Inauterietako paradoxak

Inauterietako paradoxak

Maddi Txintxurreta

Inauterietako paradoxakNi ez naiz Tolosakoa. Inauteriak aratusteak dira niretzat. Ostegun gizenean mozorrotuta agertzen den giri horietako bat izan nintekeen, baina aurten igandean etorri naiz, mexikarrez jantzita. Koadrilarik gabeko ardi galduetako bat naiz, herrikoa ez dena aise nabari zaionetako bat. Atzerritarra. Mexikarra, finean.

Autobusetik jaitsi orduko kalejirak harrapatu gaitu Eider eta biok, eta hortik aurrera denborak zentzua galtzen du, auskalo ze ordu den; baita zenbakiek ere, auskalo zenbatgarren zerbeza den pronpropopon danborrada imitatuz ingurukoen txapelak ureztatzen diharduena.

Mexikar sena piztu zait bat-batean berezkoa bailitzaidan, eta tabernariei barkatu izena inposatzetik güey deitzera igaro naiz. “Güey! Zerbeza bat! Grasias güey!”. Txosnetan ranchera bat eskatu dut, helikopteroarena egin dut txirikordekin eta gona altxatu dut aurretik eta atzetik, pero sigo sieeendo el reeeey.

DJ Bullek ekarri ditu ordu galduak, edalontzikoa zerbezatik ginkasera mutatzen hasi da poliki-poliki eta puntu honetan eman zaio hasiera inauterietako paradoxen zerrendari: Supermanak lurretik bueltaka, punkyak Huntzaren “Aldapan gora” abesten eta Mikel Laboaren kantuak perreatzen, eta ondoko adur-zapidun haurtxoa txupetea beharrean zigarroa zupatzen. Matxiruloenak trabestiak dira gaur; egunkari-orrizko titi bat bestea baino gorago agertzen zaie eskotetik, ezpainetakoa sudurretik kokotseraino korritu zaie eta takoiak poltsan zintzilikatu dituzte gaueko erritmoari etsita.

Txirrindulariak tabernaz-tabernako tourari ekin diote eta beraien atzetik joan gara Orbelara Eider eta ni. Igerilariekin batera ito gara alkoholetan eta piratekin zorabiatu gara olatu handiko nabigazioan. Honek ez du atzera bueltarik.

 

Irakurri iruzkin osoa Kaixomaitia.eus-en Blogean >>

Inauterietako paradoxak
Aratusteak, bloga, harremanak, Ihauteriak, Ihauterietako paradoxak, inauteriak, kaixomaitia, Maddi Txintxurreta, mozorroak, narrazioak, sexua, tolosako ihauteriak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude