Ilustratu gabeko ilustrea

Poza eman behar liguke Euskadiko Alderdi Sozialistako presidentea euskaraz idazten ikusteak, batez ere bere blog pertsonala denean horren gertalekua. Ikusten da Egiguren jaunari ez zaiola arrotz gure hizkuntza eta barne-barneko aitorpen eta hitz-jolasak egin nahi dituenean, ama hizkuntzara jotzen duela. Edozein euskaltzale pozteko kontua da, bai horixe.

Baina jartzen zarenean hark idatzitakoak irakurtzen —poema edo dena delakoaren kalitate negargarriaz harago—, pozaren trenak egiten du talka neke eta tristurarenarekin. Istripu beldurgarria gertatzen da trenbidearen erdian eta kolokan jartzen zaitu gertaerak. Ez dakizu zer pentsatu, ez dakizu zer sentitu. Nola liteke? —pentsatzen duzu—, halako jaun ilustratuak, ezbairik gabe gure gizartean eta politikagintzan zeregin nabarmena duenak, hain zabarki eta hainbeste akatsekin idaztea? Nola dezake tamaina horretan iraindu Jesus Egigurenek euskal irakurlea? Nola ibil daiteke oraindik horrela mundua?

Twitterreko bere kontuan ere, gauzak ez daude oso argi, lehenengo hitza bera ere zabarki baitauka jarrita, euskarazkoa, jakina, gaztelaniazko denak ondo baitaude: EuskaltzaIle.

Ilustratu gabeko ilustrea

Bai, egonen da berak egindakoa defendatuko duenik, garaiaren emaitza dela Jesus Egiguren, eskolan ez zuela ikasi euskararik, ez duela alfabetatzeko astirik ukan eta eskertu egin beharko geniokeela euskaraz idazteko egiten duen ahalegina, etc.etc. Eta ez diot horri ezetzik esango, euskaraz idaztearen ahaleginari, alegia. Baina idatzi duena argitaratzeari, iraingarria irizten diot, horixe da egia.

Nola liteke atsoak eta atzoak nahastea? Nola berdindu litezke sua eta zua? Nola hainbeste akats eta zabarkeria? Nola liteke hain aldrebes idaztea? Ez du sekula euskaraz irakurri? Dislexikoa ote? Zer gertatuko litzateke maila bereko kaka zahar bat argitaratuko balu espainolez?

APOKALIPSIS NOW
 
Juan apostolua
idazle bildurgarria
bere liburua
apokalipsis, famosua.
Errepikatzen ditu
zazpi zenbakia
ta iru elementu
kristo, aingeru, zaldia
Euskaldunak badegu
xelebrea bertsioa
zazpi tronpeta baditu
zaldien partez astoa
aingeruak hamalau
atzo bihurtuak
Juanen liburua
baino famosoagoa
gainera da kantua
gure bertsioa
gogoan dezute ezta?
horrela asten da;
hamalau atzo
tronpeta jotzen
zazpi astoren ganian
astoak ziren
kristonak eta ….. (???)
Apostoluak elementu
hoiekin kontatzen digu
zer zan gertatu
bromatzat ez hartu
Bere tronpetak
ez ziran jolasekoak
ez eta aingeruak
biotz bigunekoak
Ikusi segidan
zer zen gertatu
eseri aulkian
entzuteko, preparatu
aurreneko tronpetak
sortu zuen tenporala
txingorra eta zuteak
nahastuak zirela
bigarrena entzutean
zuzko mendia itxasora
erori zan, odoletan
beteaz hango hura
irugarren tronpetak
izarra zuen bialdu
ibai eta errekak
ajenjo bihurtu
Laugarren tronpetak
ireki zuen zuloa
andik ertendako keak
zuen ilundu mundua
Bosgarren tronpetak
sortu zituen lainoak
eta ziren galduak
azkeneko argiak
tronpeta seigarrenak
gutxiago ez izateko
soltatu zituen zaldiak
gizonak iltzeko
Zazpigarren tronpetak
mundua nahastu zuen
sortu  monstruoak
eta deabrua utzi hemen
Tronpeten indarrak
aingeruen aizeak
uzten dituzte txikiak
gaurko bonba atomikoak
Sustoa pasatzeko
kanta dezagun berriro
hamalau atzo
tronpeta jotzen
zazpi astoren
gainean
Zerbait zerioagua
nahi baduzue
da inspiratua
apikalipsis now-a
Agirre oñatikuak
eta bere abenturak
esan zuen Kopolak
izanik amerikanoa
zazpi astoren kantua
ez zuen ezagutua
jarri zuen kalboa
eta ez astoa eta atzoa
bestela etzuen izango
duen defektua
jendeak du artzen loa
naiz izan Marlon Brando
kalbo zoroa
falta zaizkio
atzoak eta astoa

Ilustratu gabeko ilustrea

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)