Ikastolarik gabe?

Ikastolarik gabe? –

Enbata  Hilabetekariko Sar Hitza 

Erregularki, ikastolei buruzko eztabaidak bazterrak inarrosten ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Abenduan, Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunea aurkeztu zuten, eta hari horretatik tiraka sekulako sua piztu da. Badira ikastolak begien bistan ikus ez ditzaketen pertsonak, ikastola horiek “pribatuak” direlakoan. Euskal Herriko testuinguruan, ez da oraingoa pribatutasunari eta publikotasunari buruzko eztabaida, baina badirudi batzuek ez dutela ikusi nahi ez dela gauza bera herri aske baten sare publikoa eta herri menperatu batena. EAEn ikastolen kontra egitea da pentsatzea EAEko egoera politikoa normalizatua dela eta ez dagoela Espainiaren menpe, eta “euskal” hezkuntzak ez diola obeditzen Espainiako Hezkuntza ministerioari; edo, bestela, eroso daude Espainiaren menpe, eta autonomismo batera mugatzen dira.

Ikastolarik gabe?

Dudarik gabe, hezkuntza “publikoan” ere badaude irakasleak euskal curriculumari jarraitzeko ahalegina egiten dutenak. Baina curriculum ofizialaren eta euskal curriculumaren arteko lehia horretan, funtsezko egitura da Ikastolen Elkartea, hori sortzeko eta zabaltzeko hauspo garrantzitsuena baita.

Bestalde, Ikastolen Elkartea da Euskal Herriko erakunde nazional handiena, AEKrekin batera. Ikastolen Elkartea ez da baliabidez oparoegia den erakunde bat, baina daukan indarra baldin badu, Euskal Herri osoan ikastolak dauzkalako da.

Ikastolen Elkartea ez da baliabidez oparoegia den erakunde bat, baina daukan indarra baldin badu, Euskal Herri osoan ikastolak dauzkalako da… Gure proiektu politikoa herri batu bat eraikitzea baldin bada, Ikastolen Elkartea bezalako erakunde nazionalak baitezpadakoak ditugu.

Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ez balitz ikastolarik (edo, dirulaguntzarik gabe funtzionatu behar balute), ederki kostako litzaieke bizirik irautea Tuterakoari eta beste hainbat lekutakoei, eta ederki sufrituko lukete Sohütan, Donapaleun edo Hiriburun (adibidez). Eta euskal curriculumaren hauspoak ere haize gutxi botako luke.

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak dio “euskal hezkuntza sistema osorako eskola bakarra aldarrikatu nahi” duela, “herri bezala, publikoaren, eskubide kolektiboen eta gure ume guztientzat aukera-berdintasunaren alde eginez”. Euskal hezkuntza-sistema osoaz ari direnean, baztertu dituzte Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Akats horren oinarrian dago azken urteetan ikaragarri ahuldu zaigun herri eta lurraldetasun ikuspegia.

Eta hori EAEko administrazioaren eta EAEko politikan ari diren alderdi politikoen eta sindikatuen erantzukizuna da, nagusiki. Euskal Herriaren arazoa erabat asimetrikotzat jo denetik, “hiru errealitateren” arabera jokatzen hasi ginenetik, elkarren arteko elkartasun faltak eta gauzak elkarrekin pentsatu gabe egiteak dakar batzuek politika pentsatzea soilik EAEko egoeraren arabera.

Eta beraz, ikastolen gaia ere EAEko errealitate administratiboaren arabera bakarrik ikustea. Herri honek aitzina egin behar badu, denen artean eginen du, baina EAEkoek beren ber kudeatu nahi badute dena, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria zailtasun handian jarriko lituzkete.

Zeren eta ikastolei buruzko eztabaida horren gibelean, muinean, ez baita bakarrik ikastolen auzia: beste hainbat arlotan agertzen den batasun falta ere islatzen du. Gure proiektu politikoa Euskal Herria Espainiaren eta Frantziaren aztaparretatik askatzea bada eta herri batu bat eraikitzea, Ikastolen Elkartea bezalako erakunde nazionalak baitezpadakoak ditugu.

Hezkuntzaren gaia estrategikoa da, bistan da. Konplexua ere bai, dudarik gabe. Baina, hain zuzen, euskal hezkuntza ez daiteke aztertu eta erabaki onartzen ez dugun antolaketa administratibo kaltegarri horren betaurrekoetatik. Antolaketa horrek ez digu balio dauzkagun galdera eta kezkei erantzuteko. Eztabaida lurralde osoan eta herri ikuspegiarekin egiten da, edo beti eroriko gara harri berean.

Eta herri gisa desagertu.

Eneko Bidegain

Ikastolarik gabe?
Ikastolarik gabe?

28 pentsamendu “Ikastolarik gabe?”-ri buruz

  • Bikain, Eneko!

  • Tristea da oraindik horrelako azalpenak eman behar izatea.
    Hala ere batzuk ulertu gabe segituko dute. Eskerrik asko, Eneko.

  • Eta batzuk horien artean aberria lehenesten ez duten abertzale dezente.

  • Asko gustatu zait idatzia, Eneko! Argi, ozen eta errespetuz!!!

  • Ikastola ez daiteke lau txaponen truke saldu. “Eskola publikoa” deitzen duten hori espainiako eskola publikoa da, ez besterik.
    Nire ume guziak “publikora” joan dira. Nire ilobatxoak ere bai. Baina zinez esaten dizuet, Ikastolaten alde jokatzeko prest nago. Oso ongi ezagutzen baitut “publiko” hori. Espainiako inperialismoa buru gainean dugu eta “publico” hori hats hartu ezinik dago

  • 1.-“Ikastola ez daiteke lau txaponen truke saldu” ezin daitekeela txanponen truke saldu diozu? akats batzuk badira eta… ez dut oso ongi ulertu.
    2.- ““Eskola publikoa” deitzen duten hori espainiako eskola publikoa da, ez besterik.” Eskola publikoa arautzen duen legedi berdinekoa da, bestela esan zein den aldea. (legediari buruz noski)
    Ongi segi!

  • “Eskola publikoa arautzen duen legedi berdinekoa da, bestela esan zein den aldea. (legediari buruz noski)”
    Esan nahi nuen, eskola pribatuaren (kontzertatuak barne noski) legedi berdina duela eskola publikoak. Goitik behera. Bestela esan zein den aldea.
    Aio!

  • Artikuluak hau dio…
    “Dudarik gabe, hezkuntza “publikoan” ere badaude irakasleak euskal curriculumari jarraitzeko ahalegina egiten dutenak”

    Eta…gustatuko litzaidake euskal curriculum hori non dagoen arautua jakitea, edo non aurkitu dezakedan asmatzea. Plazer handia litzateke.
    Mila esker aldez aurretik!

  • Estaturik ezean ikastetxea aukeratzeko askatasun librea sustatu dezagun. Bide batez, euskalduntasun txartelak banatu , segregazioan eragin, ….klasismo hutsa da. Nazio osoan bai, baina naziotar denentzat ez. https://alea.eus/komunitatea/Gutunak/1610532580163-steilas-ikasleen-onarpena-herritarren-sailkapena?fbclid=IwAR04Lo4in-4c1RmXno-V6HUs33HYOygAyN4bvf6yoIesmqkVGqv-FUFSiEc

  • Nineu/ri: bai, legedi bera da, egia diozu, baina lege “inperialista” betetzerakoan, denok ez gaude egoera berean. Funtzionarioaren egoera, badakizu, onerako eta txarrerako, ez da enpresa bateko langilearekin parekatzeko modukoa

  • Dena dela, euskara maldan behera, amiltzen ari den honetan, zerk kezkatuko eta “publikoa”/pribatua kontu honek?
    14 urteak bete, eta zenbat gazte ateratzen da eskoletatik euskaraz jakin gabe?

  • Noski ez dela egoera berdina funtzionario publiko eta enpresak kontratatu duen langilea!
    Alde batetik, funtzionarioak bere ezagupen eta abileziak adierazi behar izan ditu oposaketa bidezko froga gogor batzuen bitartez eta ez dago inongo ideologiari lotuta izan behar kontratatua izateko (beti ere neutraltasuna bermatzen bada).
    Bestalde, eskola pribatu batean arbritarioki kontratatua izango da: entrebista, curriculum ( betekizunik gabekoak kontratatuak ere ezagutzen ditut), entxufismo etabarren bidez.

    Beraz funtzionario plaza duen irakasleak askatasun gehiago izango du bere lana egokitasunez egiteko. Pribatuaren presio hori gabe. Nahiz pribatu hori Opus, Marianistas edo Ikastolen elkartea izan. eta

  • Bai? Funtzionario bikainak ezagutu ditut, egia. Baina, baina, zer nahi duzu esatea? Nire umeek funtzionarioak izan zituzten maisu-maistrak. Ez ziren ongi portatu, “funtzionario” gisa, esana den bezala.
    Beraz, zure argudio hori norbaitentzat balio lezake, baina niretzat ez.

  • Niretzat zure argudioak ere ez dit balio. Zaplastekoak jasan ditut ikastolako irakaslegoengatik eta ixildu behar izan naiz.
    Eta ez pentsa kaleratuak izan zirenik…

    Nahiago ditut meritoaz bermatutako irakaslek..

  • Ja, ja, ja. Barkatu gaiaz kanpo ateratzea. Benetan zaplaztako horren pasadizo horrek irri eginarazi dit. Garbi dago ez garela belaunaldi berekoak! Gure bekaunaldikook zaplaztako anitz hartu izan dugu, bai. Nire belaunaldiaz harro nago, jende fierra ugariko belaunaldia. Zaplaztekoek gogortu ote gintuen? Traumatizatu behintzat ez!
    Borrokan segituko dugu hil artio

  • Kar, kar!
    Hunkigarria, erabat!

  • joseba aurkenerena 2021-01-14 10:42

    Guztiz ados hirekin, Eneko. Ikastolak behar-beharrezkoak ditiagu zazpi herrialdeetan. EAE-ko eskola publikoa ez diat mezprezatzen, bizitza osoa hor eman diat lanean, eta ongi ezagutzen baitut irakasle euskaltzaleek euskararen eta Euskal Herriaren alde egindako lan handia. Baina, zoritxarrez, politikarien eskupean zeudek, eta denok zekiagu zein aldakorra den politikagintzaren aldetik ufatzen digun haizea. Azken finean, eskola publiko guztiak espainol edota frantses hezkuntza sistema kolonialen menpe zeudek.
    Ikastola berriz, nazionala duk, eta euskal kulturaren eta nortasunaren aldekoa, beti.
    Beraz, aupa ikastola!!! eta aupa ere EAE-ko,Nafarroa Garaiko eta Iparraldeko eskola publikoetan aritzen diren irakasle euskaltzaleen lan bikaina!!!

  • Benat Castorene 2021-01-14 11:21

    Joseba ongi ulertzen dut egin nahi duzun diferentzia eskola publikoa eta ikastolaren artean.
    Baina, bederen Iparraldeari dagokionez, ez banaiz oker, estatu frantziarrak ditu orain soldatak ordaintzen, eta horrek nahi ta ez eragina du hezkuntzaren edukiaren gainean( historiaren ikuspuntuan adibidez) baita erakasleen portaeran ere.
    Orduan, ikastola ere neurri batean “frantses hezkuntza sistema kolonialen menpe” dago.
    Gauden bederen piskabat errealistak.
    Kontziente gara ez ginatekeela ikastola libre bat, nazionala antolatu eta finantziatzeko gai izango, batez ere gure ekonomia larre utzi izanagatik.

  • Errana dut, baina berriz repicatzen.
    37 urthe, 5 hilabethe eta 23 egun lan eguin dut escola publicoan eta bethi ere (nire orthodixia eta heterodoxiagatic ere) ceharo libre içan naiz bertan. Azquen borz urtheetan çucendari içan nincen Portugaleteco escola batean.
    Nire semeac heci dituzte Algortaco ikastolan, phoçarren.
    Adeitassunez

  • Interesgarria Eneko,
    Eta artikulu hau parada egokia izan daiteke, Ikastolen elkartea bezalako Euskal Herri mailako egituren kudeaketa eta funtzionamendua sakontzeko …Nola erabaikitzen dira lan ildoak, gogoetak, inbertsio lehentasunak, epe luzeko erabakiak etab…???
    Izan ere, azken boladan Nazio ikuspegi behar luketen egitura ezberdin horien joera gero eta bereiziago dela ondorioztatu besterik ez dut…Paperean dena bikain, urtean behineko mintzaldi edo prentsaurrekoetan ere itxuraz batasuna nagusi, eta gero egunerokoan, elkarlanaz, bestearekiko interesaz, besteak ekar ditzakeenaz (ez naiz baitezpada diruaz ari) interes eta kuriositate gutti …. Mugaz bi aldeetan denok dakigu funtzionamendu ezberdinak egon badaudela, Estatu eta egitura ezberdinetako administrazioek hala beharturik …Baina hori baino harago, eragin edo eginmolde ezberdin horiek eskaini ditzaketeen aberastasunak eta batez ere, euskaldunok komunean dugun guztia lehenetsi eta erabili ordez, bestearen gainbegirada, erritmo ezberdinak, edota ingurumenaren alde ezkorrera begira daude asko eta asko, gero eta normaltasun osoz…Eta sortzen diren gauza berrietan, enpresa egitura etab…interes gutti sumatzen da zapi lurraldeetan garatzeko..Gaindegia bezalako salbuespen bakar batzuk itxaropenerako tartea uzten badute ere …
    “Zazpiak bat” delako leloa, Aberri Egunaren aurreko garaiko aldarrikapen folklorikoa bilakatu dela senti dut gehiegitan ..Ipar eta Hegoaldeko Aberri Eguneko bi ospakizunen artean, hautatu behar izatea normaltasun osoz hartu behar banu bezala …
    Ez, nire ikusmoldean ez da hori Nazio ikuspegia …Bada lana…

  • Alde batetik, Euskal Herri independiente batetan ez zenuten eskola aukeratzeko askatasunik utziko? benetan uste al dezute konpetentzia egotea kaltegarria dela? Espero egoera horretara ez heltzea.
    Bestetik, herri ikuspegia handitzeko eta era berean praktikotasunagatik, ez al litzateke komenigarria izango, adibidez Irungo ikastolan, bai iparralde eta bai hegoaldeko ikasleentzat lanbide hezkuntzako ziklo pare bat jartzea? Horrela iparraldeko ikasleek euskaraz ikasten segitzeko aukera gehiago izango lituzkete eta iparralde hegoalde arteko erlazioak handituko lirateke. Adibide bat besterik ez da, baina horrelako pausuren bat ematea beharrezkoa dela iruditzen zait.

  • Askatasuna mugarik gabe? Eta denon poltsikotik ordaindu? Ez dakit ba. Nik ez. Zalatzarik gabe.
    Bestetik ederra Joseba eta Josu, lan baldintzetako estatu, baina guraso paperean ,…harakina izanik norberaren etxerako aldameneko harategira joatea ere!!
    https://zuzeu.eus/euskal-herria/txertatzeko-askatasuna-aldarrikatzeko-kontzentrazioa/

  • Oso ondo. Eutsi zeureari, baina zeure poltsikotik. Estatu deabru horien dirua darabilzu, nekez izango da zure proiektua libre. Egin dezakegu autofinantzatuta bizi. Colegio Alemanekoek halaxe egiten dute. Zuek ere beste horrenbeste egin dezakezue. Ikastolen elkarte askea, inolako loturarik gabea. Aske lan egin zuk defendatzen duzunaren alde eta zure diruarekin. Horrela arazorik ez, baina inoren dirua behar baduzu bizitzeko arauak bete behar dituzu, gustuko izan ala ez.
    A! Eta publikotik jan arren euren seme-alabak kontzertatura daramatzaten irakasleenganako nire mespretzurik handiena. Ez duzue etikarik, ez duzue merezi irakasle izaterik. Eskola nazionaltzat duzuen horretara seme-alabak eraman ez, baina handik jateko arazorik ez? Ez duzue ez lotsarik ez ezer.

  • Donostiako Colegio Alemanetaz ari bazara, hau ikastetxe pribatu itundua da. Funts publikoekin finantzatuta dago, beste itunpeko guztiak bezela, estatu mailako LODE (1985)-k jarritako errregimen bidez. 1987ko itunen erregimena arautzen duen dekretuko 5.artikuluan jartzen du doakotasuna garantizatua dagoela, eta ikasleen onarpen dekretuak , funts publikoekin sostengatutako ikaspostu bat esleituko zaiola bermatzen du ikasle orori. itunen finantzaketa bidez sare publikoaren pareko finantzazioa gauzatzeraino.
    Askatasuna aldarrikatzen dute batzuk, mugagabea. Colegio Alemanekoek A eredua aukera dute, askatasunez. Hor irailaren 16 ko agindu bidez ebatzitakoa.
    Donostia CPEIPS Deutsche Schule San Alberto
    Magno HLBHIP
    Haur Hezkuntza Haur Hezkuntza Osoa 6 A 415.974,54
    Lehen Hezkuntza Lehen Hezkuntza Osoa 12 A 870.339,36
    DBH I Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza I Osoa 4 A 401.465,56
    DBH II Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza II Osoa 4 A 452.104,80
    Batxilergoa Batxilergoa Osoa 4 A 462.989,52
    https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2020/09/2003918e.pdf

  • joseba aurkenerena 2021-01-15 12:54

    Xuru, ez dizut ongi ulertzen, baina gauza bat argitu nahi dut, harakina izanki, nire harategia Euskal Herria da.

  • Galder, ez al dago ba poltsiko publikoan haurrak ikastolara eramaten duten gurasoen dirua ere?

    Askatasuna nahi badugu, nahi duenak Espainiako eskola publikoa edo ikastola finantza dezala. Zergatik kentzen didaten dirua sinesten ez dudan proiektu batera bideratu behar dute? Zergatik eutsi behar diot nirea kritikatzen duen zeureari?

    Bestalde, ikastolek diru publiko gutxiago jasotzen dute, sistemarentzat askoz merkeagoak dira.

  • Kaixo,
    “Askatasuna nahi badugu, nahi duenak Espainiako eskola publikoa edo ikastola finantza dezala. Zergatik kentzen didaten dirua sinesten ez dudan proiektu batera bideratu behar dute? ”
    Zuk sinesten ez duzun proiektu bat ez den arren, zerbitzu publiko bat delako, hau da, guztiontzat hezkuntza berdintasuna eskaintzen duena delako.
    “Zergatik eutsi behar diot nirea kritikatzen duen zeureari?”
    Irakaskuntzaren neoliberazioa jasango genuelako, horren alde?

    “Bestalde, ikastolek diru publiko gutxiago jasotzen dute, sistemarentzat askoz merkeagoak dira.”
    Instalazioak + gurasoen kuotak “dekretuetan jasoetakoak eta bestak…” + finantziazioa (gehi klase orduen gehiegizkoagatik jasotakoak), irakasleen soldatak batuz gero…konparatuko genituzke. Horrelako daturik bai?

  • Ikastolak, eta oro har itunpeko eskolak, zerbitzu publiko horren gehigarri dira, horretan datza estatuarekin egindako ituna, alegia, hezkuntza arloan estatuaren gabeziak zirela eta, honek haur guztiak ikasteko aukera izateko itunpeko eskolekin egin zuen akordioa.

    Bakoitzak nahi duen hezkuntza-eredua aukeratzearen alde nago, ‘homeschooling’-tik hasita pribatuaraino. Estatuaren (politikarien) morroi izateko esklusibotasunaren aurka nago, baina hori beste kontu bat da.

    Bestalde, ikastolen eredu kooperatibistan zein da irabazten duen enpresa? Bere hezkuntza-eredua merkeago ezarri duen estatua agian?

    Gurasoen kuotak ez dira poltsiko publikotik jasotzen, irakasleen soldatak baxuagoak dira, ikastolek antolatzen dituzten festak (Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez…) bere kabuz finantziazioa lortzeko egiten dira (obrak, garraioa…).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude