Idoia Mendia euskararen alde

Idoia Mendia, alde!

Badago jende klase bat fariseua dena, beste jende klase bat zinikoa dena, beste bat lotsagabea dena eta beste bat makurra dena. Eta gero dago Idoia Mendia horiek guziak batzen fariseismo higuingarrienaren gailurrik gorenean. Euskararen alde.

Bazkaldu berriak bazarete segur da jandakoa goitik beheiti bota izana, bideoaren higuina astebete goitika aritzekoa baita. Nazka, goitinahia eta erraietako mina eragiten du Idoia Mendiaren boza aditzeak. Hain hipokrita. Hain miserable. Irriño makur horrekin “también debe ser algo muy vasco” zaunkatzen duelarik, zinismorik bortitzena jariatuz.

Jakina denez, Idoia Mendia euskaltzaletasunaren abangoardian egona da betidanik Andoni Unzalu eta Luis Haranbururekin batean. Udaletxeetan inposatzen den elebakartasunaz kezkatu izan baitira maiz. Onartezina baiteritzote hain azpiratua dagoen gaztelania inork ere ez erabiltzea. “La generosidad con el euskera ha sido enorme” bota izan du Idoiak Beizamako diglosi larria dela-eta. “El español lo sabe todo el mundo pero no lo emplea nadie, sólo se habla con niños y perros; el problema es más grave de lo que se piensa”. Idoia Mendia gaixoak, beste hainbat erdaldun berrik bezala, gaztaroan ikasi behar izan baitzuen erdara gaueko Erdaltegi klandestino batean; guraso maltzurrek, euskaldunak izaki, euskara inposatu ziotelako txikitan.

Mundu guziak dakien bezala, administrazioan erdaldunek zailtasunak izaten dituzte beren hizkuntza propioa erabiltzeko. Zer esanik ez epaiketetan. Mendia euskaltzalearen esanetan “epaile guziek euskaraz egiten dute, eta gaztelaniaz nahiez gero itzultzailea jartzera behartzen zaituzte; aski dugu, administrazioan hizkuntza berdintasuna bermatu behar dugu”. Argi baitago administrazioan euskararen presentzia gehigizkoa eta itogarria dela, “nire koinatuak euskara ez jakiteagatik administraziora ezin izan du sartu” argudiatu zuen Mendiak, bidegabekeria galanta zela esanez “behin, administraziora joan eta denak euskaraz txor-txor ari ziren, erdal hiztunon eskubiderik behinenak zanpatzen”. Horretaz aparte, nabarmen hunkituta gaineratu zuen, tipo batek “egintzan kristauez, arraioa!” oihukatu ziola Barakaldoko taberna batean.

Gauzak horrela, bukatzeko, Idoia maitea, hiri zuzendu nahi natzain. Batez ere kontsolatzeko, aztoratua ikusten baihaut. Egon hadi lasai, hik uste dunan baino euskal tituludun gutxiagok egiten baititen euskaraz administrazioan; are gutxiago kalean. Ez ezan hain ilun ikus mundua, administrazioa datuek erakusten dutena baino espainolagoa baitun. Segur aski  titulua eskuetan dutenetatik asko ez ditun bi esaldi jarraian euskaraz esaten kapazak izango. Gainetik, akaso, hire bideoarekin euskaldun bat baino gehiago bere goitika propioan itotzea ere lortu dun; hara ze ondo! Euskaldun bat gutxiago.

Idoia Mendia euskararen alde
Idoia Mendia erdararen ahulezia aldarrikatzen artxiboko irudi batean.
Idoia Mendia, alde!
euskara, Idoia Mendia, PSE

8 pentsamendu “Idoia Mendia euskararen alde”-ri buruz

  • Haritz Totelez 2016-09-13 19:03

    Lauro ikastolan “pozik” behar dute.

  • Oso ondo dago asaldatzea, haserretzea, jantziak herraz eta amorruz urratzea, etab., baina munduan ez da euskaldunik PS(O)Ek eukararekin duen jokaera ezagutzen ez duenik.
    Egia da oraingo honetan bideoaren zabarkeria eta bortizkeria izan direla ps(o)ezialisten jokabide tradizionala lardaskatu dutenak.
    Baina beti jokatu izan dute berdin. Salbuespenik gabe.
    Haien aberria eta haien hizkuntza beste bat da, ez euskara.
    Edozein modutan ere, bideo horretan kaleratu dutena lehendik zegoen iragarrita, Bagenekien zer zetorren eta bagenekien nola zetozen jokatzera hauteskunde kanpaina honetan ps(o)etarrak.
    Uztailaren 26an bertan agertu zen hori guztia El Correon Patxilopezen gurúnzalu euskaldunak sinatutako artikuluan (http://www.elcorreo.com/bizkaia/politica/201607/26/plus-euskera-administracion-20160726185849.html).
    Idoia Mendia? PS(O)Eren txotxongilo euskalduna.

  • Haritz Totelez 2016-09-13 23:15

    Sasi-euskalduna.
    PsoEko txotxongilo euskaldunak Auzmendi, Unzalu, Azcue, eta beste dira.

  • Peru Dulantz 2016-09-14 08:30

    Funtizonarioa izatea ez da denon eskubidea, merituz irabazi behar da, herritarrek zerbitzu publiko egokia jasotzeko duten eskubideari modu egokian erantzuteko. Eta gezurra gezurraren gainean erabiltzen ari dira haien argudioetan: ez da egia hizkuntza-politika bera aplikatzen ari denik Azpeitian eta Oionen, ez da egia lanpostu guztietan euskara derrigorrezkoa denik… Eta bitartean, ehunka koadro sozialista botere-lekuetan kolokatuta EAEn PNVren “eskuzabaltasunari” esker, politika jator horiek aplikatzen…

  • Orain EAJk izango du PSOEren bideoaren errua. Peru, obsesionatua al zaude?

  • ni kexu naiz jaurlaritzako lanpostu gehienetarako goi-mailako hezkuntza eskatzen bai dute, nahiz eta postu horietan lan egiteko ez den beharrezkoa ingeniari abokatu edo dena delako ikasketak izatea.

    Batzuek maila ekonomikoa dela eta edo bizitzak lanean goiz hastera behartu dituen arren, nik, alperkeriagatik ez dut ezer ikasi. Halere diskriminatua sentitzen naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude