Ikastolan ere, euskaldunak bazterrean

Ikastolan ere, euskaldunak bazterrean

Badira urte batzuk gure seme alabak herriko ikastolan dihardutela, hortaz, gurasook ere ikastolan murgiltzen gara, bilerak direla edo beste zeregin batzuk direla.

Hasi berritan, harritu gintuen gurasoekiko bileretako euskararen erabilera sinbolikoa, erdararen menpekoa erabat.
Helarazten zitzaigun zeharkako mezua argia zen: “erdaldunak ez ditugu molestatuko euskararekin. Izan ere, euskaldunok ere badakizue, badakigu erdaraz, eta denbora inork ez dauka soberan”.

Ikastolan ere, euskaldunak bazterrean
(Argitxo bajan dago aspaldion)

Bidenabar, gure seme-alabei ere, honako zeharkako mezua helarazten zitzaien:
“euskara ikasgelan ariketak egiteko hizkuntza da. Ikasgelatik kanpora ez dago zertan erabili, eta erdaldunak tartean badira, are gutxiago. Ikus zuen gurasoak bestela”.

Ikusi eta ikasi, gure ikastolako haur gehien-gehienek, guztiek ez esatearren, erdara darabilte harreman hizkuntza oso nagusi gisa… Baita gela barruan ere, irakaslea pare bat metro urrun dutenean behinik behin.

Gauzak horrela, aita honek behin baino gehiagotan eskatu zuen hizkuntzen kudeaketa duinagoa gurasoon bileretan, edo euskaldunontzat bat, eta erdaldunentzat beste bat dei zedin, bestela. Eskaria egin izan dugu hiruzpalau aldiz, eta esan behar da bilerak kudeatzen zituzten irakasleen aldetik erantzun ezberdinak jaso izan ditugula, kezka guztiek aitortzen zuten arren.
Gurasoen aldetik isiltasuna izan da eskariari erantzun nagusia.

Ahapetik, ama batek edo bestek aldeko jarrera adierazi izan dit. Ozen eta zakar aritu da, ostera, eskariarekin batere ados agertu izan ez den ama erdraldun elebakar osoren bat.

Igaro azken bi urteotan aurrera pausu lotsati bat edo beste sumatu dugu, gurasoon bileretan euskararen presentzia areagotze aldera, baina aurtengo lehen bileretan atzera egin da nabarmen, berriz ere.

Hizkuntzen kudeaketarako ikastolak protokolo bat baduela gogorarazi zaigu, zeinaren arabera azalpenak erdaraz eman behar diren, ondotik euskarazko laburpen bat eginez… Laburpena??? Zertarako??? Kristaueraz guztiok dakigu eta!

Hain da absurdua neurria, ze, egon naizeneko azken bileran, “arratsaldeon eta eskerrik asko etortzeagatik” izan baitira kasik erabili diren euskarazko berba bakarrak, ondoko ia guztia erdara batuan egin delarik, guztion ulermenaren eta denboraren kudeaketa jasangarriaren izenean.

Bada, horrela alferrik ari gara.

Bada, gurasook euskara zokoratzen badugu, geure seme-alabek berdin jokatzea ez da harritzekoa. Ez dago hizkuntza politikan aditua izan beharrik hori ulertzeko.

Bada, ikastolan ere ez badira euskaldunak aintzat hartzen, zertan ari gara beste eremu batzuetan euskaraz jarduteko eskubidea aldarrikatzen?

Bada, euskaldunak zokoratzen jarraituko badugu, hobe dugu Ikastola Colegio inglés edo alemán bihurtu. Dirua eta denbora aurreztuko ditugu, eta aldarteak (euskaldunonak sikiera) ere hobera egingo.

41 pentsamendu “Ikastolan ere, euskaldunak bazterrean”-ri buruz

  • Izenburua irakurtzean ikasleen erabileraz ari zinela pentsatu dut. Ez dakit nongo Ikastolaz ari zaren, baina nik ezagutzen ditudanetan oso bestela jokatzen da. Eremu oso erdaldunean bizi al zarete? Harrituta geratu naiz

  • Herri erdaldunduan, bai. Elebidunak %25 inguru. Eskualdean elebidunak %40 inguru. Ikastolan bertan guraso elebidunak %50 bueltan ibiliko gara.
    Hala ere, ikastola askotako errealitatea dela egiaztatu ahal izan dut, beste guraso batzuekin hitz eginda.

  • Zur eta lur. Gauza bat da inertziak, “edukazio onak”, euskaldunon konplexuek… bileretan euskararen erabilera hutsaren hurrengo bihurtzea. Bestea, ikastola batek, instituzio moduan daukan hizkuntzen kudeaketarako protokoloan erdarari lehentasun osoa ematea. Horrek ez dauka, ez hanka ta ez buru. Okerrena da, horrelako protokoloak ikastola bakoitzak bere Batzarrean erabakitzen dituela, hau da, guraso bazkideek!

  • Gure inguru hurbilean euskaldunen autoestimak txiki-txiki eginda dirau. Euskalduna bera bilakatzen da sarri euskaldun hurkoaren zentsore. Hori gertatzen zaigu ikastolan ere.
    Guraso gehienek oso barneratuta daukate erdaldunekiko ustezko “errespetuaren” legea, eta hori aldatzeko eragin beharrean, ikastolako arauek egoera hori betikotzera datoz.
    Baina ikastola askotako kontua da hori, ez geurearena bakarrik. Ikastolak erakunde gisa hausnartu egin behar luke honen inguruan, eta neurriak hartu, irakasleei eta gurasoei formazioa eskainiz lehenik. Egoera honek ikastolen proiektuaren beraren iraupena auzitan jartzen baitu epe luzera, zeren ikastolak euskaldun harroak sortzen ez baditu, euskara erabiliko ez duten sasi-elebidunak sortzen jarraituko badu, proiektuaren funtsa galdu egiten da, eta ezertarako balio ez duen hizkuntzak etorkizunik ez badu, hizkuntza horretan diharduten ikastetxeek are gutxiago…

    • A! Eta horrelako egoeretan nola jokatu aztertzeko: TELP tailerra Antsoainen, Gemma Sanginesekin, heldu den ostiralean eta larunbatean. Oraindik bada lekua.

  • Ohar txiki bat: hau esan duzu: “haur gehien-gehienek (…) erdara darabilte (…) baita gela barruan ere, irakaslea pare bat metro urrun dutenean”. Iruñerriko D ereduko institutuetan ikasle askok erdaraz egiten diete irakasleei, gela barnean.

  • Gurean ere gertatzen da hori kasu batzuetan, gure haurren geletan bederen…
    Edonola ere, egoera katastrofikoek ez dituzte egoera txarrak hobe bihurtzen, eta Iruñerriko testuingurua gurea baino askoz latzagoa da.

  • Agian da ailegatua unea barneratzeko denak euskalduntzen saiatzeak inor ez euskalduntzea dakarrela ,eta, leku konkretu batzuk kenduta, euskaldunok euskaldunentzako euskaratik eta euskaraz funtzionatzea datekeela ataka honetatik ateratzeko modua, esaterako, megaikastola bilboanditarrren partez, ikastola txikiago baina mamitsuagoak osatzeko, edota mega-alderdi ustez euskaltzale abertzaleen partez, Euskaldunon partidua sortzekoa, izan ere, atzo bertan entzun bainituen Bilboko plenoan Bilduko zinegotziak Alianza Popularrekoen doinu berean, asmatu duzue, erdara hutsean aritu ziren hasi eta buka!!! “Eskerrik asko, alkate” derrigorrezkoak kenduta. Nora d/goaz horrela?

  • Iban Tustan 2013-11-13 16:15

    Eta ez litzateke hobe euskara haur-jolasa balitz bezala hartzeari utzi, eta zentralitatea ematea?
    Euskaldunon alderdiarena ez zait batere ideia txarra iruditzen.

  • Boto eta diputatu sorta ederra ateraz gero, etorriko lirateke aberchale baskoak itun eske? Zertara eta gehiengoak osatzera euskaldunon eskubideen alde egitearen truke? Orduan ikusiko genituzke ikustekoak.

  • Itzain, ez dut ulertzen zergatik “autoestima falta” “euskaldun harro” izatearekin kontrajartzen duzun. Euskarari uko egiteari uzteko harrotasuna? ez dut uste.
    Arrazoia eta sendotasuna askoz hobe. Harrotasunak ez dakar ezer onik, jarrera sendoak bai.
    Ikastolako guraso bilerarako jarrera sendoa eta arrazoiz betea proposatuko nizuke: bileretan euskara zokoratu egiten dutela, aitzaki bat edo beste dela tarteko? Ba hartu hitza zuk eta euskara hutsez hitz egin 5 minutuz. Eta beste guraso batzuk bultzatu berdina egitera. %50 baldin bada euskalduna, edukiko dituzu hautagaiak. De fakto euskaldunduko duzue bilera inori baimenik eskatu gabe eta erdaldun euskarofoboak ezingo dute ezer argudiatu kontran.

  • Harrotasunaz ari nintzen, ez harrokeriaz. Ikastolatik haurrak euskaldun harroak (orgullosoak) nahi nituen, baina euskarari uko egiten diote kalean gureek ere, etxean euskaldun diren arren.
    Eta saiatu gara eragiten, baina hau ez da inguru erraza horretarako. Erdaldun euskarofoboak ez dira hainbeste, baina euskaldun menderatuak bai…

  • Itzain.. ez al zara bakioztarra ala? (beste eztabaida batzuetan esan dozunetik ondorioztatuta hori uste nuen behintzat), baina herritarren %25 bakarrik euskalduna bada…??

  • Kaixo,

    Bada, ikastola bateko irakaslea naizen aldetik, esan nahi nuke, gure ikastolan bileretako hizkuntza irizpideak oso bestelakoak direla: azalpenak EUSKARAZ eman behar dira, eta ondoren, euskara ulertzen duenik ez balego, laburpena ERDARAZ egin. Bilerarako sortzen diren diapositiba aurkezpenak elebitan jartzeak ere laguntzen du; izan ere, nahiz eta bilera euskara hutsean egin, elebiko aurkezpen horiek bermatzen dute euskara ulertzeko ere gai ez diren erdaldun elebakarrek bilera jarraitzea.

    Aritz

    • Irizpide horiek zentzuzkoagoak iruditzen zaizkit. Dena dela, askotan laburpena luzetxoegia egiten dugu gurean…. errepikapena ez esatearren. Aurkezpen osoa elebitan jarri beharrik ez dago nire ustez. Nahikoa da informazioa idatziz pasatzea erdaldunei. Beraiekin adostuta, bilera baino 30 minutu lehenago elkartzea ere ideia aproposa izan daiteke, ildo nagusiak azaltzeko. Guraso euskaldunok laguntzeko prestutasuna erakutsi behar genuke, gauza puntualen bat itzultzeko, zalantzak argitzeko… Neurri hauekin, errepikapen edo laburpenak ekiditeko moduan egongo ginateke.

      Bestalde, beraien euskara hobetzeko ikastaro zehatzak eskaini beharko lizkie ikastolak euskaltegiekin elkarlanean (etxeko lanak egiten laguntzeko ikastaro motzak, bilerak ulertzera begirakoak…)

  • Eta? Zer egin liteke ikasleak ikasgelaz kanpo ere euskaraz ari daitezen? Eskolak eska al diezaieke ikasleei zein hizkuntza erabili behar duten? Zein da eskola ikasleek halakorik eskatzeko? Eskolaren funtzioa zein da, bada? Ikasleen euskara-erabilera bultzatzea ala euskara-ezagutza bermatzea?

    • Niri iruditzen zait Ikastolaren egitekoa badela erabilera ere bultzatzea. Ezin duela euskara, matematika bailitzan irakatsi. Horretan ez saiatzeak Ikastolen funtsari aurka egitea dela deritzot. Akademia bat ginateke bestela.
      .
      Beste kontu bat da hori nola lortu. Instituzioari eskatzen diogu gure txikiak geletan sailkatzerakoan hizkuntza ere irizpideetan sartzea (helburua izanik, txikien arteko hizkuntza ohitura euskalduna sustatzea). Irakasleei begira ere gauza bat behintzat argi daukat: irakasleak eredugarri izan behar direla bere jardun profesionalean. Profesionalaren barruan sartzen ditut klaseak, baina baita ere, ikastola barruan irakasleen arteko elkarrizketa informalak, kafe momentuak, patioko zainketak eta abar. Eta ikastola barruan nahiz kanpoan euskara ahalik eta gehien erabili beharko luketela.
      .
      Gurasook ere badugu gure ardura, noski. Gu ere ikastolako bazkide gara eta, erabilera bultzatzea helburu estrategikotzat hartzen badugu, guk ere gure harritxoa jarri beharra daukagu. Patioan, gure txikien zain gaudenean, edo jolasparkean gurasoon arteko elkarrizketak mimo handiz zaindu beharko genituzke. Izan ere, txikiek “zer ikusi, hura ikasi”.

  • Bai, bakiotarra banaz, egun beste herri are erdaldunduago batean bizi banaz be.
    Aritz, ikastolak eta ikastolak daude, baina gurean ematen den egoera beste askotan ere ematen da, ziur egon. Gero uste dut “eskola” eta “ikastola” kontzeptuak nahasten dituzula. Ikastola eskola da, baina eskolak ez du zertan ikastola izan… Bizi naizen herrian badira beste eskola bi. Bata pribatua, A eta partez, B eredua eskaintzen dituena; bestea Estatala edo “publikoa”, A, B eta D eredua eskaintzen dituena, eta azkenik gure ikastola.
    Ikus dezakezunez, aldeak daude “eskolatik” “eskolara”.
    Gure ikastolaren helburuen artean, honakoa ei dago:
    “…Ikastola honen xedea ikaslearen erabateko prestakuntza da, pertsona arduratsu, adeitsu, solidario, autonomo, jakin-nahi, gaitasun kritikodun, parte hartzaile, irizpidedun eta ondorengo ikasketak egiteko edo lan munduan sartzeko akademikoki eta linguistikoki egoki gaitua. Gainera, heziketa euskalduna eskaintzen die bere neska mutilei, euskara bere komunikazio eta harreman tresna arrunt bilaka dadin”

    Neska-mutil hipergaituak sortzea da helburua, alegia, eta GAINERA, hots, bide batez, heziketa euskalduna eskaintzen zaie, euskara ikastolakumeon komunikazio eta harreman tresna ARRUNT bilaka dadin. Ez ariketak egiteko hizkuntza soila, bizimodu arrunterako hizkuntza baizik.

  • Urkok egin dituen iruzkinekin bat nator. Horrela ikusten dut nik ere ikastola, eta Ikastolak ere, erakundeak, antza denez, antzeko helburuak ditu xede… baina gero, tokian tokiko jardun praktikoarekin eta baldintzekin egiten dugu topo. Ikastolak ezin du bere ikasleen hizkuntza jarduera erabat baldintzatu. Ez dauka horretarako indar nahikorik.
    Ezagutzen ditut irakasle bikainak, ikasleek oso estimatzen dituzten horietakoak, euskaltzale porrokatu eta kontsekuenteak, ahaleginak eta bi egin arren oso emaitza pobreak lortu dituztenak erabilerari dagokionez.
    Arazoa ez dago ikastolan berez.
    Arazoa etxean eta herrian dago.
    Baina ikastolak horietan ere eragin behar luke, horretarako eskarmentua eta gaitasuna badaukalako. Eragin behar luke, gurasoei formakuntza eta irizpideak eskainiz, eta zer esanik ez, eredu izanik, koherentziaz jokatuz.
    Ez soilik ikasle euskaldunak sortzeko. Baita iraun nahi badu ere, zeren, noiz arte jarraituko dute guraso askok eta askok, seme-alabak ezertarako balio ez duen hizkuntza batean ikastera bidaltzen?

  • zu hor ta ni hemen 2013-11-14 10:07

    Donostiako eskola publiko batean dabil nire semea, D eredua baizik ez duen eskola batean. Eta euskara gelan erabiltzen den hizkuntza da, eta punto. Ikasleen harreman totala erdaraz da. Eta irakasleek gela barneko erabileraz bakarrik arduratzen dira, ez dira eskola barnean jolasorduan eta pasilloetan egiten den erabileraz arduratzen, “gehiegi behartzea” on ez delakoan.

    Ni ya etsita nago. Denei euskara erakusteko baliabideak jarri eta erdaldunekin zubiak eraikitzeak ekarri duen gauza bakarra da euskaldunak zubi hori beste aldera zeharkatzea, alderantziz izan beharrean. Eta gero, artikuluan esaten den bezala, euskarari presentzia minimo bat eman nahi bazaio bileretan-eta, pelmazo klasikoa bazina bezala begiratzen dizute. Euskarari inportantzia minimorik ere ematen dietenekin elkarbizitza gogorra da.

    Baina gaur Donostian edo Bilbon gertatzen dena, bihar Azpeitian eta Ataunen gertatuko da. Eta ni ya nazkatuta eta etsita nago.

  • Bat gatoz. Eta? Konponbiderik? Noiz arte? Azpeitiak eta Ataunek ere etsi arte? Hainbeste lan eta izerdi horrela amaitzeko? Jakobinoek jarri omen zituzten euskaldunak amildegiaren ertzean eta azkenean, guk gerok egin dugu salto!!!

  • Galdera gehiegi Irala. Hasi hadi hi konponbideak proposatzen. Nik jarraituko diat (amildegira ez baina).

  • Peru Dulantz 2013-11-14 13:48

    Bada ni oso ingurune erdaldunean bizi naiz (Arabako Lautadan) Alabak 10 urte ditu eta, oraindik, euskara erabiltzen du lagun askorekin eskolatik kanpo ere. Aurten eman du lehenengo aldiz lagun batzuekin gaztelaniaz hitz egiteko hurratsa, eta gakoa, argi eta garbi hau dela esan dezaket: haurrek, gaurko egunean, GOIZEGI ikasten dute gaztelania, euskararekin batera, kasurik onenetan, eta horrela ezin da euskararen erabilera bermatu, euskaraz hitz egiteko gauza ez diren haurrez inguratuta bizi behar dutela kontuan izanik. Batzuk euskaraz hitz egiteko gauza ez dira, eta guzti-guztiek gaztelania ondo ezagutzen badute…, bada, betikoa!

  • zu hor ta ni hemen 2013-11-14 13:58

    Irala,
    Nire erantzunean iradoki dut denei euskara erakusteko saioak huts egin duela. Ezagutzan agian aurrera egingo zen, baina erabileran atzera, ume erdaldun (euskaldundu omen) horiek tiradizo handiegia egiten diotelako euskaldun minoriari.

    Peru Dulantzek dioen moduan, haur euskaldunek goizegi ikasten dute erdaraz, eta ezinbestean gertatzen da hori. Ahalik eta ingurune euskaldunena bultzatuz ere, ezinbestean ikasten dute komunikazio hizkuntza neutroa (“denok dakiguna” eta pelma purista batzuek kenduta koine moduan erabiltzekoa) erdara dela.

    “Konponbiderik?” galdetzen duzu. Ba ez, ez dut. Eta etsita egonik, ez naiz amildegitik botako, baina amildegia ez dagoela behintzat ezin da ukatu.
    Azken batean, ya nire borroka bakarra da nire haurrek euskara ikas dezatela ondo, eta erabiltzea balora dezatela ingurune erdalduna badute ere. Hortik aurrera, geroak esango du zein hautu egiten duten gerora eta beren umeekin… Baina argi dago gero eta ingurune latzagoa dutela, Donostian, Azpeitian zein Ataunen.

  • Nik uste dut amildegia saihesteko bide bakarra harnasguneak sortzea dela. Ikastolak berak ere harnasgune behar luke, baina horretarako gurasoen eta ahal dela, herriaren beraren laguntza ezinbestekoak dira.
    Haurrek ez dute erdaraz egiten goizegi ikasten dutelako. Haurrek erdaraz egiten dute, erdaraz egiteko ohitura dutenekin. Haurrek erdaraz egiten dute erdara lege bilakatu den herrietan.
    Beharbada gurasook euskaraz dezente gehiago egingo bagenu, ez eurei eta zakurrei, geure artean baizik, eta Ikastolak euskarari lehentasuna emango balio. Udalak kultur programazioa %95 espainieraz eskaini ordez, euskaraz proportzio duin bat eskainiko balu, eta hizkuntza paisaia (idatzizkoa eta entzunezkoa) zainduko balu.
    Jaurlaritzak ETB1 desagerrarazteko plana bertan behera utzi eta euskal telebista kate bat edo beste programazio duin batez osatuko balitu (programazio osoez ari naiz). Edota interneti arreta pixka bat jarriko balio, euskarazko eduki eguneratuak, anitzak eta erakargarriak ugal daitezen… Beharbada orduan gure haurrek, erdaraz goizegi ikasi arren, euskaraz biziko lirateke neurri handi batean. Helduon antzera, aitor dezagun bidenabar.

  • Arnasguneak sortu, ados, ederto, baina arnasguneak sortzen dira elkarrekin arnas hartzen duen jendeaz, aire bera hartu gura duen hurkoaz bat. Ezin duzu arnasgunerik sortu politikari arribista atzo goizean aberchaletuarekin edo euskal kontzientzia zipitzik ez duen euskaldun todalavidakoarekin. Esan gura dudana da hobe dela arnasgunea benetakoa eta kontsekuentea izatea, nahiz ta txikerra, eta ez megaikastola edo mega alderdi urardotua. Horrexeri deitzen diot nik arnasgune, Arratiako txekorra, txikerra baina gogorrari, hain zuzen. Egin dezagun errekuentoa: ETB euskararen arnasgune? Bai, aurrera. Ez, zertan gabiz ba? PNV /Bildu/ Nabai…euskararen arnasgune? X mega hezkuntza-zentroa? x mega denda? Bertsolarien elkartea? Euskal parlamentua? Habe? Uema? Kirol Federazioak? Gara?

  • Zuri proposamenak eskatzea eta niri arnasa zuzen idazteko erregutzea, berdintsu…
    Hala ere, jaurti dituzun horietan badira arnasguneak ere: Bertsozaleen Elkartea, UEMA,… edota ETB1, EAJ-k euskaldunak pertsona normaltzat hartu nahi gaituen egunean.
    Ikastola guztiek behar lukete arnasgune; horretarako, oraindik ez direnetan formazio eta motibazio saio batzuk nahikoa behar lukete. Gure ikastolan behintzat, ziur nago egoera errotik iraularazi daitekeela kanpotiko laguntza apur batekin.
    Eta pentsatu nahi dut, Bilduk jarraibide zehatzak eman ezkero bere eraginpeko ordezkariei, herri askotako hizkuntz panorama tristeak, gure herrikoak adibidez, hobera egingo lukeela nabarmen, oinarri-oinarrizko neurri batzuk hartzea nahikoa. EAJrengan ez daukat itxaropen handiegirik.
    Agintari abertzaleen eragiteko borondate apur bat besterik ez da behar, amildegitik urruntzeko urrats politak egin ahal izateko. Pentsatu nahi dut, denbora kontua dela (zeren zain daude?) Otegi batek (Egibar batek?) bere eraginpeko egiturak eta militantzia euskalduna aktibatzeko urratsak ematea. Horrexek berak eragin handia izango lukeela ez dut zalantzarik.
    Egungo egoera katastrofikoan euskaldunok bizirik irauten badugu, zer ez dugu lortuko pulamentu apur bat egiten hasten garen egunean?

  • Peru Dulantz 2013-11-14 15:54

    Itzain, ez gaude ados honetan. Nire esperientzia pertsonala hauxe izan da: haurra etxetik euskaldun hutsa bada, horrek eragin ikaragarria dauka bere inguruan. Guk lortu genuen: alabaren aurrean beti euskaraz hitz egin, hedabideak beti euskaraz jarri, 3 urtera arte ez eskolaratu (oso inportantea!!)… Laburbilduz: beraren ama-hizkuntza bakarra euskara izan zen 6/7 urtera arte. Eragina ikaragarria izan da beraren inguruan ere: sasieuskaldundutako haur guzti-guztiek euskaraz egiten zioten alabari, ondo baitzekiten bestela jai zutela. Konklusio gisa: haurrek euskara erabili behar badute EZ DUTE GAZTELANIA GOIZEGI IKASI BEHAR.

  • Proposamenak eta aterabideak aurretik patrikan edukita, zertara dator inori zuk aisa konpondu ahal dituzunak konpontzen laguntzea? Ai, negarti halakoa! Ez da izango mimo bila zabiltzala?Nire proposamena, argia zen, baina: euskalduntzean euskal berniza duen baina benetan euskararen lepoan beruna den eragozgarri guztiak errekara botatzea, besteak beste, PNV, Deia, Gara.. Ahor proposamena!!!

  • PNV, Deia, Gara,… Bilduren parte handi bat, Geroa Bai, ETB2, Radio Euskadi, Info 7, Onda Vasca,…
    Irala… bakarrik lotuko gozak…
    Eta Peru, zeuk diozun hori lortzeko, baldintza asko eman behar da batera: gurasoen familiak euskaldunak izatea, gurasoen lagun gehienak ere bai, ikastetxeko ikaskide gehien-gehienak euskaldunak izatea… Hori Lautadan ez dakit, baina “Euskal” Herriko herri gehienetan ez da gertatzen.

  • Peru Dulantz 2013-11-15 09:20

    Baldintza horietako batzuk baino ez ziren betetzen gurean, Itzain, eta nahikoa izan zen. Kontua irizpide batzuk argi edukitzea da, eta arazoa da jendeak ez duela horrela jokatzen. “Batzuetan ipuinak erderaz kontatzen dizkiot, asko gustatzen zaio”; “Berari Clan gehiago gustatzen zaio, zer egingo diogu…”; “Biak batera ikasten ari da, eta oso pozik nago”… Horrelako perlak entzun nizkien handik gutxira “euskeraz!!!” behin eta berriz garrasika entzun izan dizkiedan hiru guraso desberdini. Eta zinez esaten dizut, nahikoa da haur euskaldun bakar bat (euskaldun hutsa, edo ama hizkuntz bakarra euskara duena) talde oso baten jarduna euskalduntzeko, zer esanik ez talde bakoitzean bizpahiru baldin badaude… Baina arazoa da horretarako baldintzak daudenean ere gurasoek ez dutela horrela jokatzen.

  • Peru Dulantz 2013-11-15 09:24

    ” gurasoen familiak euskaldunak izatea, gurasoen lagun gehienak ere bai, ikastetxeko ikaskide gehien-gehienak euskaldunak izatea…” Barkatu: baldintza horietako bakar bat ere ez zen betetzen gurean, hobeto esanda, eta, hala ere, lortu dugu.

  • Ba zorionak, Peru. Geuk ez dugu lortu.

  • Peru Dulantz 2013-11-15 09:37

    Kontua ez da domina-banaketa. Kontua da formula zein den aztertu eta zabaltzea, jendeak praktikan jar dezan, interesa dutenek behintzat.

  • zu hor ta ni hemen 2013-11-15 12:25

    Peru, “interesa dutenek behintzat” diozu. Horra auzi guzti honen muina.

    Kontu horretaz benetan kezkatuta eta presio minimo bat egiteko interesa dugunak lau katu gara. Eta kitto. Praktikak horixe erakutsi dit niri. (Herri jakin batzuez ari naiz, baina susmoa dut herri guztietara zabalduko den joera dela).

  • Peru Dulantz 2013-11-15 14:48

    Bai, hoi horrela da. Oso jende gutxiren kezka da benetan. Teorian askori axola die, baina gero eguneroko praktikan ez da islatzen. Askotan, ezjakintasunagatik egiten dela esango nuke. Adibidez (eta ezagutzen ditudan kasuak aipatuko ditut), guraso euskaldun batzuk kezkatu egiten dira semak edo alabak gaztelaniaz ez dakielako, oso-oso txikia izan arren (4 urterekin, demagun), eta etxean gaztelaniaz hitz egitea erabakitzen dute. Beste batzuek “euskeraz!!” garrasi egiten diote etengabe semeari, baina ez dute inolako neurririk hartzen egunero erdarazko telebistaren aurrean ordu piloa pasatzen duela ikusita… Nire ustez, jendearen kontzientzian sartu beharko genuke ideia bat argi eta garbi: ez da ezer larririk gertatzen zure umeak gaztelania euskararekin batera ikasten ez badu eta adin jakin batera arte elebakarra bada, are gehiago, komenigarria ere bada, euskaraz biziko bada, behintzat. Gure seme-alaben ama-hizkuntza, hizkuntza nagusia, euskara izan behar da, etorkizunean euskaldun oso eta eraginkorrak izango badira.

  • Nik ezagutzen dudan jende gehien gehienak uste du euskararen egoera eta bilakaera onak direla, eta ikastetxean landutakoarekin haurrek nahikoa eta sobera badutela. EAEko erakundeetatik zabaldu ohi den mezua baikortasunez bustita egoten da beti, eta oso oraintsura arte, soilik gaitasunari erreparatzen zion, ez erabilerari, horrela etengabeko hazkundearen irudia emanez. Gaitasunaren hazkunde geldoaren eta D ereduko matrikulazio datuen hazkunde etengabea nahastuz, uste baikorra orokortzea lortu dute erakundeok, irakurketa hori zalantzan jartzen dutenak, muturrekotzat eta ezkor kronikotzat kalifikatuz sarri.
    Bestalde, euskararen berreskurapenaren aurka dauden indarrek, euskararen normalizazioa azkarregi eta inposatuz ematen ari delako irudia zabaltzen dute etengabe, erantzunik gabe ia. Hori gutxi balitz, bultzada negargarria eman die oraintsu Urkullu Lehendakariak, unionismoaren tesiak ontzat eman eta berak ez zuela euskara inposatuko adieraziz…
    Azkenik, euskalgintza oso ahul eta zatituta ageri da azken urte luzeotan, eta ez dauka bere mezuak hedatzeko indar nahikorik, ez eta mezu bateratu samarrik ere.
    Horrek guztiak euskararen berreskurapenaren alde dagoen jende askoren erlaxazioa eta utzikeria ekarri ditu, nire ustez, erakundeen eta ikastetxeen esku utziz euskararen berreskurapena, pentsatuz guztiak ari direla lan horretan eta nahikoa izango dela haien ekimenarekin.
    Iruditzen zait, egun arte horren errotuta egon den optimismo suizida orokortua gainditzea lortzen badugu (horretarako ekimen politikoa ezinbestekoa da), egun ikusten ditugunak baino, euskaltzale konprometitu asko gehiago agertuko direla nonahi…

    • Peru Dulantz 2013-11-15 21:14

      Erabat ados. Erlaxazioa orokorra da gizartean. Horren erakusgarriak asko eta asko dira. Bat besterik ez aipatzeagatik: alabak aurten jaso dituen urtebetetze-gonbidapenetatik (bidaltzen dizkioten postaltxoak) bakar bat ere ez da euskaraz izan. Hori ez litzateke harrigarriegia izango bizi garen lekuan, baina kontua da azkeneko bi gonbidapenetako haurren guraso biak (lauak) maistra-maisuak direla, eta euskaraz egiten dutela lan.