Ikasle itsu baten mugikortasuna hobetzeko hiru irakasleren lanari saria, Lekarozen

braileaLekarozko institutuko hiru irakasle saritu ditu ONCE erakundeak, institutuko planoak braile sistemara egokitzeko proiektuagatik. Hiru irakasle hauek proiektua 2008-2009 ikasturtean garatu zuten, ikasle itsu bati institutuko eguneroko jarduna errazteko asmoz.

Ikasle itsu bat institutuan matrikulatuko zela jakitun, hainbat hobekuntza egin zituen Lekaroz Biugarren Hezkuntza Institutuak (Baztan Haranean, Nafarroan). Sarbidea hobetu, errotulazioan braile sistema txertatu, eskailera-buruetan ukimen bandak paratu… baina ikaslea institutuan hasi zenean, ohartu ziren horiek denak ez zirela aski, ikasleak ez zuela autonomia nahikorik harat-honat ibiltzeko.

Gauzak horrela, institutuko hiru irakaslek -Puri Mugiro, Tere Azpiroz eta Orreaga Urroz- proiektua landu zuten, institutuko planoak brailera egokitzeko. Proiektua institutuko hirugarren mailako ikasleekin landu zuten, teknologia ikasgaiaren barrenean. Ikasleek ikasle itsua mugitu behar zen eremuak aztertu zituzten, errepresentazio sistema ezberdinak landu zituzten, eta planoetara eraman zituzten, modu irakurterrazean. Plano horien laguntzarekin, ikaslea arazorik gabe ikastetxean barna mugitzea ahalbidetu zuten.

Institutuan jabetu ziren ikasle itsuek Lehen Hezkuntzan inguruaren ezagutza lantzeko denbora dutela, baina institutura egokitzeko denbora guti dutela. Ikaslearen autonomia pertsonala handitzea izan zuen xede egitasmoak. Orain, ONCE erakundeak saritu ditu hiru irakasleak, eskola esperientzietako hezkuntza-ikerketa lehiaketan, bigarren sariarekin.

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.