Igel euskaldun baten korrokak

Igel euskaldun baten korrokak –

Igel euskaldun baten korrokakDuela gutxi irakurri nuen artikulu batean erabat ezezaguna zitzaidan kontu bat. Lapiko batean ura irakiten jarri eta bertan bizirik den igel bat sartzen saiatzen bazara, igela ihes egiten ahaleginduko da, berehala ohartzen baita behin hor sartuta bereak egin duela. Lapikoan ur epela izanez gero, aldiz, igela gustura asko sartuko da, eta orduan ura pixkana berotuz joan zaitezke, poliki, eta igela ez da konturatuko, ez da jabetuko gertatzen denaz… egosita hiltzen den arte. Batean hanka egiten duela eta bestean hankak egiten dizkiotela, alegia.

Zeren eta esaten badizute ez duzula euskaraz hitz egiteko baimenik, kristianoz mintzatzeko, eta zure hizkuntzak ez duela piperrik balio, ba, arraioa, erreakzio fuerte bat sortzen zaizu kontran. Baina guztiek euskaraz dakiten koadrila batean bat erdaraz hasten denean, eta gero bestea, eta atzetik hurrengoa, eta egun batean, arranopola, zein eta zu, Gernikako arbola baino euskaldunagoa zaren hori, euskaltzale porrokatua, euskaltzale borrokatua… zure burua gaztelaniaz hitz egiten entzuten duzu, ohartu ere egin gabe ze igel egosi usaina darion zure mingainari.

Zeren eta poliziak gazte bat atxilotu, torturatu, txantxetako epaiketa bat egin eta Kristok metxero bat galdu zuen tokian dagoen kartzela batera bidaltzen dutenean, ba kopon, kalera ateratzen gara, noski baietz. Baina egun batean entzuten duzu bati 700€ sartu dizkiotela manifestazio bat antolatzeagatik, eta beste bati 400€ farola batean pegatina bat jartzeagatik, eta hari kantitate bera pankarta batengatik, eta ertzain bati euskaraz egiteagatik 600€, eta bat-batean kontatzen dizute Donostia bezalako hiri batean horrelako 289 isun ezarri direla azken bi urteotan. Eta ttirriki-ttarraka, uraren tenperatura igo ahala geroz eta gogo gutxiago daukazu kartelak-pankartak-pegatak-manifak egiteko, eta aizu, nondik dator igel egosi lurrin hori.

Zeren eta entzuten baduzu “puto negro-sudaca-rumano” alerta antifaxista pizten zaizu; baina behin eta berriro errepikatzen badizute hedabide nagusi guztietatik kanpoko igelek arazoak sortuko dizkizutela, laguntzetatik bizi direla, eta etxebizitzak ematen dizkietela, eta zu ez zara arrazista, baina demonio, goizero zoaz lanera eta inork ez dizu ezer oparitzen, ezta?, eta azkenean zuk ere korroka hori irensten duzu, arazoa lapikoa eta sukaldaria direla ahantzita.

Ispiluan begiratu naiz eta uste dut begizapoak jartzen ari zaizkidala…

Igel euskaldun baten korrokak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “Igel euskaldun baten korrokak”-ri buruz

  • euskaldun bat 2020-01-21 11:04

    Erreta ikusten zaitut, eta normala da. Gerra guztietan batera sartuz gero horixe da gertatzen dena. AEBei ere gauza bera gertatzen zaie: gerra guztietan sartu baina bakar bat ere irabazi ez. Irani eraso diotela eta bazoaz manifa elkarretaratze antifaxista antiinperialista asanblada osatzera. Palestunarekin zer esanik ez. Sahararekin beste horrenbeste. Feminismo ultra, LGTBIQRT guztia, aldaketa klimatikoa, animalismoa, beganismoa, AHT, EAJko jauntxoak (Markel Olano angulak jaten idatzi zenuenekoa gogoan dut), turismo eredua… Denerako ez du ematen. Agian sistema (sukaldaria) tonto-tontoa ere ez da eta hainbeste lehengai jarri dizkio igelari heltzean entretenituta trabatuta egon dadin egosi arte, eta igela ez da jabetzen hortaz. Entretenimendu gutxi duen igelak jauzi egiten du heltzetik, zentzumenak garbi dituelako, espabilatuta dagoelako. Neronek ikusi dut jauzi egiten duela, zuen igela barazki artean trabatuta zegoen nonbait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude