Feminismoa, ideologia eta eraginkortasuna

Feminismoa, ideologia eta eraginkortasuna –

Feminismoa, ideologia eta eraginkortasunaDuela gutxi  Bilbon jazo den azken hilketa matxistak, hainbat iruzkin, kexa eta eztabaida eragin ditu, ohi bezala, eta ohi bezala, arazoaren irtenbideetan  aurrera egiten ez deneko inpresioa egiaztatu da. Egun hauetan horren inguruan entzundakoak, irakurritakoak eta izandako hainbat solasak eragindako gogoetak laburbiltzen saiatuko naiz.

Aspaldian nabil gure espezieari  homo sapiens sapiens izena kendu beharra aldarrikatzen,  eta ez axalkeria akademiko antzuak gustuko ditudalako, benetan gure burua hobeto ulertzeko oso baliagarria izan daitekeelako eta gure arazoak zuzenago bideratzeko eraginkorra izan daitekeelako baizik. Homo sapiens mythicus  gara, gogoetarako kapazak tarteka eta mitoaren menpeko gehienetan.

Hilketa matxisten inguruan gertatzen ari zaiguna dugu, joera honen azkenetako adibidea. Hilketa matxistak ituan ipini ditugun une beretik, egitura teorikoa eraiki dugu horren arrazoiak “ulertzeko”, mitikoki ulertzeko alegia. Beraz “badakigu” hilketa matxistak gertatzen direla gure gizartea heteropariarkala delako, gizon guztiak matxistak direlako eta emakumezkoak haien jabetzapekoak bailiran hartzen dituztelako. Aldez aurretik “jakite” horrek lasaitzen gaitu,-mitoek bete ohi duten funtzioa betez, gertatzen ari dena “ulertzea” ahalbidetzen digulako-, eta gizakiok gure inguruan gertatzen dena ulertzeko beharra dugulako.

Halere, mitoa, gogorako lasaigarri den hein berean, gogoetarako oztopo bihurtu ohi da, galde egitea oztopatzen duelako: Zertarako galderak egin, zertarako ikerbideak zabaldu, arrazoia zein den baldin badakigu? Horrela gertatu da Historian zehar hamaika konturekin eta nago horrela gertatzen ari ote den gaur egun ere. Mitoak guztia ulerbideratzen duen testuinguruan, – erlijio edo ideologia iduripean-, ez dira galderak egiten.

Testuinguru mitikoan, erritualak aurkitzen ditugu ikerketaren ordez. Hilketa matxista guztiek erantzun kamuts bertsua izaten dute:  Talde feministek protesta elkarretaratzeak egiten dituzte kalean, agintariek prentsaurreko “posea” egiten dute haien egoitzen aurrean eta gertatukoaren “ulerbideak” behin eta berriz azpimarratzen dira komunikabideetan, gero eta sendoago sustraituta gera daitezen gu guztion bihotzetan. Zoritxarrez, badirudi planteamendu hau, unean uneko lasaigarri izateaz aparte, ez dela bereziki eraginkorra arazoari irtenbide bat emateko. Eta zenbait forotan irakurri ditudan hainbat proposamenen bidetik ere (greba egin, kaleak hartu,…), funtzio lasaigarria sendotzea baino ez dugu erdietsiko.

Hemen ordea, kontua, eraginkorra izatea da. Nola borrokatu dezakegu arazo larri hau modu eraginkorrean?  Nire irudiko, zalantzarik gabe, jarrera mitikotik aldendu eta jarrera zientifikoari atxikiz, hots, dena dakiguneko ideia baztertu eta galderen bidea hobetsiz. Galderen bidetik biltzen dira datuak eta datuen azterketatik asmatzen dira soluziobide eraginkorrak. Mundu honetan egundaino ezagutu ditudan arazoetatik, batek ere ez zuen sorburu bakarra. Arazo guztiek koxka eta erpin ugari izan ohi dituzte, aldagai anitz.  Hori gutariko edonork daki, sapiens gure lehen deitura ohoratuz, eta gutariko guztiek ahazten dugu egunero, mythicus  bigarren deituraren indarrez.

Nork jarriko du zalantzan indarkeria matxistaren atzean ideologia matxista dagoenik? Nork ukatuko du gizon askok emakumezkoak haien jabetzapeko objektuak bailiran hartzen dituztenik? Inor gutxik, nik esan behar banu. Baina hori egia izanda ere, hilketa matxistak aztertu egin behar dira, beste edozein arazo aztertzen den moduan, azterketarik gabe ez dagoelako eraginkortasunik. Hilketa matxista bakoitza poliedrikoa da eta genero ideologiaz haratago beste hainbat faktorek eragindakoa, zalantzarik gabe.  Eta oso erraza da hori demostratzea: matxista guztiek ez dituzte beren andreak akabatzen. Beraz, gauza gehiago egon behar dira tartean.

Noski, ez ditut arazoa konpontzeko beharko liratekeen erantzunak. Dakidan bekarra da, galdera gehiago egiten hasten bagara, aspektu gehiago aintzat hartzen, alor anitzago aztertzen, eraginkorrago izateko aukerak biderkatu egingo direla. Egun hauetan irakurri eta entzundako hainbat gauza aipatuko ditut adibide gisa, irazean eta inolako aurre-juzkurik eman gabe: Hildako emakumearen herkide senegaldar batek telebistan esan zuenez, beren komunitatean, hamar emakumetik zortzik ohiko tratu txarrak jasotzen ditu gizonaren aldetik. Datu horrek, beste edozein arazoa tratatzerakoan, arrisku-talde bat definitzeko balioko luke eta horren baitan neurri bereziak hartzea eragingo luke. Bestalde, ez dut uste familiaren egoera sozioekonomikoa sistematikoki aztertzen denik honelakoetan, nahiz eta jakina den hainbat egoera dramatikotan izan ohi duen eragina. Honekin lotuta, irakurri dut baita ere dibortzio baten ondorioz deusik gabe eta kalean geratutako hainbat gizonaren kasua…

Buka dezadan berriro azpimarratuz ez dakidala ezer galdera horien balizko erantzunez eta ez dudala aurre-iritzirik, mix horretan faktore bakoitzak eduki dezakeen garrantziaz.  Erantzunak ezagutzen hasten garenean hasiko gara agian horrelako debateetan. Dakidana da, une honetan guztion obligazio nagusia eraginkortasuna erdiestea dela  eta eraginkortasuna erdiesteko, arazo honi, ideologia gandua garbitu, salbuespen estatusa kendu ,eta beste edozein arazo modura tratatu behar dugula. Ezer ez dakienaren apaltasunaz eta koloretako betaurrekoak erantzita behatuz, beldurrik eta taburik gabe galdera guztiak eginez eta datu guztiak bilduz. Bide horretatik etorri baitira egundaino munduan diren aurrerapenak oro.

Feminismoa, ideologia eta eraginkortasuna Feminismoa, ideologia eta eraginkortasuna Feminismoa, ideologia eta eraginkortasuna

8 pentsamendu “Feminismoa, ideologia eta eraginkortasuna”-ri buruz

  • Eraginkortasuna? Azkenaldian albiste izan diren eraso horien erantzuleak atzerritarrak izan dira gehiengo handi batean. Hortxe gako bat. Eta ez gaitezen engaina, salbuespenak-salbuespen euskaldun familietan sortu eta hazi garenok emakumeari errespetua izaten ikasi dugu, eta gizon euskaldunon gehiengoak oso argi du ez ezetz dela.
    Are gehiago esango dut, giroa nola dagoen jakinda, ligatzerako orduan hitzak oso tentuz aukeratzen ditu gazteen gehiengoak, gaur egun oso erraza (eta sozialki txikitzailea) baita erasotzaile gisa salatua izatea, eta errugabetasun printzipioa ez da existitzen feministen presioari esker

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-10-07 19:20

    Baserri giroan bertan ere, mozkortutakoan ama jipoitzen zuenik edota alabarekin jarduten zuenen berri izan dugu eskualde ez handiegi honetan. Datu zehatzak ez dauden artean nork bereari eutsita soka-tiran segituko dugu. Eta dena dakitelako daturik behar ez duten horiek zaku berean sartzen ditut nik, izan bando batekoak ala bestekoak. Ez al zara horietakoa izango!
    .

  • Eta kasu horretan erasoa matxista edo alkoholismoak eragindako erasoa zen?

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-10-08 01:17

    Ez dakit, ohituraren poderioz gero eta mozkor txikiagorekin ere jipoitzen baitzuen azkenean. Zer adjektibo jarriko zenioke? Eta dena den adjektiboa jartzea al da gakoa horrelako egoera baten aurka eraginkorra izateko?

  • Ikusi nahi ez duena baina itsu handiagorik ez dago. (Diruz lagundutako) Hedabideen isiltasuna gorabehera herri txiki honetan denok ezagutzen dugu elkar eta informazioak hegan egiten du. Kasualitatea izango da komeni denean izen-abizenak eta argazkiak haizatzeko hain erreza izanik kasu batzuekin omertaren legea aplikatzen dela?

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-10-08 21:12

    Ados horretan. Omertak eta tabuak datuen ezkutagarri dira eta datuak ezkutatzeak, azterketa eragotzi ez ezik, mitoak eraikitzen laguntzen du baita ere. Era guztietako mitoak.

  • Egun on, Juan Inazio,

    Espainian ikerketa moduko bat abiatu zen iaz. Ez dakit zertan geratu den (nonbait irakurri nuen presioengatik bertan behera geratu zela).

    https://elpais.com/politica/2017/07/08/actualidad/1499533272_517542.html

    https://elpais.com/politica/2017/07/09/actualidad/1499623612_672915.html

    Ondo ibili

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-10-09 10:35

    Gardentasuna ments dugu nabarmen auzi honetan eta gero eta nabarmenago ere, darion mitologia usaina. Atzo eta gaur bertan komunikabide guzietan bolo-bolo dabilen tesiaren kasuan bezala. Ikerketak ez du nonbait egileak nahi zuen apokalipsia erakutsi eta hortxe dabiltza hizkera behartzen eta bihurritzen, ikerketak ematen ez duen goiburua fabrikatu nahian. Eta errematerako, honatx DV egunkariak jaso duen “perla” (ETB1ek ez du aipatu ere egin): ” Linares-ek uko egin zion kopuruak edo ehunekoak zehazteari “mutilek gezur asko esaten dituztelako inkestetan, bai baitakite zer galdetuko diegun eta zer erantzunak espero ditugun””. Nire garaian, tesi bat, hipotesi bat frogen bitartez demostratzeko lana zen. Kasu honetan berriz, badirudi datuek ez dutela frogatu abiapuntuko hipotesia, eta hipotesi hori auzitan jarri eta egokitu beharrean, temari eutsi eta datuak gutxiestea izan dela bidea. Guztiok dugu kasketa bat harrapatzeko eskubidea baina zilegi al zaio unibertsitate bati horrelako jarrera onartzea? Ikuspuntu zientifikotik, aurre-iritziei eustea datuak alfonbrapean ezkutatuz beste batzuen masterren pareko eskandalu bat da. Datuek ez badute zuk nahi duzuna frogatzen, zilegi zaizu tematzea, erantzunak biziatuta daudela uste izatea eta datu horiek zakarrontzira botatzea. Baina ezin duzuna da tesia bukatutzat eman eta bere horretan defendatu. Kasu horretan bazaude, burua nekatu behar duzu, estrategia eta bide berriak asmatzen saiatu behar zara, biltzen dituzun datuak kalitate hobeagokoak, sesgorik gabekoak eta fidagarriagoak izan daitezen, Eta hori eginik datuok arrazoi ematen badiote zure hipotesiari, chapeau! hainbeste zailtasunaren gainetik azkenean zeurea demostratzea lortzeagatik. Baina hainbeste badazpadakoz eta fineziaz bildutako datuok berriro gezurtatzen badute zure hipotesia, adixkidea, bera aldatu beste biderik ez duzu. Zientzia eta eraginkortasunaren esparruan bizi nahi baduzu, jakina. Mitologiaren baitan geratu bahi baduzu, datu gutiak gainezko dituzu. Eta Teologiakoa ez den fakultatean ez zenuke lekurik izan behar.