Ika Mizka 2014 zirkuitua hiru unibertsitatetan egingo da

Ika Mizka 2014 zirkuitua hiru unibertsitatetan egingo daIka Mizka egitasmoaren inguruan indar gehiago bildu dira hirugarren edizio honetarako. GAZTEZULOk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekimen honetan, iaz UPV/EHUk eta Mondragon Unibertsitateak lankidetzan jardun zuten, eta aurten Deustuko Unibertsitatea ere arituko da elkarlanean.

Gazteak euskararen erabileraren garrantziaz sentsibilizatu nahi ditu ‘Ika Mizka. Eta hik nola bizi dunk euskara’ egitasmoak. Era berean jarrera aktiboagoak bultzatzeko ahalegina egiten du. Esan bezala, aurten hiru unibertsitate arituko dira egitasmoan elkarlanean, eta unibertsitate bakoitzean ikasketa eta lanbide arlo bati lotuko zaio mahai-inguru saioa: enpresagintza, komunikazioa eta erizaintza. Ondokoa izango da egitaraua:

· Urriak 30, Oñatin, Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza Falkultatean.
· Azaroak 13, Donostian, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako Campusean.
· Abenduak 3, Donostian, UPV-EHUren Erizaintza Unibertsitate Eskolan.

Solasaldia eta zizka-mizkak uztartzen ditu egitasmo honek. Mahai beraren bueltan unibertsitateetako gazteak, zein animatzen diren herritarrak, pertsonaia erreferentzialekin batera esertzen ditu. Aurpegi ezagunek eta gazteek gai konkretu baten inguruan partekatzen dituzte kezkak eta bizipenak, euskaraz, eta esparru jakin batean euskaraz aritzeak dakartzan pozez, zailtasunez, lorpenez zein sentsazioez aritzen dira.

Proiektua hobetzen
Bestalde, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikasle talde batek egindako ekarpenak jaso eta aplikatu ditu aurten Ika Mizkak. Maria Ayerbek, Itsaso Etxebarriak eta Maite Salaberriak, Ika Mizka egitasmoa sakon aztertu dute eta hobetzeko hainbat aholku egin dituzte. Sare sozialetako profila sortzeko gomendioa egin dute. Horrez gain, web gunea sortzeko proposamena egin dute, gazteek proiektuaren gaineko jarraipena egin ahal izateko (Ika  Mizkak egindako bideoak, argazkiak, jasotako iritziak… jasotzeko gunea). Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gaztezulok proposamena egoki ikusita, hiru ikasleei proposatu diete web gunea egitea, eta halaxe egin dute: www.ikamizka.com

 

Eragileetako arduradunen hitzak

Isabel Elorza UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Euskara zuzendariak gazteen motibazioa nabarmendu du. “Euskal Herriko Unibertsitatean euskararekiko gazte motibatuak ditugu protagonista nagusienetakoak. Aurten, gainera, Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolan egingo den Ika-mizka proiektua dugu honen erakusle argia eta garbia, ikasleek hasiera hasieratik euren gogoa eta kemena adorez eta bihotzez agerrarazten ari direlako. Argi dugu euskarak unibertsitatean aurrera egiten jarraitzea nahi badugu gizarteko partaide guztion konpromisoa behar-beharrezkoa dugula eta hortan datza denon esfortzua”.
Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoaren esanetan, “iazko edizioan esan nuen bezala, unibertsitatea gizartearen garapenean zerikusi handia duen eragilea denaren ideiari eusten jarraitzen dugu Mondragon Unibertsitatean eta besteak-beste, garapen horretan, gure gazteen eskutik eragiten dugu, baita harremanetarako darabilgun hizkuntzan ere. Beraz, gazteek, badaukate zer esanik arlo honetan, beraien esku baitago gure hizkuntzaren normalizazioaren alde lan egin beharra etorkizunean”.

Roberto San Salvador del Valle Deustuko Unibertsitatearen errektoreordearen ustez, “lehenik, unibertsitatea eta gizartea bera eleaniztun bihurtzeko pertsonek, banan-banan, hizkuntzarekiko konpromisoa hartu behar dute. Elkartearen kide bakoitzak protagonismo osoa hartu behar du. Horregatik pertsona eleaniztun bihurtzen garenean, elkartea, gizartea bera, ere eleaniztun bihurtzen da. Pertsonen hizkuntza gaitasunen mapan eta urtez urteko prestakuntza planean egon da. Baina, pertsona bakoitzaren hizkuntza ibilbidean badaude oztopoak. Badaude eleaniztasunaren aldeko eta kontrako baldintzak: bakarrik sentitzea edo taldekidea izatea; gaitasuna lortzeko aukerak egotea ala ez; astia izatea ala ez; konpartitzeko guneak aurkitzea ala ez; edo prestakuntzarako baliabideak eskura izatea ala ez.  Eta badaude beste baldintzak, subjektiboak, eleaniztasuna suspertzen dutenak, batez ere motibazioak eta balioak. Bai batzuetan, bai besteetan pertsonen hizkuntza gaitasuna bermatzea izan behar da helburuetako bat. Nahiz eta hizkuntza politikan eta plangintzan elementu objektiboak kontrolaturik izan, pertsonekin egiten dugu lan. Pertsonek hizkuntzarekin maitemintzea lortu behar dute. Eta gure lanak maitemintzeko baldintzak sortarazi behar ditu”.

Zigor Etxeburua Aldundiko Euskarako zuzendariaren iritziz, gazteek iritzia ematea garrantzitsua den moduan, haiek esandakoa kontuan hartzea ezinbestekoa da. “Azken batean, etorkizunean hizkuntza normalizatuta izango badugu, batez ere, oraingo gazteen ekarpenari esker izango da. Eman diezaiegun hitza gazteei, har ditzagun kontuan haien iritziak, bizipenak eta sentsazioak”, adierazi du.

Ika Mizka 2014 zirkuitua
Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, euskara, Gaztezulo, Gipuzkoako Foru Aldundia, ikamizka, Mondragon Unibertsitatea

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude