Ilargiko ura

Bitxia da, baina igogailuek eguraldiaz mintzatzeko gogoa pizten diguten bezalaxe, hitz batzuek automatikoki erreakzio jakin bat izatera eramaten gaituzte, Pavloven zakurrak bagina bezala. Garai batean, artean Robert de Niro modako aktorea zelarik, aski izaten zen haren izena aipatzea –edozein testuingurutan– norbaitek erran zezan arras aktore ona zela, egokitzen zitzaion paperaren arabera gizentzeko edo argaltzeko gauza zelako. Nik proba egin nuen behin baino gehiagotan: “Irakurri dut De Nirok etxe bat erosi duela Kalifornian” – “Bai, eta zer aktore ona den, segun zer film egin behar duen, loditu egiten da, edo argaldu…” Lotura automatiko horiek xelebre samarrak izan daitezke: gazte nintzela –soldadutza egitekoa nuen–, etxean tarteka erraten nuen alemana ikasi nahi nuela, eta aitak beti, behin ere huts egin gabe, erantzuten zidan: “Egin behar duzuna da kontzientzia eragozpena egiteko paperak prestatu”. Bi gauzen arteko lotura zein zen ez dut inoiz jakin, baina badakit –une batetik aitzinat alemanarena nahita aipatzen bainuen, esperimentu gisa, eta emaitza bera izan nuen beti– hizkuntza hura ikasteko gogoa adierazten banuen, paperak prestatzeko nire alferkeriaz mintzatuko ginela nahitaez.

Ilargiko uraBatzuetan, balio kausala izaten ahal du berez elkarrekin deus ikustekorik ez duten gauzak elkartzeak: euria jautsi ahala ari zuen batean, nire lagun batek hura zaparrada izugarria zela erran zion hotel bateko langile bati –igogailuan ziren naski–, eta honen erantzuna, hauxe: “bai, ilargian ura aurkitu dutenetik, eguraldia ero moduan dabil”.

Harremanik batere ez duten gauzak uztartzeko joera unibertsala dela ikusi ondoan, hobeki ulertzen da Nafarroako institutu batean norbaitek “hezkuntza” erran eta bertze batek “guardia zibila” erantzun izana. Eta, hara!, erakunde armatuko kideak Cintruenigoko eskola batera joan ziren, eta haurrak poz-pozik ibili ziren metraileta, pistola eta gomazko piloten artean. Susmoa dut, halere, azalpen guziak tekniko samarrak izan zirela, eta museo batera gidarik gabe joatea bezala izan zela berdez jantziriko agenteen bisita; hau da, artelanak –edo armak– ikusi bai, baina dena ongi ulertzeko maiz testuingurua izaten dugu falta: begira, koadro honetan, margolariak, ez dakit nongo dukeak eskatuta, nobleziaren handitasuna islatu nahi izan zuen; edo, begira, gomazko pilota hauek, hemengo agintariek manatuta, zure kontra botako ditut, hemendik urte batzuetara, oraingo politiken ondorioz, zure eskubideak aldarrikatzera kalera ateratzen zarenean –oharra: dagoeneko bada begi bat edo are bizia galdu duenik pilotakada baten ondorioz–; edo, begira, esku-burdina hauek etorkinak atxilotzeko erabiltzen ditut, itsusia baita Melilla aldean ematen duten espektakulua. Baina jakingarri horiek guziak galdu zituzten haurrek.

Batzuk asaldatu egin dira, edo, hobeki erranda, asaldatu egin gara ume ttikiak gomazko pilotak eskuan ikusten, edo arma batek nola funtzionatzen duen ikasten –bai eta arma hori daramana miresten ikasten–. Ilargiko urak eguraldi kaskarra ekarri duenez, zenbaitek erran dute Cintruenigoko akelarrea kritikatzea guardia zibilaren kontra egotea dela. Eta nik nire baitan begiratu eta pentsatu dut beharbada arrazoia dutela, ni ez bainaiz Ahumadako dukearen oinordekoen munduko zalerik amorratuena, eta, beraz, akaso nire aurreiritzi zikinek bulkatuta ari naiz. Baina, konparaziorako, ez dut deus ere pornografiaren kontra, eta, zer nahi duzue erratea, arraro eta segur aski desegoki idurituko litzaidake aktore talde bat lehen hezkuntzako eskola batera joanen balitz beren ofizioaren sekretuak erakustera; gomazko piloten ordez, bola txinatarrak eskuan ikusiko genuke neskatiko bat argazki batean; eta, bertze batean, mutiko bat, bibragailu bati pilak aldatzen ikasten.

Biak desegokiak, baina aukeran bigarrena –sexuarena, alegia– nahiago nuke; alta, nire bigarren hori benetan gertatu izan balitz, susmoa dut (eta susmoa baino gehiago ere bai) sortuko zen kalapita izugarria izanen zatekeela, telebistari esker aspalditik ikasia baitugu haurrei eskaintzen zaien edukiak zaintzea dela haurrei sexurik batere ez erakustea, baina bertzelako pornografia –konparaziorako, armen pornografia, Cintruenigon bezala– lantzea libre dela. Carlos García-Adanero UPNko bozeramaileak, Clint Eastwooden espirituaz jabetuta-edo, adierazi du umeei mundua nolakoa den irakatsi behar zaiela. Hortaz, uste izatekoa da, guardia zibilaren ondoren, gobernuko politikarien txanda izanen dela, eta lehen hezkuntzako ikasleei azalduko dietela zein diren dietak kobratzeko, kutxa bat egun batetik bertzera desagarrarazteko eta mota guzietako iruzurrak egiteko teknikak eta trikimailuak.

Nik zalantza bakarra dut: Cintruenigoko institutu horretako guraso guziak ados zeuden ekologisten bisitarekin? Bakar batek ere ez du protestatu? Nolanahi ere, merkealdi garaian bizi gara: Cintruenigoko aferak agerian utzi duen bezala, arrunt merke saltzen da irakasle titulua –nornahi aritzen ahal da umeen artean, zernahi irakasten–, bai eta institutuko zuzendari titulua ere –azeriak oiloen artean ibiltzea ontzat jo baitu Cintruenigokoak–. Terrorista titulua ere merkealdian dago: orain aski da Twitterren gustu txarreko komentarioak idaztea halakotzat hartua izateko. Gauzak horrela, normala da guardia zibila eskoletara joatea, umeak baitira –hain dira xaloak– erakunde armatuko kideak miresten ahal dituzten bakarrak. Dena –bai Cintruenigokoa, bai txiolarien atxiloketa– espektakulua da, espektakulu penagarria, baina iduri luke, Estatuaren irudi eta eredu jakin bat bermatzeko eta sendotzeko, Espainia aldean prest daudela gure –eta gure seme-alaben– gainera ilargiko ur guzia botatzeko. Eta ilargian bertzelako zerbait espero bazitekeen ere, ur zikina da.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Ilargiko ura

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.