Ikasle Eguna Amurrion ospatuko da azaroaren 6an

Urtero bezala, ikasturtea hastearekin batera Ikasle Eguna dator. Euskal Eskola Nazionalaren aldarria ozen adituko da Amurrion, ‘Ikasleoi erasorik ez! Hezkuntza Sistema Nazionala!’ leloarekin bat egingo baitute Euskal Herriko ikasle aunitzek. Ikasle Abertzaleakek azaldu duenez, “inoiz baino arrazoi gehiago” daude egun hau egiteko. “Medioetan entzun eta ikusi izan ahal dugun bezala ikasleon eta Euskal Hezkuntzaren kontrako erasoak etengabeak dira” azaldu dute Donostiako Doka Antzokian egindako prentsaurrekoan. Ikasle Egunarekin “euskal hezkuntzak bizi duen erasoaldi inposatzaile eta espainolista honi behar besteko herri erantzuna ematea” dute helburu.

Erasoak eraso, IA-k “gogotsu” hasi du aurtengo ikasturtea. Iruñerrian, adibidez, mobilizazioak egin dira eta ehunka ikaslek Alberto Catalán Hezkuntza Sailburuaren politika salatu dute. “Ezezko borobila eman diogu ikasleontzako dekretu zigortzaileari” azaldu du IA-k. Ikasle Egunaren baitan ere mobilizazioan parte hartzera deitu dute euskal ikasleria. Arratsaldeko 17:30ean izanen da manifestazio nazionala, ‘Ikasleoi erasorik ez! Hezkuntza Sistema Nazionala’ lelopean. IA-k “masa uholdea” espero du haien manifestuari babes emateko. Aipatu manifestuak ezezkoa ematen dio euskalduntzen ez duten ereduei, curriculum arrotzei, dekretu eta hitzarmen errepresiboei, hezkuntza patriarkarrari, hezkuntza merkantilizazioari eta Euskal Herrian ikasteko traba administratiboei. Aitzitik, baiezkoa ematen dio Hezkuntza Sistema Nazionalari.

MzQ2Mg==

Egitarau oparoa

Ze Esatek! taldeko kide batzuekin batera egindako prentsaurrekoan, IA-k Ikasle Eguneko egitaraua aurkeztu du. Ekitaldiak prestatu dituzte goizetik hasi eta gaueraino. Eguneko lehen orduetan haurrendako jolasak, tailerrak eta Porrotx pailazoa izanen dira. Honetaz gain, herri mugimenduko eragileen azoka izanen da eta ‘beste unibertsitate baten aldeko’ unibertsitateko ikasleen arteko olinpiaden finala jokatuko da. Eguerdian 400 pertsona bilduko dituen bazkaria izanen da, musikaz alaituriko bazkalondo eta guzti. Arratsalde partean manifestazioa eta ekitaldi politikoa eginen dituzte, azkeneko hau karpa erraldoian izanen delarik. Egunari amaiera emateko, kontzertuak prestatu dituzte. Habeas Corpus, La Pulqueria, Doctor Deseo, Gose eta Ze Esatek! taldeek dantzan jarriko dituzte karpa erraldoian bildutako ikasleak. Hain zuzen, azkeneko talde horrek prestatu du Ikasle Eguneko kantua, Izar Mendiguren bertsolari laudiarraren hitzekin eta Sorkunen laguntzarekin.

Sarrerak 16 euro balioko du aurrez erosiz gero eta bertan 19 euroren truke lortu daiteke. Gainera, kanpokoendako autobusak prestatu ditu IA-k eta txartelekin batera eros daiteke hauetan bidaiatzeko billetea. Informazio oro Ikasle Abertzaleaken webgunean dago eskuragai.

BARDO GORRI NAFARRA