Ika Mizka egitasmoaren azken geldialdia Irunen, abenduaren 3an

Ika Mizka Irun

Gazteak gure hizkuntza erabiltzeak duen garrantziaz sentsibilizatzeko eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko helburua duen ‘Ika Mizka. Eta hik, nola bizi dunk euskara?’ egitasmoa azken geltokira iritsiko da datorren abenduaren 3an, Mondragon Unibertsitateak Irunen duen Bidasoako Campusera.

Gaztezulo aldizkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Ika Mizka proiektuak hainbat alorretako aurpegi ezagunak eta gazteak bilduko ditu mahaiaren bueltan, euskaraz eta euskara bizitzeko moduez hitz egin eta eztabaidatzeko. Euskaldunok gure hizkuntzari arnas emateko ahaleginean (edo ez) bizi ditugun gorabeherak mahaigaineratu eta jende gehiagorekin konpartitzeko aukera izango da: pozak, oztopoak, aurrerapausoak, aurpegi txarrak, aldaketak, anektodak…

Mondragon Unibertsitatearen eta Mugi Hadi Elkartearen laguntzarekin Irunen antolatuko den azken Ika Mizka saioan izango dira, beste batzuen artean, Fermin Muguruza musikaria, Gorka Urbizu eta Galder Izagirre Berri Txarrak taldeko kideak, Ainhoa Urretabizkaia Gazteako esataria, Tania de Sousa Zuloak taldeko abeslaria edota Aitziber Estanga Damba taldeko kidea.

Eurekin aurrez aurre zure esperientziaren berri eman nahi duzu? Euren egunerokoan euskaraz bizitzeko aukerarik duten jakin nahi? Eman izena http://www.gaztezulo.com/ikamizka helbidean.

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.