Iñaki Perurena Antena3-n… “Sex bomb” euskaraz abesten, gogoratzen?

Iñaki Perurena, “Euskara galdu den eremuetan ere bizirik dago euskal izaera Nafarroan”

“Tú te consideras euskaldun euskaldun, pero vives en Navarra! (ja, ja, ja)”. Horrela oldartu zitzaion Manu Redondo “kazetaria” Iñaki Perurenari, gogoratzen? Elkarrizketak euskaldun ugari asaldatu zituen, eta harri jasotzaileak eman zion erantzuna gogoangarria izan zen; “Iñaki Perurenari euskalduna ez dela esaten zaionean…” titularrarekin jaso zuen ZUZEUk, orainkariak mugarri izan zuen sarrera batean. Izan ere, Perurena oso gizon maitatua da gurean; bere izenarekin argitaratu diren idatziei erreparatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko.

Aurki Euskararen (eta Nafarroaren) Eguna ospatuko dela-eta, leitzarra Info7 irratiko Kalegorrian saioan izan da, eta makina bat kontu esan dizkio Eider Olazar kazetariari. Orduko elkarrizketa aldrebes hura gogoan, Nafarroako eremu batzuetan hizkuntza galdu den arren “euskal izakera eta hezikera bizirik” direla iritzi dio euskararen eguna batere gustuko ez omen duen harri jasotzaileak.

.

Perurena Sex Bomb

Elkarrizketa bukaeran oso kontu bitxia gogoratzen du harri jasotzaileak, erabat ahaztua genuena. Merezi duelakoan, sarean bilatu eta azpira dakargu. Iñaki Perurena Tom Jones abesten… euskaraz eta Antena 3 telebistan. Ez zaigu Euskararen Eguna ospatzeko modu hoberik okurritzen…: “Arre ala iso, berdin zait; zuek barre egin, gaur da jai. Sex bomb!”.

.

Manu a Manu saioak sortu zuen zirimola nola ulertu zuen galdetu eta hauxe da Perurenak akorduan duena: “Nola diren komunikabideak. Etorri ziren elkarrizketa egitera kamera eta guzti, beste askotan bezala. Nik ahal nuen moduan erantzun, agurtu eta egunetara ikusi nuen Youtuben zegoela lau zatitan. Bada norbaitek puzkatxo bat ateratzen du… eta horrek eztanda egin zuen! Hainbat jendek mezuak bidali izan dizkit gerora, polita izan da”.

“Izandakoaren ondorio gara, onerako eta txarrerako, eta oraina ulertzeko aitzina jakitea premiazkoa da, guztiz-guztiz. Historia jakin beharrekoa dela uste dut”, jarraitzen du, euskal herritarron ahaldundu beharraz.

Euskararen Eguna ahotan hartuta, “ez nau gehiegi konbentzitzen”, onartzen du leitzarrak. “Egunero beharko lukeelako izan, egunero egiteak iraunaraziko baitu bizirik”.

.

Nafarroari dagokionez, eta euskararen etorkizunaz, “baikor” agertzen da harri jasotzailea, eta hurrengo hausnarketa egiten du: “Behin entzun nuen euskarak seduzitu beharra zuela, baina euskara egiteko behar dena borondatea da. Euskal hiztunok frantsesa eta gaztelera ere ikasi behar izan ditugu. Hona datorren etorkinak ez du premiarik euskara jakiteko, beste hizkuntza batzuetan ere ulertzen delako; borondatea behar da, eta oso premiazkoa da babesa ere”.

«Nortasun bat osatzeko hiru zutabe badira: hizkera, izakera eta hezikera. Euskara, eremu batzuetan galerazi bazuten ere… izakera eta hezikera bizirik daude, baita euskaraz egiten ez den eremuetan ere».

Perurenaren aburuz, “nortasun bat osatzeko hiru zutabe badira: hizkera, izakera eta hezikera. Eta hizkera, euskara, eremu batzuetan galerazi bazuten ere… izakera eta hezikera bizirik daude, baita euskaraz egiten ez den eremuetan ere”.

“Benetan zerbait gertuta izango zen, noski, baina gertatu zen horretatik gero nora eramaten den komenientziara…” egiten du Altsasuko aferaz irakurketa; “tristea da baina hori egiten da askotan, eta beste behin ere bai”.

.

Monologo bat harriari, horixe du hurrengo erronka leitzarrak. “Nire erakustaldi, errekor eta lehiaketa garaiak pasa ziren, baina harriarekin jarraitu nahi dut, ahal dudan moduan. Nola bizi izan dudan harria eta harriarekin izan dudan harremana, istorio hori lantzen nabil, monologo modura. Harria metafora ere bada, ez baitago gizartea harririk gabe ulertzerik. Herri askotan erabiltzen da harria indar frogak eta egiteko, baina Euskal Herrian berezitasun bat du harri jasotzaileak, errekako harria beharrean harri landua jaso dugu, eta kirol arautu bat egin dugu, polita da hori”.

“Harria izenburuarekin landu nahi dut (aizkora, aitzurra, aiztoa…), olerkiren bat sartu, harriaren jirakoa… kontatzen duzuna ustez zuretzako interesgarria izan liteke, baina entzutera datorrenari erakargarria egin behar zaio, eta horretan nabil, hori da nire ilusioa”.

.

Harri jasotzaile ibilbideari atzera begirakoa eginda, data bat du gogoan iltzatua, eta ez da 1987ko otsail hura, 30 urte zituela belodromoan 300 kilo altxatu zuenekoa. “Egunez harrian pentsatzen eta gauean harriarekin ametsetan, toki eta data asko ditut gogoan, eta oroitzapenik gehien belodromoan. Urtetik urtera ahaleginak zailtzen… 305 kiloko saiakera nabarmenduko nuke, galtzak apurtu eta ezin jaso harria; handik 15 egunera itzuli eta… belodromoa beteta! Egun bakarragatik ere merezi du bizi osoko ahaleginak, esan nion orduan neure buruari”.

Iñaki Perurena Iñaki Perurena Iñaki Perurena

 

300 kilo altxatzeak izan ei zuen bere oihartzuna,“kopuruagatik. Gero, handik bi hilabete eskasera, Parisen Peio Ospitalek Euskal Festa antolatu zuen, eta kilo bat gehiago jasotzeko deitu zidan. Parisen errekorra egiteak ekarri zituen elkarrizketak… herri kirolen eremutik kanpora ere atera zen. Eta horrela hasi nintzen kiloz kilo, Gernikan gero, 1987ko bonbardaketaren urteurrenean”.

“320koa jaso eta harri handien garaia bukatu zitzaidan, Goenkalen hasi… eta berriz ere Euskadiko 6 Orduetatik deitu zidaten 25. urtemuga ospatzeko. 46 urte nituen orduan, (60 eginak ditut orain), eta 2003an ehun kiloko harriari 1.600 jasoaldi eman nizkion goizeko 9etan hasi eta arratsaldeko 6etan bukatu”.

.

Belodromoko hitzorduak esker onez gogoratzen ditu Perurenak, baita gainontzeko ekitaldi guztiak ere. “Izan naiz harriarekin telebistako platoetan, ezagutu dut Euskal Herria txokoz txoko, urrutian ibili naiz atzerrian sortu dituzten Euskal Herri txikiak ezagutzen… polita izan da”.

Iñaki Perurena Iñaki Perurena Iñaki Perurena Iñaki Perurena Iñaki Perurena Iñaki Perurena
euskara, harri jasotzaileak, harria, Herri kirolak, Iñaki Perurena, nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude