Iluntasunean eraikitzen

Ikasketaz arkitektoa zen; ogibidez, burokrata. Astelehenetik ostiralera planoak ikuskatzen ematen zituen lanaldi amaiezinak. Behar bazen zuzenketa txikiak egiten zizkien, eta zuzenketa gehiagorik behar ez zutenean, onespena eman, eta baimen ofizialeko zigilua jartzen zien. Danba! Eta hurrengo eraikinaren planoei ekiten zien mekanikoki, atsedenik hartu gabe.

Eraikin laukizuzen, gris eta balkoirik gabekoak eraikitzeko baimenak ematen agortzen zituen ordu luzeak bere laneko bulego ilunetik. Eta ohartzen ez bazen ere, bere bizitza halakoxea zen aspaldidanik: gris eta iluna. Gogorik eza bezalakoa. Danba! Kanpoan ari zuen neguko eguraldia bezalakoa. Danba!

Ez zuen sekula begirada mahai gainean zeukan planotik aldentzen. Baina egun hartan une batez burua altxatu zuen ondoan zeukan leihoaz bestalde begiratzeko, berearen pareko eraikinerantz, eta atzeraka erortzekotan egon zen.

Eguzkia itsutzaile agertu zitzaion bortizki eraikinaren albo batetik. Printza dardaratiz osatutako laino elektriko nahasia etorri zitzaion muturren parera indarrez, argizko ukabilkada jaso zuen begitartean, danba!, eta kordea galtzear nabaritu zuen bere burua une batez, eguerdiko eguzki zapaltzailearen azpian basamortuan galduta bailegoen, egarriak akabatzen eta zorabioak jota. Mahaigainean bermatu behar izan zituen eskuak ez erortzeko, begiak itxi eta arnasa sakon hartuz.

Galdetu izan baliote edo pentsatzeko astirik izan balu, begiak zabaltzerakoan koloretako bizitza izatea desiratuko zukeen, laneko bulego hartatik urrun egon, beste norbait izan. Baina burokrata ozta-ozta izan zen gai ia galdutako kordea eta oreka berreskuratzeko, eta begiak irekitzean leihoaz bestalde jadanik ez zen eguzkirik ageri: berun koloreko zeru lainotuak euri zaparrada zekarrela zirudien. Herenegun, atzo eta gaur goizean bezala, dena gris eta ilun berriz ere.

IRUDHITZEN