Iluntasuna argitzen

iluntasuna argitzen

Bukatu da dena.

Zentzumenak nahasturik hasi nuen uda, erdi galduta. Eta imajinatzen dut ni bezala hainbat pertsona egon direla edota daudela.

Bukatu ere antzera egin dut, ez pentsa. Nire bizitzarekin zer egin hausnartzen.

Etorkizun hurbila goitik behera eraikita neukanean…DZAST! (zerbait ziztatzearen onomatopeia kostako hainbat herritan) egia bilakatzear zeuden amets-burbuilak lehertu zitzaizkidan -edo zizkidan?-.

Betidanik begiz jota neuzkan master bitan onartu ninduten. Dena gainditzen ari nintzen, gogoz ikasten. Eta kazetaritzan lizentziatua naizen ala ez jakiteko falta zitzaidan emaitzaren zain, dena aldatuko zuen mezua iritsi zitzaidan mugikorrera.

GAUR-en mezua zen, EHU-k notak argitaratzen dituen orrialdearena, hain zuzen. Zera zekarren: “Gizarte Mugimenduen Historia 4’3, SUSPENTSO”, letra larriz hobeto barneratzeko edo. Mundua erori zitzaidan, eta mundura erori nintzen, PLAUST!

Materia asko zenez apropoz utzi nuen uztailerako ikasgai hori. Asko ikasi nuen, baina hiru galderetatik bat gaizki erantzun nuen. 0, 7’5 eta 6 izan ziren puntu bakoitzean atera nituen notak, baina irakaslearen ustez ez zen nahikoa gainditzeko. Klase guztietara joan nintzen urte osoan zehar, lan potolo bat entregatu nuen, baita klaseko ariketak egin ere, eta argi zegoen ikasi nuela, bestela ez nituzke azterketan atera nituen notak aterako. Guzti hori…Zertarako?

Itxaropen tanta bakar bat galdu gabe, amets-gaiztoa zirudien astea itxaron eta berrikuspenera joan nintzen. Baina ez omen zegoen zereginik, nahiz eta nire egoera behin eta berriz azaldu. Zereginik ez. Ia derrigorturik erakutsi zidan nire azterketa, eta pare bat begiratu eman ostean dezimaren bat igo ere bai. Atetik irtetzean, gainera, ea hurrengo urtean klasera joango naizen galdetu zidan. Zertarako?

Lana bilatzen ibili naiz azterketak bukatu nituenetik. Baina ezertxo ere ez, ezta umeak zaintzen ere.

Masterretan ez ninduten onartu ikasgai bat pendiente nuela eta, gainera, beranduegi zen zikloren batean matrikulatzeko.

Baina beno, momentu honetan argi izpitxo batek iluntasun guzti hori argitu dit. BERRIA-ko beka eskuratzeko azterketara aurkeztu naitekeela esan zidaten atzo bertan. Ez dakit nola iritsiko naizen Lekeitiotik Andoainera baina berdin zait, ea nire ametsetako bat betetzen den bederen!

Animo asko ni bezala erdi galduta zabiltzatenoi edota ibili zaretenoi… ;)

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara