Ildo sozialistaren etikaz

Ildo sozialistaren etikaz –

Gedar.eus atarian publikatutako “Eraikitzen ari garen kultura” irakurri eta gero, Euskal Herrian indartzen ari den ildo sozialistari buruz idaztera animatu naiz. Ez dadila hartu artikulu horri egindako erantzun huts bezala. Hala ere, bere irakurketak asaldatu nauenez, hau idazteko grina piztu zait.

Ildo sozialistaren etikazArtikulu honetan ez naiz bakarrik kritikei buruz arituko, zuen aurkako idatzi demagogo eta infantilista horietara ohituegi baikaude: inongo ardurarik gabe eraso frontal bezala planteatzen den propaganda erreformista ospetsua. Kritikak merezi dituzue bai, baina iraultzaren alde borrokatzen duten sektore guztiak bezala, aitortza ere, merezi duzue.

Lehenik eta behin, zergatik ez da erreza zuen aldeko aitortzarik topatzea zuen kanal eta espazioetatik kanpo? Oztopoak oztopo eta azken urteetako lanari esker, saretze txiki bat izatetik, indar politiko emergente erreal bat izatera igaro zarete hainbat eskualdetan. Bide luze honetan, mota guztietako matxakea jaso duzue zuetako askok eta hainbat sektorek zuen aurkako isolamendu politikoa bultzatu dute etengabean. Euskal gizartean ahula ez den ezkerreko estrategia politiko baten bideragarritasuna zalantzan jartzen duzue zuen tesiekin. Talka ekidiezina da, beraz. Gaur egun, zuen aldeko argudio txikienak ere, hainbat ingurunetan alarmak pizten ditu denbora errekorrean.

Klase gatazkaren gaurkotasun eta beharrezkotasuna letra larriz mahaigaineratu duzue, zenbait korronte politikoen jarduna baldintzatuz. Formakuntza marxistaren zabalpen itzela bultzatu duzue belaunaldi batean. Hortaz aparte, erakutsitako lanerako gaitasun eta determinazioak gazte gehiago erakarri ditu zuen proiektura. Itzaleko lan mardularen ostean, fruituak jasotzen hasi zarete, eta Euskal Herrian aurreko zikloa itxi zenetik, perspektiba duen ezker iraultzaileko fronte sendoena bihurtu zarete. Zorionak.

Aitortza atzean utzita, aipatutako artikulua errealitatetik oso urrun dagoela iruditzen zait. Kultura berria eraikitzen ari zarete bai, baina etikaren inguruko leziorik emateko posizioan ez zaudete. Ildo sozialistaren lidergotzaren asmatzeak herri eta auzo ezberdinetan birus baten moduan zabaldu diren bezala, hutsegiteak ere, ziztu bizian zabaldu dira zuen kultura berrian, etika falta izugarria demostratuz espazio ugaritan.

Zuen ustezko supremazia politikoa nahiko era bortitzean plazaratzeko joera duzue. Hau, mespretxu zuzen batean adierazten da zuen programa politiko osoarekin bat ez datozen espresio sozial guztiekin. Hain argi duzue zuena dela bide bakarra, ezen beste gainontzeko aukera edota proposamenak ez dituzue ezta interlokutore gisa hartzen. Are gehiago: prozesu sozialistaren oztopatzaile gisa izendatzen dituzue parpadeatu gabe. Esperientzia komunista ugarik arrastratu dute arrogantzia eta sektarismoaren motxila historian zehar, eta denborarekin, guztiei pasa die faktura.

Zintzotasunaz ere hitz egiten duzue artikuluan. Orain serio. Zintzoak izan zarete adibidez, zuen egituretatik kanpo dauden militanteekin gune autogestionatuen babes sarea azaldu eta binkulazio bila ibili zaretenean? Etikari egiten zaio erreferentzia “garbi jokatzeaz” hitz egiten denean, eta zuek, nahiko zikin jokatu duzuela esango nuke. Bakoitzaren ildoko kideari bezainbesteko errespetua zor zaio iraultzaren alde konpromisoz lan egiten duen beste ildoetako kideei. Horretan datza etika iraultzaileak. Zuekin bat ez egiteagatik Bizkaiko herri bateko militante bat hainbaten artean jipoitu eta mobila lapurtu zenioten. Zein etika motak justifika dezake hori? Hau gutxi ez balitz, bere inguruko gezurrak era kontziente batean zabaltzen ibili zineten, garai batean asko erabiltzen zen “txibato” bezalako akusazio faltsuak eginez han eta hemen. Mesedez, ez esan besteen mina zuena bihurtzen duzuela.

Jarrai nezakeen antzeko adibideak azaltzen, baina hauek beste gertakari asko laburbildu ditzaketelakoan, nahikoa dirudit.

Sozialismoa gaurdanik garatu behar badugu, helburuak ezingo ditu medioak justifikatu, medioak ere helburuaren parte izango baitira. Horra hor egungo zuen teoria eta praktikaren kontraesan nagusia.

Idatzi hau, pertsona bakarraren bizipenetatik sortutako hausnarketa baino ez da, bai, baina tira, Euskal Herria oso txikia dugu, zoritxarrez edo zorionez. Bakoitzak jakingo du ea hemen azaldu diren aitortza eta kritika bat datozen errealitatearekin. Zintzoki espero dut etika hutsune izugarri hauek ezabatzen joatea denborarekin, eta egindako akatsak onartzea noizbait. Aldarri hutsetatik haratago, umiltasuna eta autokritika zuen nortasun politikoaren zati bihurtuz.

Bidean topatuko garelakoan… SOZIALISMOA ala BASAKERIA.

Ildo sozialistaren etikaz

7 pentsamendu “Ildo sozialistaren etikaz”-ri buruz

  • Lander Garcia de Matauko 2019-11-18 09:59

    “Sozialismoa eta basakeria” da leloaren azken bertsioa.

    Sozialismoak txirotasuna, ustelkeria eta botere-gehiegikeria baino ez du ekartzen. Aska ditzagun Euskal Herria eta euskal herritarrak iraultza sozialista baten mehatxutik, mesedez.

  • Amonamantangorri 2019-11-19 15:00

    Hori esatea, Lander, juxtu aste honetan, noiz eta Kapitala militarismoa, arrazismoa, erlijio-sineskeria eta pobreen zanpakuntzaren alde jarri den, batere disimulorik gabe.

    Urrutira joan gabe, EAJren europarlamentari Itsaso Atutxak Boliviako presidente golpista aitortzearen alde bozkatu du Bruselako europarlamentuan.

  • Kapitalismoa eta Sozialismoa txanpon beraren bi aldeak dira, biek dutelako oinarri gisa errealitatearen ikuspegi ekonomizista/materialista. Ea noiz konturatzen garen badela mundu oso bat txanpon horretatik harago.

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2019-11-19 19:01

    Eta mundu horri ohartu eta, nola hasi pratikan emaiten?

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2019-11-19 19:05

    Materialista eta ekonomizizta ez izaiteak ez du esan nahi ez garela materiaz eta ekonomiaz arduratu behar.
    Alderantziz .

  • Euskaldungoaren mundu-ikuspegi tradizionala berrezagutu, birpentsatu eta egunera ekartzea da dialektika manikeo hortatik euskaldun gisa libratzeko giltza, pentsamendu moderno guztiaren kritika eta berrikuspen zorrotza burutzetik hasita erralismoz hornituriko ekinbideak planteatzeraino. Zure euskal etxalde autonomo edo kibutzaren ideia ez dago espiritu horretatik urrun, gure izakunde komunal zaharraren eguneratze interesgarri batean oinarrituriko biziraupen-egitasmo bat izan daiteke eta.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-11-19 21:24

    Ados
    “pentsamendu (eta bizitza: lana, kontsumoa, estatua…) moderno guziaren kritika eta berrikuspen zorrotza burutzetik hasita erralismoz hornituriko ekinbideak planteatzeraino”
    Kibutza ez da lortu zuen ezperientzia konkretu historiko bat baizik, besteen artean, guk gure bidea asmatu beharko dugu gure egoera eta problema bereziei erantzunen diena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude