Ikurrin gaixoa

Ikurrin gaixoa –

Sanferminen lenengoa,
txupinazoko borroka.
ikurrina sartu nahian
udaltzainekin mokoka
ibili behar dagola.
Eztute nahi gogoratu
etxe hortan genuenekoa.
(Unetxoak. The Trikiteens, 2009)

Barkatuko didazue autoaipamena, oraintsu… ejem… “kantatu” dizuedan bertsoa neuk idatzi bainuen aspaldi. Baina kontua da niretako beti xarma berezia izan duela txupinazoan urtero gertatzen den ikurrinaren aldeko borroka horrek.

Ikurrin gaixoa2013ko txupinazoan bizardunek goia jo zuten Iruñeko udaletxe aitzinean paratu zuten ikurrin erraldoiarekin. Ekintza zinez hunkigarria izan zen abertzale guztiondako. Guztiondako? Ez, orduan ere entzun behar izan nion baten bati politagoa izanen zela baldin eta ikurrina beharrean Nafarroako bandera eskegi izan balute.

Bada, ez. Nork bere gustuak izanen ditu bandera baten eta bertzearen artean. Baina ukaezina da emantzipazio aldarrikapenari dagokionez Nafarroako bandera eta ikurrina ez daudela parez pare. Eta badakizue zergatik dakidan hori? Bada, emantzipazio horren aurkakoek ikurrina dutelako debekaturik. Ez bertzea.

Bai, bai. Nafarroa Garaian debekaturik dugu eraikin ofizialetan ikurrina erakustea. Eta baten bat ausartuz gero, batzuetan epaileengandik, eta bertzeetan poliziengandik, baina egurra jasoko du seguru.

Hain zuzen ere, egurra jasotzen azkenengoetarikoa Joxe Abaurrea Iruñeko EH Bilduren zinegotzi zintzoa izan da. 2019ko txupinazoan ikurrina erakusten saiatu zen. Une hartantxe udaltzainen egurra jaso zuen. Eta, orain Fiskaltzarena, haren kontra bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu baitu.

Eta honekin guztiarekin soilik erran nahi nuen ezin dugula onartu inor kartzelara joatea ikurrina defendatzeagatik. Ez, ezin dugu onartu.

 

Ikurrin gaixoa

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.