Iglesias eta gu

Iglesias eta gu –

Iglesias eta gu
Arg: Ahora Madrid

Gaur Pablo Iglesiasen argazki bat hautatu dut, atzo serio agertu baitzen Europarlamentuan, esanaz espainiar monarkiaren portaerak errepublikaren etorrera bultzatzen duela. Erregearen bi ahizpen txertoaren harira ari zen oraingoan, baina duela gutxi emeritoaren kontu fiskalekin antzeko jarrera azaldu zuen. Tonu kritikoan entzun genuen baita Non dago Mikel? dokumentalaren estreinaldian, tortura salatuz, eta lehenago espainiar demokraziaren gabezien gainean, edo Kataluniari buruz.

Aipagarria da adierazpen kritiko horiek egitea Espainiako presidente orde izanda, agintari espainiarren ohiko zurikeria alboratuta. Agian ariketa orekatzailea da, gobernuan irauteko irensten ari direna eramangarriago egiteko. Edonola ere, guretzat estimagarria da Espainia aldean tarteka halakoak ere entzutea; seguruenik han askorentzat gorrotagarria den neurri berean.

Iglesias deseroso omen zaio establishment espainiarrari. Eta susmoa dago irailean hauteskundeak deitu eta Podemos berriro oposiziora bidaltzeko operazioa martxan ote den. Boteretsuak erosoago leudeke ohiko bi alderdi zentristekin, Podemos eta Vox mutur banatan utzita. 78ko errejimenari eusteko azken ahalegina. Hain zuzen, hori izan daiteke Iglesiasek borrokatu nahi duena, oraingoz inkestek saritzen ez dioten pedagogia kritikoarekin.

Dena den, eta Katalunian egin duten bezala, guk ere ireki behar genuke eztabaida: Espainiaren bilakaerari dagokionean, zer komeni zaigu gehiago euskaldunoi?

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko martxoaren 4koa]

Iglesias eta gu

Euskalgilea eta herrigilea, jubilatua baina ez erretiratua.

Zer duzu buruan “Iglesias eta gu”-ri buruz