Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara

Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara –

Apirilaren 21ean eta 22an greba digitala

Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duzuen eragile guztioi: sortzaileoi, antolatzaile eta bitartekariooi ( herri-mugimendu, erakunde publiko, ekimen pribatu/industria), komunikabideoi, hezitzaileoi ( hezkuntza-arautu, ez-arautu, familia/etxegiroa), kulturzaleoi, herrikideoi:

Apirilaren 21ea eta 22an interneten kultur edukirik ez partekatzeko deia luzatu gura dizuegu. Horrekin batera, gogoetarako hainbat galdera eta proposamen plazaratuko ditugu.

Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko garaPandemiaren eraginez ezarri den herritarren itxialdi egoerak ekarri du, beste hainbat erabakien artean, kultur programazio guztiak bertan behera uztea. Lehendik kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du. Emanaldiak eta bestelako kultur lanak bertan behera utzi beharra modu latzean zigortzen ari da euskal kulturgintzaren ekosistema. Horren jakitun, kulturgintzaren ekosistemako hainbat eragilek neurri sorta zehatzak proposatu dituzte, bai larrialdiak dirauen artean hartzekoak, baita etorkizunean gure kulturgintzaren ekosistema osasuntsu iraunaraziko dutenak. Larrialdi egoera ez-ohiko honek eragindako krisiari elkarrekin aurre egiteko deia luzatu diegu erakunde publikoei. Udal batzuek salbu, gainontzekoek muzin egin diote gure proposamenari. EAEko Jaurlaritzak, esaterako, ez dituela kulturgintzaren ezaugarri bereizgarriei erantzuteko neurririk hartuko erantzun digu. Paradigma aldatzeko ordua da, eredua aldatzeko ordua da, patroia aldatzeko ordua da.

Itxialdi garaiotan, kultur ekimenak etengabe zabaltzen ari dira sare telematikoetan eta hedabideetan. Zuzeneko emanaldiak, grabatuak, irakurketa aholkuak, dantza ikastaroak…, gehien gehienak debalde. Sortzaileok egoeraren jakitun ari gara duguna herrikideekin eskuzabaltasunez partekatzen eta oraingoan, trukean kulturaren balio soziala hausnartzeko eskatu gura dizuegu. Larrialdi egoera honek aurretik euskal kulturgintzarekiko atxikimendurik ez zenuten herrikide asko euskal kulturgintzara hurreratzea ekarri du. Askok denbora emateko aukera legez hautatu duzue, entretenimendu gisa. Kulturgileontzat, ostera, entretenimendu hutsa baino, gure sormen lanek bestelako balioak partekatzen dituzte: Kultur esperientziek eta kultur imajinarioek munduan leku bat egiten laguntzen digute, barnemundua elikatzen digute, zentzuaren eraikuntzan laguntzen digute, geure buruaren eraikuntzan laguntzen digute, baita mundua ulertzen ere, trukea sustatzen dute, jolaserako espazioa sortzen dute, arakatzera gonbidatzen gaituzte, eta batez ere, komunitate bateko kide sentiarazten gaituzte. Hizkuntzak egiten gaitu pertsona, kulturak herritar. Zer gertatuko litzateke aktorerik, idazlerik, dantzaririk, musikaririk, margolaririk ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik, kultur gunerik gabe? Nola antolatuko genuke hezkuntza sistema sortzailerik gabe? Esan bezala, egunotan lan horien garrantzia ikusten ari gara sareetan; herritarren itxialdiaren aringarri suertatzen ari direlarik. Baina, itxialdia amaitzerakoan zer gertatuko da? Nola berrantolatuko dugu kulturgintza? Erakunde publikoetan arduretan dauden alderdi politikoek euren burua kulturgintzaren ekosistematik kanpo kokatzen jarraituko dute inork aitortu ez dien gidaritzan edo gure parean eseriko dira proposatzen diegun mahaitekniko iraunkorrean guztion artean erabaki dezagun zer den estrategikoa euskal kulturgintzarentzat eta zein neurri hartu behar ditugun helburu estrategiko horiek erdiesteko? Alderdi politikoetako arduradun horiek, euren burua ekosistematik kanpo kokatuta, kulturgintzari duen balio soziala aitortuko diote edo orain arte legez soilik entretenimendurako jarduera edo sektore gisa hartuko gaituzte?

Jakitun gara birtualki baino burutu ezin dugun greba honen ostean, konfinamendua amaitutakoan, askoz eraginkorragoak izango diren ekimenak abiaraziko dituguna. Oso argi dugu COVID-19ak eragindako larrialdiak kulturgintzan eragin(go) dituen kalteei ezin zaiela neurri koiunturalekin erantzun. Arestian esan dugun legez, paradigma, eredua, patroia da errotik eraldatu nahi duguna.

Horren gaineko arreta deitzeko eta ezinbesteko gogoeta bultzatu nahian, hainbat sortzailek ekimen zabal honetan parte hartzeko deia luzatu gura dizuegu, euskal herritarrok gogoeta egin dezagun euskal kulturgintzaz. Horregatik bi egunez, apirilaren 21ean eta 22an, desagertu egingo gara, oihala beheratuko dugu eta sareetan zein hedabideetan ez dugu inongo ekimenik egingo, ez dugu zuzeneneko edo grabatuko emanaldirik ez eskeiniko ez partekatuko. Oihala beheratuko dugu eta gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzazuen.

.

SINATZAILEAK

Ikusi gaitzazuen desagertuko gara  Ikusi gaitzazuen desagertuko gara Ikusi gaitzazuen desagertuko gara

3 pentsamendu “Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara”-ri buruz

  • Galdera bat 2020-04-16 11:19

    Zer dela eta jasoko dute “kulturgintzako” “langileek” dirulaguntza bat krisi honetan, soldata oso bat, baina ez gainontzeko langileok? Pribilegioren bat dute gure aurretik ala?

    Argi dago, guztiok garela berdinak. Batzuk besteak baino gehiago.

  • Ondo da, ulertzen da kulturaren inguruan mugitzen den jende askok lana galdu duela eta horri erantzunen bat eman behar zaiola.

    Baina bestelako lanetan dabiltzanek ere galdu dute lana, eta haiek ere merezi dute laguntzaren bat.

    Kutsu elitista antzematen diot guzti honi.

    Behar duena laguntzeko plangintzaren bat egon beharko da, lanbidea edo sektorea desberdindu gabe.

  • Euskarazko kulturgintza bada, babes berezia behar du. Gutxi egonda, ezer gabe gera gintezke eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude