendatu behar dugu. Patxi Lopezek 2009tik 2011ra egunak joan eta egunak etorri aldarrikatu zuen “normaltasun” kontzeptua aipatzea besterik ez zaio falta izan Werti. Baina, PSEren disimuluak ez ditu PPn jarraitzailerik, begi bistakoa da.

Gertaera horren harira, beste behin harritu egin nau Espainiako politikariek independentistak sortzeko egiten duten lan bikainak. Abertzaleek ez lukete estrategia hobeagorik aurkituko. Iñaki Sotok elkarrizketan aipatu zigun bezala, “epe motzeko interesengatik epe luzeko interesak kaltetzeko gaitasun handia dute”. Trakeskeria horren emaitzak dira gaurkoak. Katalunian bizi den sukar independentista da horren erakusleetako bat. Nou Camp-en milaka pertsona independentzia aldarrikatzennever seen before. Ezin ba ahaztu Espainiak azken urteetan eginiko “mesedeak”. Estatutuaren mozketa eta eskoletako hizkuntza murgilketaren aurkako erasoak, kasu.

Eta, geurean zer? Hiru urte eta erdi atzera egitea nahikoa da baldarkeria politikoaren tamaina ikusteko. Non zeuden abertzaleak eta non egongo diren. Lau urte “normaltasunaren” aldeko borrokan aritu dira PP-PSE, eta, zer lortu dute? Zertaz ari dira kanpainan? Independentismoa gora eta behera, diskurtsoaren enborra gatazka madarikatua bihurtu dute.  Agenda politikoa markatzeko gai ere ez dira izan, hedabide gehientsuenak alde izan arren. “España ya solo busca vencer, no convencer”, idatzi du Ramon Solak Garan, eta erabat ados nago.

Indarberrituta dabiltza abertzaleak. Historikoki bazter utzi duten lehengai ekonomikoa baliatu dezakete orain. Paralelismo bat: Garoñako zentral nuklearra ixtea ez dute urteetako protestek lortu. Garoña estatuaren zulo ekonomikoak zarratu du. Ekologismoarentzako garaipen gazi-gozoa izan da, baina garaipena azken finean. Berdin berdin ari zaie orain independentistei gertatzen Katalunian eta Euskal Herrian. Aukerak baliatzearen artea ere bada politika; hor dute bat independentistek.

Espainiak inteligentzia politikoa balu, erabakitzeko eskubideari ateak zabalduko lizkioke, marko zurruna jarrita. Kataluniako Generalitateak argitaratu duen inkesta batek dio herritarren %74 erreferendum baten alde dagoela. Zer gehiago behar dute espainiarrek mugitu beharraz jabetzeko? Begira Eskozia: Erresuma Batuak legea aldatu du eskoziarrei erreferendum loteslea egiteko ahalmena emanez. Ondorio zuzena izan ala ez, independentismoaren babesa %28ra jaitsi da azken hilabeteetan. Kultura anglosaxoniarrak arazoei soluzio praktikoak emateko joera du, Espainiak errudunak aurkitu eta dena galduta dagoenean, morir matando. 2010eko udaberrian Edinburghen egon nintzenean bertako eragile kultural batekin izandako elkarrizketa gogoratu dut: “Azken batean Erresuma Batua ez da hain herri txarra”. Ereindako hazitik jasotzen da uzta.

Goiko Irudia: Francisco de Goya; La letra con sangre entra.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra