Iñaki Errazkin: “Hondakinen eztabaidak %80 du antzerkitik”

Captura de pantalla 2014-03-03 a la(s) 00.34.29

Hondakinen kudeaketaren inguruko iraupen luzeko lasterketa betean, Iñaki Errazkin ingurumen diputatuak Gipuzkoako Diputazioko ateak zabaldu dizkio ZuZeuri. Polemika izan da nagusi hondakinei dagokienean legegintzaldi osoan zehar, gaia bandera bihurtzeraino, nola alde batetik hala bestetik. “Denborak arrazoi eman diezaiola birtziklapenari”, dio Errazkinek, “hau ez da Bilduren proiektu bat, hau herritarren proiektua da”. Bide honetan, Erraustegia bertan bera utzi eta Urtetako, Lapatxeko eta Sasietako zabortegien itxiera izan da erakundeak hartutako azken erabakia. Horien ordez, konpostaren eta TMB planta baten aldeko apustua egingo du Gipuzkoak. Polemikari ezin izkin eginda, hemen duzue elkarrizketa.

Noiztik birtziklatzen du etxean Errazkinek? Eta zer da Europan Gipuzkoaz gehien baloratzen dena?


Hondakinen gaia entengabe dugu hedabideetan. Zenbat du egiatik? Eta zenbat antzerkitik?
Antzerkitik birtziklapen tasa adina izango duela esango nuke, %80 du antzerkitik eta %20 egiatik. Egia da gai honen inguruan arazo bat dagoela. Arazo bat hondakinarekin eta zaborrarekin. Arazo honi irtenbidea bilatzerako orduan sortu den eredu talkari aurre egin behar diogu. Hala ere, sozialki eta mediatikoki hartu duen dimentsioaren atzean bada beste arrazoi nagusi bat: Bilduren gobernatzeko eta kudeatzeko modua desgastatzeko saiakera. Zer hobeto hondakinen gaia baino, zeinak jendeari konponbidearen bidean esfortzu bat eskatzen baition? Oso erraza da esfortzua eskatzen duten gaietan aurka egin eta populismoz aritzea. Nik uste dut hondakinen gaian populismo gehiegiz jokatu dela. Anekdota bat: Nola liteke, Arias Cañete ministroak izendatutako Klima aldaketako zuzendariari atez atekoaz galdetuta, honek zoragarria dela erantzutea? Konponbiderako eskema bezala planteatzen denean, alderdikeriaz jokatu gabe, adituek Gipuzkoako esperientzia zoragarria dela diote.

“Sistema konkretuak ez dira sakralizatu behar,
helburuak dira garrantzitsuak”


Programan atez atekoa jarri, baina, hainbat herritan atzera egin behar izan da. Zergatik?
Bilduren programan Atez Atekoa ez zegoen, herri batzuetan bakarrik. Herrialde mailan errauste planta gelditzeko apustua egiten genuen, eta momentu honetan esan dezakegu bete dugula konpromiso hori. Atez Ateko konpromisoa hainbat udalerrik hartu zuten, eta batzuk ari dira betetzen, beste batzuk aldiz beste aukeraren baten alde egin dute. Gaiak mediatizatzean, terminologia ere mediatizatu egiten da, bandera bihurtzen da nolabait esateko. Zer da Atez Ate? Usurbilgo eredua duzu, baina baita Milangoa edo San Frantziskokoa ere, edo Herrialde Katalanetakoa, edo Oviedokoa… denak dira Atez Ate. Baina zerk egiten ditu Atez Ate? Bada, gaikako bilketa era derrigorrean, betebehar gisa, ulertzen duten sistemak dira. Orain, herri batzuetan beste sistema batzuk probatzean, badirudi Bilduk atzera egin duela. Nik galdetzen dut: Bilduk atzera egin du, ala beste batzuk aurrera egin dute? Akordioetara iristea beti da positiboa, sistema konkretuak ez ditugu sakralizatu behar. Helburuak dira garrantzitsuak.

Badago zabortegirik gabeko lurralderik?
Zabortegirik gabeko lurraldeak badaude, materia guztia tratatzen duten lurraldeak dira. Ez dagoena da desagertzen den hondakinik, errefusa dagoen bitartean, beti nonbait sartu beharko da. Hori bai, ondo bereizi behar ditugu guk ezagutzen ditugun zabortegiak, eta tratamendu bat pasa ostean egon daitezkeen biltokiak. Ahalik eta gehien birtziklatu behar dugu. Ahalik eta gehien gutxitu behar dugu errefusa, zaborra deitzen diogun hori. Tratamendu mekaniko biologikoaren bitartez, sortutako zabor hori egonkortu egiten da, zabortegiek sortzen dizkiguten arazo nagusiak ekidinaz: usain txarra eta uren kutsadura.

“Komunitatean sinistu behar da, prozesuaren
parte dira eta ez dago formula magikorik”


Jendeak galdetzen du, ea zer den Tratamendu Mekaniko Biologikoko planta bat?
Jende gehientsuenak jakingo du honezkero konposta zer den. Tratamendu Mekaniko Biologikoen planta batean lehenengo gaiak bereizten dira, hondakinak mekanikoki eta biologikoki maneiatzeko. Giza baliabide, zein baliabide mekanikoak erabiliz, oraindik birtziklagarriak diren gaiak bereizten dira, errefus horren %20 inguru gutxi gora behera. Geratzen den materialaren gehiengoa organikoa izanik, konposta lortzeko prozesu berbera erabiltzen da, usainik gabeko gai ez kutsagarri bat lortzeko. Konpostaren oso antzekoa.

Non ikusten duzu zure burua hemendik bizpahiru urtera? Denborak arrazoi emango dio Bilduri?

atez ate, Diputazioa, errefusa, Europa, Gipuzkoa, hondakinak, iñaki errazkin, TMB planta, zero waste
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

2 pentsamendu “Iñaki Errazkin: “Hondakinen eztabaidak %80 du antzerkitik””-ri buruz

  • Peru Dulantz 2014-03-03 09:28

    Benetan etsigarria iruditzen zait gai honen inguruan gure eskuinak izan duen jarrera. Denontzat onuragarria eta eredugarria den bilketa-sistema baten kontra nola tematu diren, interes politikoa (eta, agian, lotsagarriagoren bat…) bizikidetzaren eta guztion onuraren aurretik jarrita.

  • legazpin onartu dituzte emaitzak ( 5.ari ezker ?? ja,ja ) beraz gipuzkoa osora hedatu daiteke legazpikoa ?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude