Ildo sozialistaren hizkuntza hautuez

Ildo sozialistaren hizkuntza hautuez –

Aspaldi utzi nuen atzean termino klasikoetan ulertzen dugun gaztaroa, edo gaztetasuna nahi bada. Haatik, arreta berezia jarri dut azken urteotan jende gaztearen joera, ohitura eta abarretan, guk ere bizi izan genituen adin-tarte horien molde eta izate berriak aztertu eta ulertzeko asmotan-edo. Teknologiak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuta, ez da zaila izan horiei so egotea; instagram, facebook eta twitter kontuak aspalditik nituen sortuta, beraz, horietan murgiltzea besterik ez nuen behar izan.

Ezkerreko militantzia politikoan aritutakoa izanik, Euskal Herriko gazteria berriaren joera politikoez hainbat galdera egiten nizkion nire buruari, zer esanik ez agertoki politiko berriaren aurrean. Ezker abertzalearen estrategia aldaketa “burura eramanda” zegoela hasi zitzaizkidan zalantza eta kezkak areagotzen: nola ekingo dio gazte jendeak aro berriari? Aurreko garaiak bizi izan ez dituztenek, nola birformulatuko dituzte borrokak?

Denbora kontua baino ez zen; urte gutxian ikusi ahal izan nituen -aurreikusten nuen bezala- joera, diskurtso eta praktika (ez hain) berriak. Historia, garai posmoderno deritzen hauetan ere, etengabe errepikatzen denaren zantzuak agerikoak baitziren; Euskal Herriko askapen mugimenduaren iragana ezagutzen duen edonork hori baiezta dezakeelakoan nago. Bai, klase-nazio eztabaidez ari naiz.

Oraingoan, ordea, ez dut horretan sakonduko, gai hori lantzeko interesa duenak nahi beste txio, hari, artikulu eta bideo aurki ditzake sarean. Gaurkoan, bereziki txunditu nauen elementu batean jarriko dut azpimarra. Goazen ba harira.

Ildo sozialistaren hizkuntza hautuez

Ezaguna bezain sonatua izan da aipatu eztabaidek izandako ondorioetako batzuk, eta sare sozialek ere bozgorailu lan ezin hobea egin dute giroa barrutik bizi ahal izateko. Arestian aipatu dizuedanagatik, arretaz jarraitu izan dut prozesu guztia: talkak gazte eta ikasle mugimenduan, Ernai eta Ikasle Abertzaleak-en arteko estrategia apurketa, GKSren sorrera, Bilboko Erronda kaleko pisua… Gehienek jakingo duzue zertaz ari naizen.

Bada, ezin ukatu tristuraz hartu ditudala berri horiek guztiak, ezin bestela izan, nire lehenengo borrokarako pausoak Ikasle Abertzaleak antolakundean eman nituen eta.

Antolakunde batek bestelako norabide bat hartzeko eskubide osoa duela azpimarratu nahiko nuke, aldaketa hori barne mailan demokratikoki eztabaidatu eta onartu bada, bederen. Era berean, ildo berriei zilegitasun osoz ekin dakiekeen gisan, horiek kritikatzea ere zilegia dela deritzot.

Ildo sozialista esaten dioten horri egindako zenbait kritika ikusi dut, gehien-gehienak ezker abertzaletik edo bere inguru hurbiletik etorritakoak: analisian oker dabiltzala, XXI. mendean gaudela, ezkerkeria leporatuz… Gehientsuenekin ados egonda ere, bakar batek ere ez du aipatu ildo horrek darabilen hizkuntza politika.

Agertoki politikora indartsu atera ziren prozesu sozialista bultzatzeko asmoz: antolakunde eta eragile berriak, sare sozialak iritziz josi, komunikatzeko tresna berriak… Hara non, azkenengo honetan, Gedar.eus-en hain zuzen ere, ohartu nintzen Euskal Herri mailan antolatzen den gazte ildo berri horrek zekarkigun berrikuntzetako batez: euskararekin batera, gaztelania.

Ezin harrituago nengoen hasieran, salbuespenak izango zirela sinetsita. “Gaztelaniara itzultzen dituzte haien iritziak, belarrira benetan arrotz ematen duten izenburu eta esaldiekin!” esaten nion nire buruari.

Horrekin gutxi ez, berehala hasi ziren nire susmoak areagotzen, eta, aldi berean, sumintzen. Gedarrekin batera, haien logikaren bueltan antolatzen den mugimendu oro hasi da kanpora begirako komunikazioa gaztelaniaz ere egiten: GKS, Itaia, UIB zein Ikasle Abertzaleak, nagusiak aipatzearren.

Azkenengo bi horiek eman didate atentzio gehien, eta horiekin hartu ditut haserrerik gordinenak. Lehenengoari dagokionez, Euskal Herriko unibertsitateetan antolatzen den mugimendua da, ikasle problematikari erantzun eta ikasle baldintzak defendatzen dituena, Ikasle Abertzaleen masa tresnatzat ere har daitekeena. Puntu horretara arte esatekorik ez. Zein da, baina, mugimendu horretan ulertezin ikusten dudana? Bada, euskara eta gaztelania mailakatu eta bi hizkuntzei trataera bera ematen dietela, non eta unibertsitate esparruan!; euskara lehenago aipatzea ez baita euskara lehenestea, eta bi hizkuntzak modu parekidean erabiltzea euskararen problematikari bizkarra ematea da, UIBk egiten duen bezalaxe.

Azkenik, Ikasle Abertzaleaken kasua ekarri nahiko nuke gogora, bereziki mingarria baitzait. Esan bezala, zilegi da antolakunde batek norabide estrategikoa aldatzea, baina minduta, haserre, suminduta eta etsituta nago, batez ere, azken egunotan ikusi dudanagatik.

Benetan larria iruditzen zait gaztelania erabiltzearen alde egin duten hautua. Ikusita ditut -sareetan publikoki egiten baitute- mugimendu hauetako partaide asko eta asko erdaraz idazten; azkenaldian sareetan jo ta su dabiltzan horietako batzuk, gainera, gaztelania hutsean etengabe, baina ez nuen espero gure lehenengo antolakundea izan zen hori “QUE LAS CONSECUENCIAS NO LAS PAGUE LA CLASE TRABAJADORA“ bezalako lelo eta idatzi mardulak lasai asko hizkuntza arrotzean argitaratzen.

Agerikoa da ikasle eta gazte mugimendu oso batek hartutako erabaki kontzientea izan dela euskararekin batera gaztelania erabiltzea, zenbaitsuetan bi hizkuntzak parez pare erabiliz (!). Ezin larriagoa deritzot.

Irakurleren batek esango dit Euskal Herri mailako alderdi independentista eta mugimendu nazional gehienek kritikatzen ari naizen hizkuntza politika bera darabiltela, eta hala da, ezberdintasun handi batekin: xede taldea.

Izan ere, ildo sozialistan kokatzen diren, eta neronek kritikatu ditudan mugimendu nazionalek gazteria dute hartzaile, eta hori ezeztatzen duena justifikaezina den erabaki bat arrazoitzeko tranpa bila dabilela uste dut.

Beste zenbaitek esango dit gazteriaren gehiengoak gaztelania erabiltzen duela, eta ezin adosago egon. Horren karira, bi aipamen egin nahiko nituzke. Batetik, gehiengoen joerei kasu eginez gero, ezker iraultzailea aspaldi legoke desagertuta. Bestetik, ukaezina da gazteriaren gehiengoak euskara ezagutu eta ulertzen duela, hau da, gai dela euskaraz idatzita dagoen kartel edo idatzi batek zer dakarren jakiteko. Hortxe, beraz, gakoetako bat: erabileran sakontzea; eta erabilera bultzatzeko euskara indartu behar da, ez dago beste biderik!

Nola irauliko dugu euskararen egoera gure hizkuntza zapaltzen duen hizkuntza ere hauspotzen baldin bada, askotan biak mailakatuz? Nola euskaldunduko da hezkuntza esparru osoa euskaraz ez bada? Zer unibertsitate edo Herri eredu nahi dute gazte mailan euskaraz eta gaztelaniaz komunikatzen duten horiek?

Inoiz egongo ez den elebitasun egoera batek soilik “justifikatu” ahalko luke, nolabait, gazte ikuspegitik euskara eta gaztelania maila berean kokatzea (ez erabiltzea). Gaur egun, praktika politiko hori hautabide politiko bihurtzen da (baita euskara hutsez egitea ere), berriro ere diot, Hego Euskal Herriko gazteen gehiengo oso batek euskara arazorik gabe ulertzen du eta.

Euskal Herrian, iraultza euskaraz!

Ildo sozialistaren hizkuntza hautuez Ildo sozialistaren hizkuntza hautuez

41 pentsamendu “Ildo sozialistaren hizkuntza hautuez”-ri buruz

  • Bi gauza zure idatziari erantzuteko. Batetik, “disidentzia” deitua garen sektore horretatik ere bagaude autoproklamatutako “ildo sozialista” hori auzitan ematen duguna, utopista, irreala, infantilista eta batzuetan espainolista ere izan daitekeelako. Beraien komunikabide den Gedarren igo duten azken artikuluetako batean dago adibide horierako bat “langile bat ERAIL dute traktore ISTRIPU batean”…
    Independentzia hitzak min egiten dienez, langileriaren proiektu nazionala diote (aipatzen dutenean noski). Baina ez da gaia oraingoan.
    Bestetik, gu ere konturatu gara, eta salatu izan dugu espainolera jotzeko duten joera. Sektore horrek karakterizatzen duen pedanteria eta harropuzkeria galantarekin noski. Bada, krisi honen kontestuan, espainolerako lerratze nabarmen bat izan dute. Nik uste, GKSk bere txiringito guztiei (Italia, Uib, Ia, burdin hesi, erraki, greba plataformak, talde lokalak..) eman dien baimena izan dela.
    Alde batetik penatzen nau ez nuelako inolaz ere espero IA bezalako erakunde batek espainola erabiltzea, ofizialistek egiten duten bezalaxe. Baina beste aldetik, pozten nau, euskara hutsean komunikatzea bakarrik lotzen zituelako Euskal Herriaren borrokari. Orain, nazio askapena ukatuz (beno ez dute horrela esaten, komunikazio irizpideak badakizu), kontextu pribatuan Lenin arbuiatu eta Luxenburgo idolatratuz, abertzaletasuna kritikatuz eta iada gure hizkuntzaren borrokari bizkarra emanez azken marra gainditu dute:
    Espainolismorako joerak ez du atzera bueltarik. Eta horrekin jende batek begiak irekiko dituelaren esperantza dut..
    Gora euskal iraultza abertzale eta sozialista!

  • Artikuluaren erdialdean aipatzen duzun esalditik hasiko naiz, errepikatzearen poderioz kritiko adeitsuen mantra bihurtu den esalditik, hain zuzen. Horrela diozu:

    ‘Antolakunde batek bestelako norabide bat hartzeko eskubide osoa duela azpimarratu nahiko nuke, aldaketa hori barne mailan demokratikoki eztabaidatu eta onartu bada, bederen. Era berean, ildo berriei zilegitasun osoz ekin dakiekeen gisan, horiek kritikatzea ere zilegi dela deritzot. ‘

    Dirudienez errespetuz egiten den kritikak bi ezaugarri ditu: 1) kritika egin aurretik aipatutako esaldia itsatsi behar da eta 2) ez da irain zuzenik botatzen. Horrekin nahikoa da.

    Nire ustez, ordea, errespetuz egiten den kritikak ondorengo bi baldintzak bete behar ditu: 1) kritikaren objektua den fenomenoa ezagutzen da eta 2) ez da mamurik sortzen kontaera partzial edo azaleko batetik abiatuta irakurlearen zentzu komuna (honen adierarik txarrenean) erabiliz azaleko iritzia sortzeko helburuarekin. Hots, ez da manipulatzen.

    Bada, uste dut zure kritikak baldintza bietatik bat bera ere ez duela betetzen.

    Fenomenoa ezagutzeari dagokionez, diozunez aspaldi atzean utzia duzun arren termino klasikoetan ulertzen dugun gaztaroa, informatzerakoan oso joera ‘milleniala’ duzu. Hala diozu:

    ‘Ezaguna bezain sonatua izan da aipatu eztabaidek izandako ondorioetako batzuk, eta sare sozialek ere bozgorailu lan ezin hobea egin dute giroa barrutik bizi ahal izateko. Arestian aipatu dizuedanagatik, arretaz jarraitu izan dut prozesu guztia: talkak gazte eta ikasle mugimenduan, Ernai eta Ikasle Abertzaleen arteko estrategia apurketa, GKSren sorrera, Bilboko Erronda kaleko pisua… Gehienek jakingo duzue zertaz ari naizen. ‘

    Badirudi sare sozialen bidez baino ez duzula ezagutu Mugimendu Sozialista. Are gehiago, sare sozialen bidez baino ezagutu ez duzun prozesu guztia [!] barrutik [!!] eta ondo ezagutzen duzula uste duzu. Oso joera hedatu da, bai, sare sozialei errealitatea azaltzeko ez daukaten gaitasuna aitortzea. Zu, ordea, antza militantea (izan) zara, eta ez oso gaztea, gainera. Ondo jakin beharko zenuke, beraz, zer diodan.

    Bigarren puntuari dagokionez, benetan uste dut Ildo Sozialistaren eta Ikasle Mugimenduaren irudia guztiz desitxuratu duzula zure artikuluan. Esan bezala, UIBk sare sozialen bidezko komunikazioak elebitan egiten ditu, izan ere, bere xede taldea erdaldun elebakarra ere bada. EHU eta NUPen antolatzen da UIB, eta unibertsitate horietako langile sektore guztiak (ikasleak, garbitzaileak, AZP langileak, irakasleak, ikertzaileak, supermerkatu eta kafetegietako langileak…), eta bereziki sektore proletarizatuenak (askotan erdaldunak) antolatzea du helburu.
    Usteak eta irudipenak utzi eta aipatutako unibertsitateetan aipatutako sektoreen hiztun profilen datuak bilatzera gonbidatzen zaitut.

    Aipatutako sektoreekin lan egitea ez da asmo on bat edo etorkizun urrunerako helburu bat: errealitatea da gaur. Horren adibide bat, salbuespen-egoerara arte garbitzaileek egindako greba*.

    UIBren sare sozialetako jarduna euskaraz eta gaztelaniaz egiten bada ere, UIBko asanblada eta egituretan euskara bakarrik erabiltzen da, eta kideren batek euskara ulertzeko zailtasuna izatekotan beste kideren batek itzultzaile lanak egiten ditu, asanblada euskaraz egin eta kide guztiek ulertzea erdietsiz. Oraingo baldintzetan era horretara lortu dugu euskaraz egitea barne komunikazioak; etorkizunean baldintzak zein izango diren ezin dugu aurreikusi, eta beraz, eredu horren mugak ez dakigu zein diren, baina UIBren borondatea bere jarduna euskaraz burutzeko ezin da zalantzan jarri.

    Ikasle Abertzaleoi dagokigunez ere baieztapen faltsu batzuk egiten dituzu, Twitter sare sozialaren erabilerari dagozkionak batez ere (‘Ikusita ditut -sareetan publikoki egiten baitute- mugimendu hauetako partaide asko eta asko erdaraz idazten; azkenaldian sareetan jo eta su dabiltzan horietako batzuk, gainera, gaztelania hutsean etengabe’) eta oro har testu osoan zehar errealitatetik urrun dagoen irudi bat ematen duzu, baieztapen faltsu eta partzial askoren bidez.

    Ikasle Abertzaleok komunikazio osoa euskaraz egiten dugu, erdaraz ere egitea erabakitako kasu oso puntualetan salbu: nik dakidala behin bakarrik egin da erdaraz ere, oraingo osasun larrialdian, egoera berezi honetan Euskal Herriko zein kanpoko eragile eta sektore erdaldun askotara Mugimendu Sozialistaren posizioa helarazteko aukera eta beharra baloratu ostean.

    Kasu hori alde batera utzita, Ikasle Abertzaleon jardun osoa euskara hutsean egiten da. Askotan, gainera, eremu erdaldunetako militanteen borondate eta konpromisoari esker, zailtasunak zailtasun egunerokoan euskaraz lan egiten baitute. Bide batez, agur bat militante guzti horiei, bejondeizuela!

    Aipatu dituzunetan azkena, Gedar. Zer esan konpromiso militantea beste sustengurik ez duen kazeta honetaz. Ba, adibidez, bere eduki guzti-guztia euskaraz argitaratzen duela, euskaraz idatzitako ugari gaztelaniaz ere eskaintzen dituela, gaztelaniaz idatzitako denak euskaratzen dituen era berean, alimaleko lana bada ere. Langile Zientzia atalean txapela kentzeko lana egiten dela testu marxistak euskaratzen, eta baita Ikuspuntua, Koiuntura edo Editoriala ataletan ere, berriz diot, sosik kobratu gabe, eduki berri eta interesgarri andana argitaratuz eta dena euskaraz irakurtzeko aukera bermatuz. Beste atal batzuk, albisteak biltzen dituena kasu, euskaraz baino ez dira argitaratzen, eta orain arteko kolaborazio guztiak ere euskaraz egin dira.

    Finean, orain artekoarekin, uste dut gaia lantzerakoan egindako bi akatsak, informazio falta eta irudi faltsua, erakutsi ditudala.

    Orain, berriz, kritikaren arrazoia eta asmoa zein diren aztertzen saiatuko naiz.

    Historia, garai postmoderno deritzen hauetan ere, etengabe errepikatzeari atxikitzen diozu Mugimendu Sozialistaren sorrera, ‘klase-nazio eztabaida’ errepikatzera mugatu duzun fenomenoa. Bide batez esateko, ohikoa da Mugimendu Sozialista 70eko hamarkada amaierako eta 80ko hastapenetako zenbait antolakunde edo joerarekin erkatzea ere, horien akatsak eta ondorengo deriba Mugimendu Sozialista jaioberriaren bizkarrean jarriz; motxila astuna. Antza denez jatorrizko bekatuarekin jaio gara geu ere. Zeharkako iradokizun hauen faltsutasuna frogatzen ez naiz paratuko, begi-bistakoa baita argumentu gisa duten pisu eskasa.
    ‘Klase-nazio’ bitasuna horrela planteatzeak, bestalde, eztabaida bietako zein aukeratu erabakitzera mugatzen dela iradokitzen du, eta, beraz, Ildo Sozialistak klasea aukeratu duela, alegia, nazioa baztertu, alegia, espainiar nazioa besarkatu. Gehiegi luzatuko nintzateke puntu hau argitzen saiatuko banitza eta hemen ere iradokizunaren faltsutasuna azpimarratzera mugatuko naiz. Interesa duenak sarean aurki dezake honi buruzko informazioa eta iritzia.

    Borroka ziklo baten amaiera eta porrota bete-betean bizitzea tokatu zaigun gazte belaunaldi batek osatzen du Mugimendu Sozialista. Egindako bideari diogun begirune osoz, bertatik irakaspenak atera eta dena zalantzan jartzea dagokigu, aurrera egingo badugu.
    Asmo horretan, edukiari dagokion eztabaida zintzo baten ordez, eztabaida honen antzeko txorimaloekin aritzea nahiago du zenbaitek. Hala, eztabaida horiek ez ematea da helburua agortutako estrategia batean tematu denarentzako.

    Nahiago nuke eztabaida UIBk martxan jarri berri dituen dinamikez izan balitz, ehundaka ikasle borondatez irakasle lanetan jarri dituen honetan, edo egun gutxian sortu duen apunte bankuaz, eta ekimen hauek ikasleria langileari egingo dion ekarpenaz.
    Bestela, IAk argitaratu duen programaz hezkuntzan salbuespen-egoera honen ondorioak langile-klaseak ordaindu ez ditzan. Programaren puntuen baliozkotasunaz edo akatsez. Izan ere, gure ustez, hezkuntza kapitalaren akumulazio dinamikatik at eta langileon kontrolpean egotera pasatzeko pauso bat da programa, txikia bada ere.
    Euskararen patua hezkuntzan, berriz, ez da salbu egongo hori lortu artean, zapalkuntzarik gabeko gizarte batean hezkuntza langileon kontrolpean egon arte, alegia, prozesu sozial ororen kontrola langile klasearena izan arte.
    Lema huts bat izatetik haratago, benetan uste dugu iraultzak bakarrik salba dezakeela euskara, eta guk gure alea jarriko dugu hala izan dadin.

    (*) Bi link honekin lotuta:
    https://twitter.com/RadioteresaGstz/status/1248681161850867720

    https://twitter.com/UIBnazionala/status/1237751996276449283

  • Aimarri dagokionez, zentzuzko zerbait idaztean erantzungo dizut. Bide batez, errepasatu ergatiboa.

  • Tesia bat idatzi duzu artikulu bati erantzuteko baina ez naiz horretan sartuko… Aipatu dituzun IAk zabaldutako puntu horiek ez al dira erreformistak? Eskertuko nizuke motzean erantzungo bazenu, zuen parrafadetaz nekatua bainago.

  • Ni, berriz, nekatua nago tesiak 140 karakteretan eskatzen dituztenetaz. Formula baten bila bazatoz, aio, horrelakorik ez dago eta. Liskar bila bazatoz ere agur, ez baita nire asmoa xextran ibiltzea. Benetan eztabaidatu nahi baduzu azaldu zeuk zergatik diren erreformistak, saiatu frogatzen zure ustea eta gustura erantzungo dizut.
    Baina, aizu, inork ez dizu eskatu idatzi dudana irakurtzeko eta zure nekeak kontatzera zoaz beste norabaitera.

  • Demontre! Galdera egin eta nola erantzun behar duenaren exigentziarekin zatoz??Nik ere eskertuko nizuke txorakeriak esateari utziko bazenio, zuen zentzugabekeriaz nekatua bainago.

  • Mattin betikoa.. Denak oker zaudete, Ildo Sozialistakook dugu arrazoi. Nik ergatiboa errepasatuko dut, baina inoiz egingo ez dudana da nire herriaren hizkuntza zapaldu.

  • Aupa Aimar. Azaldu dezakezu zer den zure herriko hizkuntza zapaltzea?

  • Javier Ramírez 2020-04-12 08:22

    Aupa Tzib,

    Galdera bat. Iritzia oso ondo, baina zergatik ez duzu zure izen abizenekin idazten?

  • “Tzib gua” jejjeje

  • Aimar, GKSko militante askok du Lenin eredutzat; baita R. Luxemburg ere. Istripu batek inor erail zezaken hori sintaxi-forma hautua da, eduki-politiko indartsua duena bere esanguran. Zeinen harroputzak zarete interneten… ea ba.

  • Hain euskaldun gutxi izanda nola da posible batu ezin izatea eta hainbeste talde eta organizazio ezberdin egotea, ekologistak, feministak, sozialistak, komunistak, erreformistak, eskuinekoak, ezkerrekoak, antiarrazistak, palestina/katalunia/sahara/kurdistan/amerikar indigenen herrien defentsako organizazioak… Baina inoiz ere ez mugimendu abertzale bat ideologia politikorik gabekoa, abertzaleon defentsan, euskara, euskal kultura etab. defendatuko dituena.

  • “Mugimendu abertzale bat ideolojia politikorik gabekoa” . Zelako ergelkeri ezerezezko handia.

  • Denok dugu portaera bat eta haren determinazioa ideien bitartez sortzen da.
    Hori da ideologia deitzen zaiona.

  • Euskara izan behar da ideologia zentrala, eta gainerako guztiak, sekundarioak izanik, koexistitzeko gai izan behar dira ardatz horren inguruan, inoiz oztopo izan gabe.

  • Benat Castorene 2020-04-13 12:32

    Gilentxo, ulertzen zaitudan arren, “gainerako guztiak, sekundario” formula bera piskat kakola iduritzen zait.
    Euskaldunak euskara behar du bainan ezin diozu esan ekonomia eta bere haurren ogia sekundarioak direnik. Bai ordea ekonomia ere ikuspuntu horretatik pentsatu behar dela eta bere oporretako bidaia exotikoak ahantzi beharko dituela agroturismoaren probetxurako.
    Zure pentsakerak ondorio poliko inportanteak ditu, aurretik serio aztertu beharrekoak.
    Hurbiltzen ari zara Kibutzaren hipotesiatik.

  • Ildo estaregikoa eta ideologikoa gure subiranotasuna berreskuratzearekin lotuta dago. Gure buruak deskolonizatu eta bi Estatu inperialistei aurre egitea. Haiek inposatu zitzaizkigun instituzioetatik at askatasuna lantzea eta gure marko estatala berrirekitzea. Hortarako jakin beharko genuke nondik gatoz eta nora joan behar garen. Pako Aristiri orain dela gutxi irakurri nion bezala: konformatu ez zirelako gara, eta konformatzen ez bagara izango direla.

  • Beñat, sekundario horrek esan nahi du ezen, nahiz eta guk biok kontrako ideologia ekonomikoak izan ditzagun, euskaran bat egingo dugula. Horri ematen diot nik lehentasuna. Aldiz, etsai [zapaltzaile] dut ezkertiar, feminista, ekologista… erdalzalea, ni ideologikoki hori guztia izan banadi ere.

  • Marxismo-leninismoa bere horretan anti-abertzalea da, internazionala bere zentzu txarrean. Izan ere, elementu deserrotu eta degeneratuek eraikiriko konstrukto ideologiko bat da, zeinek ez zuten arbasoekiko, sendiarekiko, euren sorterriarekiko eta lurrarekiko loturarik ez errespeturik. Marx, Engels, Luxemburgo, Trotsky, Lenin…. Oro har euren abegi-herriarekiko edota jatorri etnikoarekiko mesprezuz hornituriko elementuez ari gara. Psikologikoki, aitaren aurkako nerabezaroko errebeldia suntsitzailea da marxismo leninismoa, baita zentzu teorikoan ere. Bere aita liberalismoari aurka egiten dio, bai, baina existentziaren erdian ekonomizismoa ezartzen du bere aitak bezala.

    Ez da euskaldunon paradigma psikologikoa, gu lurrean eta historian ongi finkaturiko herri bat ordezkatzen baitugu, eta gure helburu nagusia ez da baliabide materialen kudeaketa justoa, baizik eta gure herriaren biziraupena, askapena eta independentzia.

    Eta ML-tik asko ikasi badaiteke ere, argi dago kontraesankorra dela ildo abertzalearekin. ML-ak komeni zaion abertzaletasuna parasitatzen baitu klase borrokaren mesedetan (poloniarra alemaniarraren aurka, esaterako, nahiz eta gero Polonia lotsarik gabe inbaditu, suntsitu eta ustiatua izan). Inoiz sekula konpondu ez diren kontraesan horiek argi ikusi dira ezker abertzalearen ibilbide historikoan, eta beren hamarnaka zatiketatan.

    Dena den, argi esan beharra dago ere: zinezko abertzale batek ezin du onikusi bere herritarren kontrako ustiaketa eta lukurreria, lehen ustiatzailea estatu zapaltzaile inperialista delarik kapital finantziero internazionalarekin batera, eta honenbestez zinezko abertzaletasunak badu asko sozialismotik, baina inolaz ere sozialismo marxista globalista deserrotutik.

    Euskal Herriak bere ideologia nazional propioa merezi du, sozialista agian, baina euskaltasuna (eta ez soilik euska) bere ardatz nagusi duena, biziraupena eta independentzia xede, eta euskal zentraltasun horretatik eraiki gure idiosinkrasiara egokitzen den pentsamendu sozial eta ekonomiko praktikoa. Hori bai da gure herriari duintasuna helaraztea, eta ez duela 150 urteko askenazi eta turkotxinatar kuadrila batek erdituriko ideologia herdoildu baten inposizio traketsa.

  • “honenbestez zinezko abertzaletasunak badu asko sozialismotik”

    Neuk ere uste dut hori.

    “Euskal Herriak bere ideologia nazional propioa merezi du, sozialista agian, baina euskaltasuna (eta ez soilik euska[ra]) bere ardatz nagusi duena”.

    Ados, baina argi utzi beharra dago euskararik gabe ez dagoela euskaltasunik, eta beraz ez naziorik, ez estatu proiekturik. Are gehiago, euskaraz bakarrik dauka zentzua eta zilegitasuna euskaltasunak, ez espainolez, ez frantsesez.

  • Oier.
    Marxismoa ideologia bezala ulertzen duzu eta hori da zure akatsa. Marxismoa errealitatea ulertzeko metodo bat da, ez ideologia bat.

  • Errealitatearen interpretazio murriztaile eta desitxuratu bat, izatekotan.

  • Gilentxo, hortan ados. Euskara da euskal nortasunaren ardatz nagusia gaur egun, eta aurrerantzean ere hala izan beharko lukeela uste dut

  • Beno, hori zure iritzia da. Baina ez itzazu gauzak ez diren bezala definitu. Horretaz gain, baliabide materialen kudeaketa justoa hekburutzat ez izatea eta era berean independentzia eta askapena bezalako helburuak izatea kontraesankorra dela deritzot. Independentziak dependentzia eza esan nahi duen momentutik gure helburuak katiatuta gauzkan horretatik askatzea izan beharko luke, eta hain justu kudeaketa berri bat izango litzateke hori ahalbideratuko lukeena. Independentzia geografikoa ez da nahikoa.

  • Txurigorri, ideologiek bi osagai nagusi dituzte: 1) errealitatearen interpretazio propio bat 2) ekintza ildo bat. Beraz marxismoa errealitatea partzialki (eta ondorioz desitxuratuki) interpretatzen duen ideologia bat da bere horretan, eta hori ez da iritzia.
    Besteari dagokionean, xehatuki errepikatuko dizut, ea horrela argiago ulertzen den: “gure helburu NAGUSIA ez da baliabide materialen kudeaketa justoa”. Ez dut helburu hori ukatzen. Lehentasunez ari naiz.
    Organismo edo sistema ororen lehentasun nagusia biziraupena da. Bizi-baldintzen hobekuntza bigarren plano batean kokatzen da biziraupena jokoan dagoenean. Euskal Herria organismo edo sistema kolektibo izaki, krisi existentzial larri baten aurrean aurkitzen da egun, mendeetako zanpaketa, kolonizazioa eta gorputz zein nortasun nazionalaren ahultzea dela-eta.
    Herri honek biziraungo badu, bere herritargo antolatuaren energia guztiak hortara bideratuko direlako izango da, alegia, erresistentzia nazionalera. Herritargo honen arreta eta energiak beste edozein ildo arrotzetara bideratzen badira (egun dauden –ismo guzti horiek), energía kolektiboen zatiketa, sakabanatze eta baliogabetze bat gertatuko da, egun orain bertan gertatzen ari den modura, eta ez dugu ez independentziarik ez eta sozialismorik erdietsiko.
    GKS moduko ildo anti-abertzaleak nagusituko balira, batek daki baliabide materialen kudeaketa justoago bat gauzatzeko baldintzak garatuko liratekeen, nik ez dut ala use, baina bide horretan sakonduz seguru nago Euskal Herriak herri izateari utziko liokeela eta euskalduna berriz amore eman eta desagertze zorian dagoen espezie bat bilakatuko litztakeela, eta merezita, ororen lehentasun den biziraupen-borrokari muzin egiteagatik.

  • Benat Castorene 2020-04-13 15:04

    Zuen hiruen elkarrizketa interesgarria da.
    Oier eta Gilhen, sozialismoak eta marxismoak konpartitzen dute ahulezia eta akats sakon batzu. Falta zuten lanaren teoria gizatiar batez ere. Ez eiki da halaere dena bota behar. .
    Txurigorri Maxismoa eta MLa ideologia ere badira. Ez ote zuten er “sozialismo zientifikoa” deitzen. Garaia ikusita, normaltasunez Zientismoaren ideologiaz kutsatuak ziren.
    Orai badakigu zientzia bera ere ideologiaz kutsatua dela.
    Egia erran ezdakit posible den ideologia guzitik libratzea
    Aldiz beti maite izan dut “errealitate konkretuaren analisia konkretua” ren inportantziaren ideia eta arrazoi duzu ekonomia serio kontuan hartu behar dela

  • Zuk esan bezala ideologiek bi osagai horiek bete behar dituzte, hortaz horietako osagai bat betetzen ez duena ezin dugu ideologiatzat hartu. Zuk esan duzu, organismo edo sisteman ororen lehentasun nagusia biziraupena bada, gure lehentasunak eskurtzen hasi beharko dugu eta argi gelditu da zure lehentasunak eta nireak ez direla berdinak eta horiek eskuratzeko bide ezberdinak proposatzen ditugula. Denborak jarriko du bakoitza bere lekuan.
    Aipaturiko beste guztiari erantzuna emateko asmoa nuen baina… ildo arrotzak, espeziea, ildo anti-abertzalea etab irakurtzerakoan erantzuna emateko gogoa joan zait.
    Ez dut eztabaida gehiago luzatzeko asmorik,
    ondo izan.

  • GKSko gazteak askoz ere “abertzaleagoak” iruditzen zaizkit”abertzale” hitza erabiltzen duenEAJ baino. EAJ eta bere sekito neoliberal postmoderno zapaltzaile guztiak . Ergelduak nahi gaituzte.

    EAJen aberria, CONFEBASK, BCE,FMI,desarrollismo eroa,Estatu Batu inperialista kriminala da, naiz ta batzuk euskara erabiltzen duten. Kapitalismoa errukirik gabe.

    Ze finean , non dago gakoa? Abertzale izateaz ulertzen dugunaz. Neretzat abertzalea izatea antikapitalista izatea da(euskaraz, noski). Euskal herri ez kapitalista bat eraikitzen saiatzen dena euskara erabiliaz, hori da neretzat abertzale bat.Burujabetza praktikatzen duena,alegia

  • Dena da ezinezkoa, egin arte. Errealismoa ez dago teorien menpe praktikaren arabera baizik. Ez dugu ideologiarik kanpora bilatu behar. Sozialismoa, martxismoa, konzeptu errepublikarrak etabar aintzinetik eraman genuen aurrera gure lurraldeetan Pirineetako eskubidearen bitartez non auzolana eta auzokrazia ziren gure bi zutabe nagusienak.

  • Grenwich, ia edozer gauza izan daiteke PNVko espainolismo neoliberala baino abertzaleagoa, baina horrek ez du GKSren ildoa abertzale egiten ez eta beren iritzi-emaile nagusien ikuspegia (Kolitza, Kortazar…). Militanteei buruz ez dut ezer esango. Eta ez, abertzaletasuna eta antikapitalismoa ez da gauza bera, bi kontzeptu ezberdin dira, eta ez da ulerkera kontua, hiztegi-kontua baizik. Anti-kapitalista izan zaitezke abertzale izan gabe, hots, munduko hiritar kosmopolita gisa, espainol gisa, edo naziorik gabeko proletalgoaren partaide gisa. Ni ere antikapitalista gisa ikusten dut nire burua, baina hori ez da nire abertzaletasunaren arrazoia.

  • Islandia, Norvegia, Finlandia.. Adibide mordo daude non herriek beraien hizkuntza ta kultura babestu duten soilik estadua erdietsiz. Estadu barik, beste estadu baten barruan, denak hiltzen dira, ta hori eztabaidaezina da. Kurdua 30 milioi dira ta kurduera desagertzen doa, Finlandia 5 milioi ta hizkuntza osasuntsua dute. Edozein ideologia gurean, ez badu euskal estatua helburu, espainiar edo frantses ideologia da. Estatu gabe ez da egongo euskal baliabide justuen birbanaketa, euskaldunak ez direlako egongo, ta Espainiak ta Frantziak uzten digutena izango dugu. Beraz nahiz ta euskara ere erabili, edo gehiago, erdararen alde egiten du euskal estatua itu bezala ez duenak…Lehen ere egon dira batik bat euskaraz egiten zutenak Frantzia edo Espainiaren alde, gehiengoa euskalduna bait zen. Ta lorpena, euskaldunak erdarara bultzatzea izan zen, espainiartu ta frantseztu bi estatu inperialista hoien boterea baliatuz. Beraz euskal estatua itua ez duenak, erdara du itu, espainiar ta frantziar kultura ta hizkuntza. Ta gure desagerpena nahi du, ta euskara gu erdalduntzeko, espainiartzeko, frantsesteko erabiltzen du.

  • J. Kortazar 2020-04-18 00:57

    Kaixo Oier:

    Ni ez naiz GKSko kide, eta beraz, are gutxiago honen ideologo, “iritzigile nagusi”, idazle sistemiko, ildo-markatzaile edo halako ezer.

    Nik nire iritziak plazaratzen ditut (ahal dudanean) eta nahi duenak ados egotea badauka, baita desados egotea ere.

  • Jon, Gedarreko ikuspuntua ataleko artikuluen portzentai esanguratsu batek zure sinadura darama, zure eragina sare sozialen mailan nabarmena da, eta GKSren ildoarekin bat egiten duzu orokorrean, independentzia ez delarik zure “ipar”. Iritzi-emaile apal bat baino gehiago zarela esango nuke, kanpotik jasotzen den hautemateak hori adierazten du behintzat.

  • Caixo,

    Aurthen Gazteicen, otsahilaren 17an Ikasle Abertzaleakec antholatu çuen Herri-Universitatean hitzaldi bat “euskararen estandarizazioa XVI. mendean “ icemburupean, eta eztabaida ederra eguin cen. Lehen aldia dateque Universitatean halaco gaia tractatzen dela, eta benetaco schola national baten bidean paussu practico bat da, espanturic eta folkloreric gabe eguina.

    Ildo socialista delacoa theoricoqui ari dira gazte batzuc lancen, eta ascori horrec mina eguiten deraue. Mina eguiten deraue herri honen alde ecer ere eguin eta eguiten ez duten listoei eta negarti chronicoei. GKS eta IAcoac ez dirade horren sectario eta españolista içanen noiz behinçat, gure hizcunça nationalaren inguruan eztabaidatzeco gai diren.

    Bon, hau nire uste aphala da.

  • J. Kortazar 2020-04-18 19:07

    Oier:
    Gedarren zortzi-bederatzi gaude, eta denek antzera idazten dugu. Hori ahla delarik, nire idatziak %10-15 artean egongo dra. Hori esanguratsua al da? Bakoitzak “esanguratsu” hitzari ematen dion esanahiaren arabera, baina nire idatziak ez dira bete inorrenak baino ugariagoak.
    Sare sozialetan hainbat gaitaz hitz egiten dut, ez dira denak GKSren edo “Ildo Sozialista” delakoaren ingurukoak. Are gehio, esango nuke zuk aipatu “eragina” gai honez bestelakoengatik dela. Bestetik hor badaude kasu egiten didatenak, baina baita ere gorroto nautenak (makinatxo bat).
    Hemendik aurrera, ez badidazu sinetsi nahi, ba ez naiz tematuko.

  • Alexandre,
    Bihotz phozgarria da adiarazten deraucuçuna.
    Adeitassunez

  • Milla esquer Josu! Benetan, benetan lore bat ikustea beçalacoa da çure eulogia jassotzea.

    Nic ere Cortaçar jaunaren articuluac irakurcen ditut, eta berac emaiten deraucu realitate baten inguruan berac ikusten duenaren testigança. Gustatzen çait gainerat, eta communicabide horthan berce batzuen lana ere. Eta Kolitza, aurreco batean hemen Zuzeun batec aiphatzen çuen nola bere articulua Borroka Garaia Da-n Marijaiac ezcutatzen çuenaz gustoco çuen. Ni hor bat nathor erabat. Berce gauça ascorequin ez, eta?

    Oierrec eta Mikelatsec darabilten discursoa corporatismoaren inguruan eta hori dena ere gustoco dut, haiec eguin duten ikasqueta bidea compartitu dute, eta nic behinçat hori intellegatu dudala uste dut, haiei esquer. Comptuan har deçagun hala ere, ez gaitecen oker, corporatismoa dela Espanyaco ideologiaren çuthabeetaco bat, cein bilhacatu baitzen trampa itzela carlistadetan eta aurreco guda republicanoan. Bainan beno, sar deçagun haragui gucia lapicoan eta ea cer edocer ona atheratzen dugun. Hemen ez dago listo bakar bat ere eguia duenic, eguian oinharritzen dena baino, behar bada. Gustuco ditut ere Gure Berriaceco articuluac, Castorene jaunarenac, Lavin maisu philologoari buruz cer erranen dut?
    Gauça bat: hemengo eztabaidetan asco ikasten da. Leone, Artsuaga, euskaldun bat, baita Nagore ere, bere moduan, inclussive Bentazar bere mania antibatasunistarequin, ceinean haimbat gauçequin ni ere bat bait nathor. Gustoco ditut ere Orreaga Iritzi Taldeco maniac, ce hauec ere… Batzutan, osso gutitan, Iratzar Fondationeac cer edocer cençuzcoa atharatzen du. Libertate Naffarra alderdiac discurso cehatza eta elaboratua du. Euskal Herriak Askatasuna plataformac cehazqui jotzen çuen iruçur autonomista vascongadoa salatuz. BGDco Maju, Mikel Erro… Eta berce anhitz lagun, individual cein collectivo, guehiago ere sarcen dira salsa honetan. Gure herriaren inguruan kezca dugunon baitha dateque hau. Hau da ethorquiçunaren oraingo genema. Dirudiena baino ascoz gehiago dena.

    Bainan horrec eztu neholaz ere erran nahi nehorrequin ere bat nathorrenic. Ez nathor bat ia nehorrequin nola guehiengoac, batez ere talde beçala aritzen diren sectatchoen baithetan nerequin bat ez dathocen. Bainan berdin derauta horrec. Ez dut behar nehoren aplausoric.

    Contradictioneac hor daude, iraganeco akatsac ere, sasikumequeriac, çailtassunac elkarren artean confidança eguiteco. Gure herri ttiqui honec jassan eta jassaiten du ethengabeco bombardaqueta ideologicoa negarrismoa valiatuz, espionitisa valiatuz, beitu nola anatemiçatzen cen eta den haimbat gende edocein sectore ideologicoan ez içaiteagatic confidançazcoa, edo puerilqui erraitearren, potruac ikutzeagatic bere hitzaz (taldeen baithan intellegencia altuagoa içaitegatic normalean). Eta hori dena berce gucien beguien aurrean. Ceren hau dena intellegatzen duen gendea ere badago, ceinac gutaz farre ederrac eguiten baititu. Horretaz cin eguin deçaquet, bai.

    Ildo Socialista delacoa Sortu alderdiaren baithan theoriçatu çena practican jarcea da, bainan cihur naiz ere theoriçatu çutenec etzutela hau espero. (car, car…) Bide legalac eta democraticoac erabiliz articulatione populista bat eratzea batailla cehatzac irabazteco, eta polliqui polliqui articulatione horretaco alliança soldeatzea classe ikuspegui batequin, hori da gauça. Nationea ez dutela aiphatzen, ba normala da. Nationearen ideiac ez du sostenguric egun, daramagun charga historicoarequin. Euskal Herria pintchopote, ardogorrinaparra eta halaco mongoloquerietara mugatzen da ia ia: folklore hutsa. Nic ere, eta hemengo edonorc ere, ez luque benetan serio hartuco “gure” natione-pantomima hau. Baina, hau da realitatea. Realitatea aldatzea da eguin ahal dugun bakarra, edo bercela popatic harcera joan. Eta ildo socialista beçala iceneztatzen dena aurrera eramaten dutenec, bide legalac erabiliz, eta osso tchukun gainera, modu eredugarrian ere erranen nuque, realitatetic abiatuz gauçattoac aldatzen doaz, experiencia harcen… Ba bejondeiquela.

    Bakoitzac bere sayaquera eguiten du, bakoitzac bere buruan duen informatione-structuraren arauerat, eta ez dut certan jarri çalançan batzuen edo berceen asmoen egoquitassuna, berceac berce nic ere ez dudalaco eguiaren guilça.

    National batassun bat lorcen ez dugun bitartean bakoitzac bere navean lortu behar dituzque symbiosiaren bitartez structura gueroz eta complexuagoac eratzea. Beitu cein çaila den structuratzea, elkarlagunça, complicitatea lancea, eta cein erreça den structuratua dena çathikatzea, barreiatzea, eraistea. Legue thermodynamico batec açalcen du hori. Sasikume deffinitu batzuec defendatzen dute ecen entropia gauça naturala denez herrioc desaguercen behar dugula berce structura batzuen baithan oreka lortuz. Bainan entropia içaiqui ez vicidunen eçaugarria da, ez gurea, eta hau jakin behar dugu argumentatzen.

    Vicitza lanarequin lothua da, lana vicitzaren parte ecimbercecoa da, capitala ez beçala. Vicitza structura gueroz eta complexuagoac eta ere ederragoac eratzearequin lothua dago.

    Gure herrian cellulatto ezberdinac daude, bakoitzac bere informatione-codearequin: athenneo bat, gaztetche bat, auço edo etche okupatu bat, choral bat, loreen aldeco elkarte bat, cellula marxistac, liberalac, anarchistac (ceinen artean Gasteiceco Bele Beltz elkartea berheiztuco bainuque, eçagutzen dudan talderic eta ederrena delaco, Gaztetchearequin eta Errekaleorrequin batera, eta Laudioco Orbeco Etchearequin batera ere), krutwigçaleac…

    Soilhic faltatzen çaioque honi guciari fronte cultural bat, benetan aberçale eta socialista, ceinac cellulen sopa honi strategia benetazco bat ahalbidetzeco intellegencia esqueinico lerauqueon. Bitartean bakoitzac segui beça bere postuan, eta adi dathocen aldaquetei.

    Aurrera bethi bolia!

  • Benat Castorene 2020-04-19 10:11

    ” Bainan entropia içaiqui ez vicidunen eçaugarria da, ez gurea, eta hau jakin behar dugu argumentatzen.
    Vicitza lanarequin lothua da, lana vicitzaren parte ecimbercecoa da, capitala ez beçala. Vicitza structura gueroz eta complexuagoac eta ere ederragoac eratzearequin lothua dago”
    Bikajn ene uste aphaletik ere, ausart nintzateke erraitera konplexua eta sinplearen arteko diferentzia erlatiboa dela. Adibidez konplexua batzuei sinplista ager dakieke.

  • Anhitz esquer, Castorene jauna.
    Nic ere hala deritzot.

  • Kaixo,
    Orain arte inork ez du kontutan hartu, baina artikuluan aipatzen den UIB ez da Mugimendu Sozialistaren parte. Horren adibide da, Gedarrek UIBren albiste guztiak Langile mugimendua atalean biltzen dituela, eta ez Mugimendu Sozialista atalean.

  • bai bai noski…