Ihesaldi perfektua

Gogoan dut txikitan izugarri maite nuela The great escape (orduan La gran evasión izenburuarekin baizik ezagutzen ez nuena) filmaren soinu banda. Ez dakit zer zen, baina egun osoa eman nezakeen melodia hori txistukatzen. Hainbat filmen soinu bandak biltzen zituen disko batean zegoen hura ere. Agian gure musika eskolako bandak Pamplonesarekin batera eskainitako kontzertuan jotzeak sartu zuen nire bihotzean kantu hori. Orduan jakin nuen E. Bernstein delako batek sortu zuela doinu hori, hala zioeten partiturek, behinik behin.

Gerora, soinu bandak biltzen zituen disko horretako filmak ikustea erabaki nuen, artean nahiko gaztetxoa nintzen. Horietako bat, noski The great escape (nahiz eta nik ikusi nuena La gran evasión izan), John Sturgesek 1963an zuzendutakoa. Film horretan, eta ihesaldiei buruzko beste batzuetan ere noski, protagonistak ihes egiten saiatzen dutenak dira. Ongi dago ihesaldi hori. Gaizki dago pertsona horiek preso egotea. Are, absurdoa da zigorra.

Aditu dudanez, Iruñean ere prestatu omen dute ihesaldi bat. Alkatakraz espetxean hiru preso dituzte, pintaketak egiteagatik “zigortuak”. Iruñeko Euskal Jai gaztetxea okupatu zutenetik 20 urte bete zirela, besta handi bat antolatu zuten Caldereria kalean. Hori iragartzeko paretetan mezu bat idatzi zuten hiru gaizkile arriskutsu hauek: Maya, maya, queremos playa (Maia, Maia, hondartza nahi dugu).

Gauerdian eginen dute ihes Alkatakrazetik. Baina benetako ihesaldia, otsailaren 2an egin zuten. Zigorrari izkin egin diote, absurdoari aurre. Palmondoak ageri zituen pintada txiki horren oihartzuna biderkatu egin dute, desobedientziaren aldeko aldarria lau haizeetara zabaldu dute. Etxeko espetxealdia liburu artean egin dute, eta jende artean ere bai. Presoen mozorroa jantzita, inguratu diren guziei irribarrea atera diete, baina bidenabar mezu argi bat eman. Baita sare sozialen bitartez ere. Ez dakit nola prestatu duten gaurko ihesaldia, nondik aterako zituzten tresnak kartzela handi horretatik inork konturatu gabe ihes egiteko. Baina zigortu nahi izan dituztenen muturren aurrean zigorretik ihes egin dute. Ihesaldi perfektua izan da.

Argazkia: Ahotsa.info CC

BARDO GORRI NAFARRA