Indarkeriaren formak

18_Carcel_Tartazo_Ekinkik1-391x260Nafarroako presidenteak herritar guztiena beharko lukeen aurrezki kutxa xahutu du, atiko ilegalak eraiki ditu Iruñea erdialdean…eta ez du inolako zigorrik jaso. Haren politiketako bat salatzeko tarta bat aurpegira jaurti ziotenentzako, berriz, 5 eta 9 urte arteko kondena eskatzen du Barcinak berak. Erakundeekiko errespetuaren izenean, erasoak ezin ei du zigor barik gelditu.

Rodrigo Rato ehunka milaka hildako eragin dituen (eta eragiten jarraitzen duen) gerra xaxatu zuen gobernu bateko ministroa zen. Gero, mundu mailako bazterkeria ekonomikoa mantentzea xede duen erakundeko zuzendaria izan zen. Azkenik, diru publikoa irensteko eta hipoteka ordaindu ezin duten herritarrak desjabetzeko makina bihurtu den aurrezki kutxa bankarizatuaren buru izan da. Kataluniako diputatu batek parlamentuan sandalia jaurtitzeko mehatxu sinbolikoa egin, eta Espainiako eskuin mediatiko guztia (El Pais-etik 13TV-ra) gainera etorri zaio. Herritarren ordezkari batek formak mantendu behar ditu, onartezina da indarkeria baliatzearekin mehatxu egitea.

Indarkeria eta erakundeekiko errespetua, nondik ikusten den.

Kontua da Ratok ez duela inor tiroz hil Iraken, ez duela borraz kolpatu etxerik gabe gelditzera doan familia bati babesa ematera joan den herritarra, eta ez diola literalki ura eta ogia ukatu Somaliako ume bati. Era berean, Barcinak ez du pertsonalki eraitsi AHTaren bidean dagoen baserria. Nahiz eta biek ala biek patrika pertsonalki bete duten. Ekintzak ez dituzte eurek burutu horretarako daudelako euren menpeko funtzionarioak. Txarto ikusita dagoena eskuak zikintzea da, eta tartalariek eta Fernandezek zikindu zikindu dituzte. Ez daukatelako euren ordez egingo duen inor.

Botereak indarkeriaren inguruan duen ideia inposatu du, nagusitu da indarkeriarekiko duen diskurtsoa eta terminologia, ideologikoki eskuinarena ezkerrarenari gailendu zaion bezalaxe.

Izan ere, Barcinaren kasuan herritarren ordezkari baten kontra tarta bat aurpegira botatzeko eskubidea nork eman dien galdetzen dute ordenaren aldeko solaskide eta zutabegileek. Ordezkari demokratikoa, eta abar. Aitzitik, sandaliaren kasuan ematen du Rato dela herriak hautatutako ordezkaria, eta Fernandez, berriz, edozein artaburu. Bistan da, beraz, boterearen bozeramale horiek deitoratzen dutena stablishmenta zalantzan jartzea dela, alegia, errespetagarria dena ez dela herri subiranotasuna, sistema baizik.

Indarkeriak hartzen duen forma da kontua. Indarkeria kontzeptualizatzen den modua.

Bi albiste telebistan. Barcinak eta enparauek CAN hustu dute. Hipoteka ordaindu ezin izan duen familia batek kalean egiten du lo Barañainen (demagun). Bigarrena lehenaren ondorio zuzena dela, eta hori indarkeria dela esaten baduzu, ikuspegi erradikala duzula pentsatuko dute askok eta askok. Ez baitu zuzenean Barcinak egin. Ez baita telebistan ikusi Barcina mailu batekin etxeko atea eraisten, ilea kiribildurik, filmeetako maltzurren barre eroarekin.
Epaileak noren alde lerratzen diren ikusiko dugu. Aurrekariak, hamaika. Demokraziaren oinarria botere banaketa dela irakasten zuten lehen eskolan.