Ihesean

Oporretan joan beharrean, ihes egin dugu. Eguzkiaren bila batzuk, elurraren azken arrastoen peskizan beste asko, eta gehienak, bitartean,  panorama ikusita, etxe barruan gotortu gara, noiz atertuko zain, tarte batez krisia begien paretik kendu nahian. Jai egunak kateatu ditugu, orain ETB1 orain Intereconomia, otoitz eta prozesio artean, eta horiek libre utzi diguten tarte apurra erabili dugu  liburu edo pelikula on batez gozatzeko, edo besterik ez bada, bazkalosteak nahi adina luzatu edo gauak nahi beste laburtzeko. Oporren bueltan, ordea, konturatu gara ez duela atertu, eta ez duela atertzeko itxurarik ere.

Are gehiago, latza zen egoerak txarrera egin du: Ustez ukiezina zenari ere, osasunari eta hezkuntzari, artaziak ez, labankada ederra sartu nahi diote, hesteetaraino. Gu bitartean, txarribodaren erdian, futbol epaileekin sutzen gara, penaltiak, golak, ametsak eta ez dakit zer gehiago lapurtzen dizkigutelakoan. Futbol zaletua naizen aldetik gomendio bat helarazi nahi diet sindikatuei:  herritarrak mobilizatu nahi badituzte, greba zein kontzentrazioak iragartzeko afixa eta horma-irudietan Raxoi eta enparauen argazkiak jarri beharrean hobe, esate baterako, Muñiz Fernandezena edo Iturralde Gonzalezena jarriko balute. Orduan bai egongo liratekeela manifestariak gau eta egun kalean, jo eta ke… galdu arte, noski, gerra hau ez dagoelako irabazterik.

 

Badakigulako, oporretan joan beharrean, ihes egiten dugu. Eguzkiaren bila batzuk, elurraren azken arrastoen peskizan beste asko, eta gehienak, bitartean, panorama ikusita, etxe barruan gotortzen gara, dena noiz amilduko zain.

Ihesean, krisia, murrizketak, oporrak
Eñaut Barandiaran

MARTITZENA 13