“Ikusiko ez ditudanak”

Txikitan San Mamés barria eraikitzear ei zegoen. Bostpasei urte nituela, hedabideek horren berri ematen zuten. Athleticek bazkide berriak egiteko deia zabaldu zuen eta hantxe eman nuen izena. Ia 20 urte egon naiz zai San Mamés barria zapaldu arte. Orain dela bost urte galdetu izan balidate “zelai berria ez dut biziko” erantzungo niekeen. Gaur, hiru partidu daramatzat bertan Athleticen gorabeherak (eta LFPren ordutegiak ere bai) pairatzen.

Alhondiga aretoa berritzea ere sona handiko proiektua izan zen nire haurtzaroan. Aspalditik abandonaturik zegoen eraikinaren ondoan pasatzen genuen bakoitzean, nire birraititeak bertoko dorretik izarretara begira egunak eta gauak ematen zituela aipatzen zidan amak. Umeek duten harridurak jota, eraikinaren dorreak behatzen nituen nire arbasoa irudikatu nahian. Ia 20 urte itxaro nuen Alhondiga aretoa publikoari zabaldu zitzaion arte.

Gaztetan, AHTa izan da entzute handiko proiektua. Ez dakit 20 urte izango naizen zai, baina lanaldiak atzeratzeko erraztasuna kontuan hartuta, baliteke kontu honek luze jotzea. Halere, Bilboko San Maméseko arkua eta nire birraititeak behatzen zuen egurats izartsua legez, trenbideak zeharkatuko dituen berdeguneak  ”ikusiko ez ditudanak” multzora pasatuko direlakoan nago. Halabeharrez, gainera.

AHT lanak Tolosan// Joxemaik egindako argazkia

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.