Ihiaren garaia

NDQwNA==

Euskaldunako bi hitzaldiak segitu ditut zuzenean eta haren ondorio dira arrapataka harildutako lerro hauek.

Zain egon naiz, eufemismo eta formulismo guztien gainetik, Rufi Etxeberria jaunak ETA izena noiz aitatuko eta, plasta, aitatu du. Gauza bera Iñigo Iruin jaunak ere, Espainiako Auzitegi Gorenaren baldintzak nola beteko dituzten adierazten zuen erdiko trontzoaren aurretik eta atzetik, bietan aipatu du ETA erakundea.

Agian izango da botila erdi beteta ikusteko dudan joera honengatik, baina esango nuke gaurkoa irakaspen handia izan dela guztiontzat. Ausartuko nintzeteke esaten, gainera, ikasgairik handiena Ezker Abertzaleko kideek eurek atera dutela: haritzaren bidea baino, batzuetan ihiarena dela egokiago. Tinkotasun maximalista baino, estrategia malgu eta egokitzen dakiena. Haizea gogor dabilenerako estrategiarik azkarrena.

Beste kontu bat izango da orain Espainiako estatuaren mekanismoen jarduera. Betiereko eszeptizismoak agintzen digu ez gehiegi pozteko, aurkituko dutela bidea beti lez, zuzenbidearen mozorroz, politika gordin eta gaitzena baizik ez dena ezkutatzeko. Ikusiko.

Izanak izan, zoriontzeko tenorea da. Zorionak beraz katarsi honetan murgildu zareten guztioi.

Pena bakarra, hala ere, urte batzuk lehenago geltoki honetaraxe ez iritsi izana, baina jakina, mareak igotzen denean bakarrik jotzen du bazterra, ez da?

Orain badakigu barneratze eta desiratze guztien zailtasuna baizik ez direla geratzen aitzinean, benetako egitea hitzetan esan den hori guztia. Eta bidean elkarri eragindako zauriak mihizkatzen eta laztantzen hastea maitekiro. Izan ere, perspektiba baita hemen sekula galdu behar ez dena eta gauzak bere neurri benetakoan ikustea ere bai. Izan haritz edo izan ihi, gure arazoa mundu alu honetan, txori kaka baizik ez baita izan. Galdetu, bestela, Bruselan, galdetu New Yorken, galdetu Pekinen.

Beraz, ixil-ixilik, helburuak irmo eta moduak dotore, elkarren ondotxoan  behar dugu denok lan egin eta bultza. Askatasunean, demokrazian, diskrepantzian, konfiantzan…

Denok batera, edo, behintzat, gure gizartearen erdia gehi bat ba omen garen guztiok. Aberria urrutiko Txinan baino, bertako Tibetean dugunok. Fin bagabiltza, geroa geurea izango da eta. Ala ez?

Irudia | Ihiak urpazterrean | Fotoarte75 | Creative Commons By SA

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

3 pentsamendu “Ihiaren garaia”-ri buruz