Ikasturte amaierari behar bezala aurre egiteko eta hurrengoa ongi prestatzeko proposamena

Ikasturte amaierari behar bezala aurre egiteko eta hurrengoa ongi prestatzeko proposamena –

Bizi dugun egoerak zailtasunak eta zalantzak sortzen dizkigu guztioi, ez baitugu horrelako egoerarik inoiz bizi izan. Azkeneko orduetan Celaá Hezkuntza Ministroak, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak eta Gimeno Kontseilariak iragarri dute ikasturtea ekainaren 30ean amaituko dela eta ikasle gehienek promozionatuko dutela. Hala ere, iruditzen zaigu badirela ezinbestean eta berehala hartu beharreko gutxieneko neurriak, oraindik zehaztu gabe dauden alorretan:

.

2019-20 hirugarren hiruhilabeterako

Ordezkapenak: ordezkapen guztiak bete behar dira, indarrean dagoen araudiak agintzen duen moduan. Langile faltak ikasleen arreta larriki kaltetzen du, eta gainerako irakasleen lan zama handitzen du. Gainera, lan zama hori nabarmen handitu da jada, urrutiko hezkuntzaren ondorioz.

Martxoaren 16an irakaskuntza presentziala bertan behera gelditu zenetik, oso ordezkapen gutxi egin dira eta ez du funtzionatzen Plazen Esleipen Telematikoak (LET). LET abian jartzea exijitzen dugu, eta uztailean eta abuztuan kobratzeko beharrezkoak diren lan egindako egunen kopurua jaistea.

Ebaluazioa: ebaluazioa funtsezkoa da (beti izan da) ikasleen, taldeen eta ikastetxearen diagnostiko ona egiteko. Horregatik, urrutiko hezkuntzan egindako lan guztia ebaluatu egin behar da. Era berean, Hezkuntza Departamentuak gehiago zehaztu behar du urrutiko hezkuntzaren egoerak ebaluazioan nola eragiten duen, tresna informatikoak egoera berrira egokitu behar ditu (EDUCA), eta denbora gehiago eman behar du irakasleek ebaluatzeko eta dokumentu guztiak idatz ditzaten.

Aitorpena. Gaitasun telematikoa erakutsi duten irakasleei online lanerako gaikuntzaren profilaren egiaztapena eman behar zaie.

0-3 zikloa ez da artatzen ari. Krisi honek agerian utzi du zikloa Hezkuntza Departamentuaren barnean egoteko beharra. Horrela, hezitzaile guztiek ikasleak eta familiak atenditu lituzkete, eta ez lituzkete jasanen Aldi baterako Enplegu Erregulazioaren Espedienteen edo langabeziaren ondorioak, gertatzen ari den bezala.

Autogobernua. Krisia ez da baliatu behar politika birzentralizatzaileei ekiteko, baizik eta autogobernurako gaitasuna handitzeko eta Nafarroa Garaiaren hezkuntza beharrei erantzun azkar eta eraginkorrak emateko. Logika kapitalistatik urrun dagoen beste hezkuntza eredu bat behar dugu.

.

2020-21 ikasturterako

Inbertsioa giza baliabideetan. Inoiz baino beharrezkoagoa izango da ratioak jaistea, biloizketak nabarmen handitzea, eta pedagogia terapeutikoko, entzumeneneko eta hizkuntzako, gutxiengoetako eta abarretako irakasleak ere bai. Datorren ikasturtean langile gehiago kontratatzea ezinbestekoa da ikasturte honetako gabeziak arintzeko, are gehiago 2019-20 ikasturtean behar adina landu ez den curriculuma berreskuratzeko eta egokitzeko planak egin behar badira.

Inbertsioa baliabide teknologikoetan. Osasun-krisia zalantzazkoa da, eta are familia gehiago pobrezian egonen dira; hori dela eta, datorren ikasturtearen hasieratik, Hezkuntza Departamentuak bermatuko du ikasle guztiek ekipamendu informatiko eta Interneteko konexio egokiak izanen dituztela, lineako hezkuntza garatzeko.

Software librearen garapena. Urrutiko hezkuntzak azkartu du Google multinazionalaren jabetzako tresna informatikoen erabilera. Enpresa honek ez du ia zergarik ordaintzen, milioi askoko irabaziak izan arren. Gainera, ikasleei ematen zaizkien ordenagailu eramangarri gehienak chromebook-ak dira. Horregatik, ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuak lineako hezkuntzarako plataforma publiko eta libre bat garatzea, gure beharrei moldatua, eta haren garapenaren onura ekonomikoak gure erkidegoan gelditzeko.

Hezkuntza ituna bete egin behar da. 57 urtetik gorako irakasleentzako ordu-murrizketa eta aurreikusitako gainerako neurriak 2020-21 ikasturtean ezarri behar dira. Horretarako, ezinbestekoa da gutxienez Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 6ko inbertsiora iristea Hezkuntza Publikoan, eta ekimen pribatu segregatzaileak diruz laguntzeari uztea.

 

 

Ikasturte amaierari behar bezala aurre egiteko eta hurrengoa ongi prestatzeko proposamena

Ikasturte amaierari behar bezala aurre egiteko eta hurrengoa ongi prestatzeko proposamena